Bihar Berrian

Ezabatutako odol jario gorriak

Hilekoaren odola erakusten duen konpresen iragarki batek hautsak harrotu ditu Australian. Oro har, kolore urdinak eta usainik eza dira nagusi halako produktuen kanpainetan. Hilekoaren iruditeria jorratuko du bihar ‘Bizigiro’ sailak.

Enara I. Dominguezek margolanak egiten ditu hilekoaren odolarekin, hura ikusgarri egiteko. ENARA I. DOMINGUEZ
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko urriaren 4a
12:38
Entzun

Hilekoa kolore gorriz eta modu errealago batean irudikatu du Libra konpresa markak Australian, Blood normal kanpainan. Zenbait ikusle kexu azaldu dira, desegokia eta desatsegina dela iritzita. Publizitatea erregulatzeko erakundea  kanpainaren alde agertu da. Iragarki bera beste zenbait herrialdetan ere eman dute 2017tik hona; baina, oro har, bestelako iruditeria bat dute hilekoari lotutako produktuen kanpainek: kolore urdina, arropa zuriak, usainik eza, minik eza, buruz behera jarritako emakumeak... Publizitatea eta hilekoa ikergai duten zenbaiten iritziz, iruditeria horrek hilekoa ukatzen du, baita emakumeen gorputzak gutxietsi ere. Ideia horiek aletuko dira bihar Bizigiro-n.

Zinemaren atalean, berriz, Gemini Man filmaren nondik norakoak jasoko ditu Gontzal Agotek. Ang Leek zuzendu du zientzia fikziozko ikus-entzunezko hori, eta Will Smith aktoreak jokatzen du protagonistaren rola.

Gastronomiak ere izango du tartea; hain justu, San Sebastian Gastronomika biltzarra egingo dute Donostian. Etzi hasiko da, eta, hilaren 9ra arte, izango da zer ikusia eta dastatua. 500 urte bete dira aurten Elkanok munduari bira eman ziola, eta hori hartuko dute gaitzat.

Astebururako proposamenen atalean, Lodosako (Nafarroa) Pikillo Piperraren Eguna izango du hizpide Bizigiro-k. Gaur hasi eta igandera arte izango da, eta egitarau oparoaz gozatu ahal izango dute bertara doazenek: azoka, tailerrak, txapelketak eta beste egingo dituzte. Kanbon (Lapurdi), ostera, plater gozo bat izango da protagonista bihar eta etzi: Euskal Bixkotxaren Eguna ospatuko dute. Astizko (Nafarroa) Mendukilo koban ere izango zer ikusia eta entzuna bihar arratsaldean, Iñaki Perurenak bakarrizketa saioa egingo baitu harriari buruz. Azkenik, Ataungo (Gipuzkoa) Lizarrustiko parketxean saguzarrak ikusteko aukera izango da bihar iluntzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.