Politika

Jaurlaritzak eta Euskal Elkargoak lankidetzarako akordio bat sinatu dute

Mugaz gaindiko proiektuak bultzatzeko aukera emango du itunak, esparru hauetan: mugikortasunean, goi mailako irakaskuntzan, prestakuntzan eta ikerketan, ekonomiaren garapenean eta turismoan, nekazaritzan, lurraldearen garapen iraunkorrean, ingurumenean, eta kulturan eta euskaran.

Iñigo Urkullu eta Jean Rene Etxegarai Ajuria Eneako sarreran, akordioa sinatzeko ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Edurne Begiristain.
2019ko urriaren 7a
16:07
Entzun

Mugaz gaindiko elkarlanean aro berria abiatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Elkargoak. Hego eta Ipar Euskal Herriko «lankidetza instituzionala» indartzeko, memorandum bat sinatu dute Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Jean Rene Etxegaraik, Gasteizen, Ajuria Eneko jauregian.  Bi erakunde horien arteko harremanak eta loturak sendotzeko ituna da, eta etorkizunean estrategiak partekatzea ahalbidetuko die bi gobernuei. Hitzarmenak «mugarri» bat ezarriko du Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko harremanetan, Urkulluk nabarmendu duenez. Bi agintariek gaur eguerdian eman dituzte akordioaren xehetasunak, Gasteizen.

Joan den martxoan iragarri zuten bi lehendakariek Elkar Aditze Memorandum bat latzen ari zirela "lankidetza indartua" garatzeko, eta gaur egin dute akordioa sinatzeko ekitaldia. Memorandumak ezartzen duenez, bi gobernuek lankidetzarako aukera berriak aztertuko dituzte, eta proiektuak partekatuko dituzte hainbat esparrutan. Zehazki, eremu hauetan arituko dira elkarrekin: mugikortasunean, goi mailako irakaskuntzan, prestakuntzan eta ikerketan, ekonomiaren garapenean eta turismoan, nekazaritzan, lurraldearen garapen iraunkorrean, ingurumenean, eta kulturan eta euskaran. Sei pertsonak osatutako batzorde bat arduratuko da akordioan ezartzen diren egitasmoak ebaluatzeaz, eta baita lankidetzarako beste aukera batzuk aztertzeaz ere.

Mugaz gaindiko elkarlana aspaldi hasi zuten bi erakundeek, eta, orain, aurrerapauso garrantzitsua eman dute lankidetza esparruan, Urkulluren esanetan. Hark azaldu du Europako Batasuneko erronka globalei aurre egiteko tresna izango dela lankidetza akordioa, baliagarria izango delako, besteak beste, "brexit-aren tamainako erronka bati" eta ekonomia arloan dagoen "ziurgabetasunari" aurre egiteko. "Beharrezkoa da indarrak batzea Europako Batasuneko eremu periferiko gisa geratzeko arriskua gainditzeko".

Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko loturak eta harremanak "sendotzeko" pausotzat jo du Etxegaraik akordioa. "Ikuspegi komun bat eraiki nahi dugu, eta etorkizunerako estrategia partekatuak garatu nahi ditugu", azaldu du.  "Ohoretzat" jo du Eusko Jaurlaritzarekin akordioa sinatzea, eta azpimarratu du lehen aldia dela "Frantziako erakunde batekin" gisa horretako itun bat sinatzen dela.

2023ko Tourra

Urkulluk eta Etxegaraik interes partekatua azaldu dute Frantziako Tourraren inguruan. Bien asmoa da 2023ko Tourra Hego Euskal Herritik abiatzea, eta jada negoziatzen ari dira antolatzaileekin. Elkarrizketak hastapenetan daudela zehaztu du Urkulluk, baina bide onean doazela gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.