Enpresak

Euskaltelen langile batzordeak gaitzetsi egin du Zegonak zuntz sarea saltzeko asmoa agertu izana

Hedatze prozesua finkatu eta zorrak murriztu asmo du Zegonak erabaki horrekin. Sare horren zati bat Jaurlaritzak saldu zion telekomunikazio enpresari 2012an, Patxi Lopez lehendakari zela. Eusko Jaurlaritzak adierazi du "ezer gutxi" egin ahalko lukeela sarea ez saltzeko.

Euskaltelen akziodunen batzarra, apirilean, Derion, Bizkaian. MIGUEL TOñA, EFE
2019ko urriaren 8a
14:02
Entzun

Euskalteleko langile batzordeak gaitzetsi egin du Zegonak Euskaltelen zuntz optikoa saltzeko asmoa agertu izana. Langileak kezkatuta daude neurriak enpresaren "deskapitalizazioa" eragingo duelako. Jesus Blanco batzordeko presidentearen esanetan, "baliabide publikoekin eratutako ondasun batekin ari dira espekulatzen, eta, gainera, langileei eragingo die beste behin". Izan ere, zuntz sare horren zati bat Eusko Jaurlaritzak saldu zion Euskalteli 2012. urtean. Blancok nabarmendu du salmentak enpresaren ahalmena murriztuko duela, eta erakundeei eskatu die baliabide publikoekin finantzatu ziren proiektuak "zaintzeko".

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak adierazi duenez, Euskaltelen sarea saltzeko ideia "ez da berria". Zegonak enpresaren kontrola eskuratu aurrekoa dela ziurtatu du. Azken bi urteetan, "behin baino gehiagotan" aztertu da sarea saltzeko aukera, bozeramailearen esanetan. Erkorekak azaldu du neurri hori ez dagoela Administrazio Kontseiluaren agendan sartzeko "zorian", alegia, "berehala formalizatzeko akordio gisa".

Erkorekak langile batzordearen eskariari ere erantzun dio: nabarmendu du Euskaltel "legezko berme guztiekin eta Eusko Jaurlaritzaren berariazko babesarekin" pribatizatu zela. Beraz, Erkorekaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak "gutxi" egin dezake "jatorrian publikoa zen baina orain jabetza pribatukoa den ondasun bat erreskatatzeko edo haren baldintzak aldatzeko".

Gaur jakin da Zegonak saldu egin nahi duela Euskaltelen zuntz sarea. Erabaki horrekin, hedatze prozesua finantzatzea eta zorrak murriztea du helburu, El Correo-k jakinarazi duenez. Berez, ez litzateke aipagarria erabaki hori, baina bai aintzat hartuz gero Zegonak saldu nahi duen sarearen zati bat Jaurlaritzak duela zazpi urte saldu ziona dela.

2012ra arte, Jaurlaritzak enpresa eta bulegoentzat zabaldutako sarea erabiltzen zuen Euskaltelek, eta, trukean, 3,5 milioi euro ordaintzen zizkion gobernuari. Ordea, enpresa larrian zegoen ordu hartan. Batetik, Orangeri 22 milioi euro ordaindu behar zizkion, haren aurkako auzia galdu ostean; eta, bestetik, bankuen inguruko araudi berria medio, Kutxabankek Euskaltelen zuen akzio kopurua murriztu beharra zeukan, zigorrik jaso nahi ez bazuen.

Egoera horretan, eta sare propiorik gabe, zail zen Euskaltelentzat beste inbertsiogilerik topatzea. Hori dela eta, ordu hartan lehendakari zen Patxi Lopezek Jaurlaritzaren sarea erosteko aukera eskaini zion, 68 milioi euroren truke. Salerosketa berezia izan zen, ez baitzen lehiaketa publikorik egin, baina bai Legebiltzarraren onespena baliatu aurrera egiteko. Parlamentuan sozialista eta jeltzaleek babestu zuten salmenta, baina EAk eta Aralarrek aurka bozkatu zuten.

Gerora, 2015ean, Euskaltel burtsan kotizatzen hasi zenean 1.200 milioi euroko balioarekin, jende ugarik jarri zuten zalantzan hiru urte lehenagoko salerosketa. Orain, Zegonak bere asmoa betetzen badu, argi geratuko da salerosketa hura ez zela oso mesedegarria izan Jaurlaritzarentzat.

Ez da erabaki hori izan enpresak azken asteetan iragarri duen bakarra. Joan den astean iragarri zuten, esate baterako, 2011tik lehendakaritzan izan den Alberto Garcia Erauzkinek ez zuela karguan jarraituko, eta dagoeneko hasia dutela hura ordezkatzeko prozesua. Horretan ere, ordea, Zegona Britainiako funtsaren esku egongo da erabakia.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.