Arrauna

Donostiako Auzitegian ere ezezkoa jaso du Urdaibaik

Ez diote onartu iazko Kontxako Banderan lehiaketa batzordeak ezarri zion zigorraren aurka jarritako helegitea, eta, orain, apelazioa aurkez dezake Gipuzkoako Auzitegian

Zierbenak (ezkerrean) eta Urdaibaik (eskuinean) tupust egin zuten unea, iazko Kontxako lehen estropadan. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
2019ko urriaren 8a
12:59
Entzun

Iazko Kontxako Banderan, Urdaibai lehen igandeko sailkapenean azkeneko lekura bidali zuen estropadako lehiaketa batzordeak, bigarren txandan "epaileek ababorrera joateko egindako eskariei uko egin eta, ondorioz, Zierbenako arraunekin talka egin, eta abordatzea eragiteagatik". Hamabost segundo ere gehitu zizkion, gainera, eta zigorra handitu. Bigarren igandean bandera irabazteko batere aukerarik gabe geratu zen Bermeoko taldea. Gero, hamabost segundoko zigorra kendu egin zitzaion. 

Horren aurka, Urdaibaik helegitea aurkeztu zuen Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, eta orain heldu da erantzuna: atzera bota diote helegitea. "Ezin dugu egindako jardueren balorazioen lan teknikoa ordezkatu, ez eta ezarritako parametroak berrikusi ere", adierazi du epaiak. Gainera, garbi utzi du "epaileek hartutako erabakia haiei ematen zaien ahalmenaren baitan" dagoela, eta "epaileen jarduna estropadaren araudiaren baitako arbitraje lana izan" zela. Azkenik, epaiak dio zigorra ezin dela "aldatu, kirol jardueraren barruan gertatu zelako". 

Dena dela, epaia ez da behin betikoa, eta Urdaibaik aukera dauka apelazioa jartzeko Gipuzkoako Auzitegian. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.