Iazko Kontxako Banderan, Urdaibai lehen igandeko sailkapenean azkeneko lekura bidali zuen estropadako lehiaketa batzordeak, bigarren txandan "epaileek ababorrera joateko egindako eskariei uko egin eta, ondorioz, Zierbenako arraunekin talka egin, eta abordatzea eragiteagatik". Hamabost segundo ere gehitu zizkion, gainera, eta zigorra handitu. Bigarren igandean bandera irabazteko batere aukerarik gabe geratu zen Bermeoko taldea. Gero, hamabost segundoko zigorra kendu egin zitzaion.
Horren aurka, Urdaibaik helegitea aurkeztu zuen Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, eta orain heldu da erantzuna: atzera bota diote helegitea. "Ezin dugu egindako jardueren balorazioen lan teknikoa ordezkatu, ez eta ezarritako parametroak berrikusi ere", adierazi du epaiak. Gainera, garbi utzi du "epaileek hartutako erabakia haiei ematen zaien ahalmenaren baitan" dagoela, eta "epaileen jarduna estropadaren araudiaren baitako arbitraje lana izan" zela. Azkenik, epaiak dio zigorra ezin dela "aldatu, kirol jardueraren barruan gertatu zelako".
Dena dela, epaia ez da behin betikoa, eta Urdaibaik aukera dauka apelazioa jartzeko Gipuzkoako Auzitegian.