1980ko hamarkadako urteetan kokatu du Susmaezinak bere azkeneko nobela Itxaro Bordak (Baiona, 1959); garai hartako hemerotekek berunezko urte gisa definitu izan duten garaian, hain zuzen. Iheslariek aterpea bilatzen dute Ipar Euskal Herrian, baina badira iparraldeko militanteak ere erakunde armatuan, baita komando aktiboetan ere. Bordak komando horietako bateko (Erauntsi) lau kideak bihurtu ditu eleberriko protagonista; ez bakarrak, baina, nobelako protagonista baitira, era berean, komandoaren ekintzek eragindako biktimak eta haien senideak ere. Bordak gaur aurkeztu du liburua, Donostian, Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko editoreak lagunduta.
"Gure istorio propioarekin distantzia bat hartu behar dugu". Bordak berak ahalegin hori egin du eleberrian, gatazkaren ertz ezberdinak jaso nahian. Hain zuzen ere, alde bateko zein besteko pertsonaien larruan sartu da. "Agian, gauza berria izan daiteke, euskaraz, biktima horien, gutarrak ez diren biktima horien larruan sartzea". Bordarentzat ere, ez da erraza izan ariketa hori. "Erraza izan daiteke ETAko kide baten edo GALek erail duen pertsona baten familiako kide baten buruan sartzea, eta horren ikuspuntutik gertakariak kontatzea. Baina, oraindik zaila da guardia zibil erail baten amaren larruan jartzea".
Liburua 25 ataletan dago banatua, eta lehenengoa eta azkena dira narratzailearen ahotsa erakusten duten bakarrak. Lehen pertsonan idatziak daudenak. "Bi atal horiek erakusten dute nobela hau nola idatzia izan den". Gainerako atalak, ordea, nortasunik ez duen narratzaile batek kontatuak daude, hirugarren pertsonan, eta akzioa dute ardatz. "Narratzaileak bere ikusmoldea eman gabe jasotzen du istorioa, eta hori ere ez da erraza". Horri lotuta, Bordak Amaia Ezpeldoi protagonista duten eleberriekin alderatu du Susmaezinak. "Amaia Ezpeldoiren lanetan, narratzailea lehen pertsonan ari da, eta bere ikusmoldea agertzen du etengabe".
Estilo aldetik, ahalik eta garbiena eta soilena idazten ahalegindu da Borda, artifiziorik edo hornidurarik gabe. "Ene hiztegia ere gutxienekora eraman dut. Batzuetan hotza izan daiteke, eta estilo aldetik eskasa, baina hori izan da nire nahikundeetariko bat. Nolanahi ere, bere lanekin eraikiz joan den "literatur egoitzari" ekarpena egiten dion "harria" da Susmaezinak, Bordaren iritziz.