Literatura

Olga Tokarczuk eta Peter Handke idazleek jaso dituzte Literatura Nobel sariak

2018ko saria jaso du idazle poloniarrak, eta 2019koa jaso du austriarrak. Bederatzina milioi euro jasoko du bakoitzak, eta biek baieztatu dute abenduan egiten den sari banaketan egongo direla.

Peter Handke idazle austriarra
Peter Handke idazle austriarra Dragan Tatic

Iñigo Astiz -

2019ko urriak 10

Gaur jakinarazi dituzte 2018ko eta 2019ko Literatura Nobel sariak. Olga Torkarczuk idazleak jaso du iazkoa, eta Peter Handke idazle austriarrak aurtengoa. Akademia bi autoreekin harremanetan jarria da jadanik, eta biek baieztatu dute beren presentzia abenduan egingo den sari banaketa ofizialean. Tokarczuken kasuan, idazle horrek daukan "irudimen narratiboa" txalotu dute akademiako kideek, eta haren "pasio entziklopedikoa" ere aitortu dute, hots, "mugak gurutzatzea bizimodu bilakatzekoa". Handkeri, berriz, "giza esperientziaren espezifikotasuna eta periferia argitasun linguistikoz esploratzen dituen eragin handiko lanagatik" eman diote saria. Bederatzina milioi euro jasoko du bakoitzak.

Aurrez ere aipatzen zuten Tokarczuken izena sarirako kinieletan, baina ez zegoen gehien entzuten zen izenen artean. 1993an argitaratu zuen bere lehen liburua, eta I. Mundu Gerran abiatzen den familia saga bati eskainitako lanek egin dute ezagun literatura munduan. Poloniako zehaztu gabeko gune batean kokatzen du kontakizuna idazleak, eta 1989ra arte egiten dio jarraipena sendiari. Idazlearen "mikroepika" nabarmendu dute. Migrazioa eta kultura trantsizioak ditu bere lanaren ardatz nagusietako bat, eta ingelesez Flights izenburuarekin itzulitako lana jarri dute horren frogatzat. Haren testuek "zirtoa" dutela ere txalotu dute epaimahaiko kideek, bai eta haren azken lana goraipatu ere. XVIII. mendean bere burua profetatzat aurkeztu zuen Jacob Frank judu lituaniarrari eskainitako nobela historikoa da idatzi duen azken liburua, eta haren kalitatea aipatu dute.

Ozenago entzuten zen Handkeren izena sarigaien artean. Aspalditik dabil hautagaien artean, eta orain saritu du akademiak. Austrian jaio zen, 1942an, eta alemanez egin du bere literatura ibilbidea. 60ko hamarkada amaieran hasi zen liburuak argitaratzen, eta geroztik izan duen eragina nabarmendu du akademiak saria emateko ekitaldian. Eleberriak, antzezlanak eta literatura oharrak idatzi ditu, baina zinemagintzan ere aritu dela izan dute gogoan Nobel sarien epaimahaiko kideek; besteak beste, berak idatzi baitzion gidoia Der himmel über Berlin (Berlin gaineko zerua) film ezagunari, Wim Wendersekin batera. Idazleak 1971n bere amaren suizidioari buruz idatzitako liburua aipatu dute haren ibilbideko mugarrien artean, eta azken urteetako lanak ere txalotu dizkiote.

Egileak hasieratik izan du polemikarako joera. Haren lehen antzerki lan abangoardistek, esaterako, zalaparta piztu zuten sasoi hartako giro intelektualetan, eta, 90eko hamarkadan, berriz ere polemika iturri izan zen Balkanetako gerran Serbiaren aldeko jarrera hartu zuela eta. Ia hiru hamarkada daramatza Paris hego-ekialdeko herri batean bizitzen, eta, hain zuzen ere, azken urteetako obretan Picardy inguruko bizitzari eta paisaiari idatzitakoa nabarmendu nahi izan dute akademiako kideek.

Ez dago idazleen lanik euskaraz oraindik. Handkeren kasuan, testu labur bat bakarrik biltzen du Euskarari ekarria atariak.

Zergatik bi saritu?

Akademiak bertan behera utzi zuen iaz Literatura Nobel saria. Hautsak harrotu zituzten akademiaren oso gertuko zen Jean Claude Arnaulten aurkako sexu abusuen salaketek, eta dimisio soka luzea ekarri zuten literatura batzordean. Katarina Frostensonen senarra zen Arnault, eta akademiak egindako ikerketak azalera ekarri zuen, halaber, sariaren irabazlearen izenaren konfidentzialtasuna behin baino gehiagotan urratu zutela. Krisia ikusirik, etena egitea erabaki zuten. Estatutuen eta hautaketa sistemaren erreforma bat jarri zuen abian akademiak orduan, eta iazko saria aurten ematea deliberatu zuten. Horregatik, beraz, aurtengo bi sariena. Bata 2018. urteari dagokiona delako, eta bestea aurtengoari emandakoa.

Berritu egin dituzte akademiako kideak eta hautaketa moduak, eta, orain, lau bide ditu idazle batek hautagai bilakatzeko. Edo bat: Suediako akademiako kide batek edo haren pareko kontsiderazioa duen beste erakunde bateko kide batek izendatuta. Edo bi: Unibertsitateko literatura eta hizkuntza alorretako irakasleek aurkeztuta. Edo hiru: Aurrez Nobel saria jaso duen idazle batek gomendatuta. Edo lau: Herrialde bakoitzeko letren ordezkariek proposatuta. Urtarrilerako mahai gainean izan behar ditu akademiak proposamen horiek guztiak, eta bederatzi kideko aditu mahai baten lana da 200 autore ingurukoa izan ohi den zerrenda hori murriztuz joatea. Apirilerako bost izen izaten dituzte esku artean, eta akademiako kide guztien esku geratzen da abuztura arte erabateko konfidentzialtasunez autore horietako bakoitza sakon aztertzea. Irailean hasten dira eztabaidak berriz, eta hala heltzen dira udazkenean saritua izendatzera.

 

Gizon mendebaldar ingelesdunak

Zor historikoak ere baditu akademiak. 1901ean saria sortu zenetik 114 egile saritu ditu, guztira, eta haietariko 14 dira emakumezkoak. Bestalde, Europa edo Ipar Amerikakoak dira saritutako idazleen %80, eta, gainerako hizkuntzekin alderatuz gero, gehiengo argia dira ingelesez idatzi duten idazleak: 29. Frantsesez idazten duten 14 idazle, alemanez idazten duten 14 eta gazteleraz idazten duten 11 ere badaude. Hizkuntza gutxituetan idazten duten egile gutxi batzuk ere saritu dituzte inoiz, eta Frederic Mistral okzitaniarra da haien artean ezagunena. 1904an jaso zuen saria, Jose Etxegarai madrildarrarekin partekatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna