Muga zergak

Jaurlaritzak bi milioi euro gehiago jarriko ditu ardogintza laguntzeko

Bertako ardoek AEBetan eta beste merkatuetan duten presentzia indartu behar dutela uste du Arantxa Tapiak.

Arantxa Tapia sailburua mahastizaintzako eta ardogintzako ordezkariekin, gaur egindako bileran. JUANAN RUIZ / FOKU
Irune Lasa.
2019ko urriaren 10a
20:31
Entzun

Ez dago itxaropen handirik. Urriaren 18an, jarriko dira indarrean AEBk Europako hainbat esportaziori iragarritako muga zergak, eta horien artean datoz euskal ardoen esportazioentzako %25eko igoerak. Mehatxua ezerezean uzteko aukera bakanak datorren asterako hitzartu diren azken orduko negoziazioetan daude, eta batez ere, urriaren 14an Genevan (Suitza), Munduko Merkataritza Erakundearen egoitzan bi aldeek, AEBeketa Europako Batasunak duten hitzorduan.

«Itxaron dezagun, ikusiko dugu zer gertatzen den datorren astean. Ez gaitezen hausnarren ibili», esan du gaur Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak, hain zuzen, muga zergei buruz mahastizaintzaren eta ardogintzaren alorreko ordezkariekin bilera egin ostean.

Muga zergak izan edo ez izan, «zailtasun garaian» laguntza gehiago emango diela esan die Tapiak ardogileei. Besteak beste, bi milioi euro gehiago jarriko ditu Jaurlaritzak, Europatik datozen merkaturatze eta nazioartekotze OCM laguntzak —4,5 milioi euro— jasotzen ez dituzten upategientzako. Ardoa inbertsioak deituriko programa jada onartu du Gobernu Kontseiluak eta asteartean argitaratuko da aldizkari ofizialean.

AEB eta beste merkatuak

Arabako Errioxako ardoek eta txakolinek merkatuetan duten presentzia areagotu eta hedatu behar dutela uste du sailburuak, AEBetako merkatutik bertatik hasita. «Sektorearekin ados gaude, ez dela AEBetako merkatu utzi behar; aldiz, han gure ardoen presentzia areagotu egin behar dela».

Horretarako, adibidez, Arabako Errioxako ardoak sartuko dira Caprice programan, zeinetan dauden txakolineko hiru sor markak, eta AEBetako eta Japoniako merkatuak dituen helburu. Merkatu gehiagoren bila beste hainbat ekintza gehiago iragarri dizkio sektoreari Tapiak. Hala, bertako ardoek tokiko merkatuan leku gehiago izateko elkarlanak bultzatuko ditu, adibidez, ostalaritza sektorearekin. Era berean, misioak ugaldu egingo ditu Jaurlaritzak, bai atzerriko azoketara joz, bai inportatzaileak ekarriz.

Ardoa Basque Wine Office bulegoaren sorrera ere iragarri zuen atzo sailburuak, upategiei kudeaketan, berrikuntzan, eta nazioartekotzean laguntzeko xedea izango duena, eta Hazi fundaziotik zabalduko dena. Behatoki bat ere izango du bulegoak.

Nafarroako ardogintza

AEBetako muga zergak bai, baina brexit-arekin etor daitezkeen kalteak are kezkagarriagoak dira ardogintzarentzat eta nekazaritzako beste alor batzuentzat ere. Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Nekazaritza Garapeneko kontseilariak gaur parlamentuan azaldu duenez, brexitak 186 milioi euroko kaltea eragingo die herrialdeko elikagai industriako esportatzaileei.

Kopuru horri orain AEBen muga zergak gehitu zaizkie. Foru Gobernuaren arabera, ardogintzak nozituko du eragin handiena elikagai industrian, eta 4,5 milioi euroko kalteak izango ditu. Fruitu eta barazki zukuen esportazioek ere 1,8 milioi euroko kolpea jasango dute, eta milioi erdi eurona oliogintzak eta gaztagintzak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.