Auzipetuen erreakzioak

Madrilekin ados ez dauden guztien aurkako epaia dela salatu dute presoen senideek

 

Iosu Alberdi -

2019ko urriak 14

Sare sozialetatik eta hedabideetatik iristen hasi dira buruzagi politikoen lehen erreakzioak. ERCko militantziari zuzenduta gutun batean, Generalitateko presidenteorde kargugabetu Oriol Junquerasek adierazi du gaur independentzia "inoiz baino beharrezkoagoa dela gizarte askeago, justuago eta demokratikoago batean bizi ahal izateko". Junquerasen esanetan, euren aurkako epaiarekin, "askatasunaren alde borrokan diharduen katalanen belaunaldi oso batekin" amaitu nahi izan dute. Halere, borrokan jarraitzeko asmoa adierazi du presidenteorde kargugabetuak: "Inoiz baino indartsuago eta konbentzituago itzuliko gara. Eskerrik asko denoi eta eutsi, guk beti eutsiko diogulako".

Presoen senideek ere agerraldia egin dute Bartzelonan eta adostutako tesu bat irakurri dute. Idatzian salatu dute adierazpen eta biltzeko eskubideen aurkakoa dela zigorra dela ebatzi dutena, eta horrek gizarte osoari eragiten diola, bakoitzaren ideologia edozein dela ere. "Ez da preso dauden buruzagien aurkako erabakia soilik, ildo nagusiekin ados ez dagoen edonoren aurkakoa ere bada".

Twitter erabili dute preso diren buruzagi independentistek epaiaren aurkako mezuak zabaltzeko. “Epaiaren aurreko erantzuna, berriz egitea. Berriro egingo dugu. Amnistia, demokrazia eta autodeterminazioa", adierazi du Jordi Cuixartek bere Twitter kontuan. Omniumek sare sozialetan zabaldu duen audio batean ere entzun daiteke Cuixartek espetxean grabatutako mezua, kartzelan dauden buruzagi independentistak "indartsu" eta "elkartuta" daudela adierazten duena.

Cuixartek defendatu du Kataluniako herriak autodeterminaziorako eskubidea duela, eta kartzela eta errepresioa ez direla  porrotaren adierazpena: "Baizik eta urrats bat gehiago gaur larriki zigortuak izan diren eskubideak gauzatzeko bidean". "Duintasun tsunami bat" eratzera deitu du, "lasaitasunetik" eta "indarkeriarik gabeko borroka" moldeak erabiliz, baina baita "munduko irmotasun guztiarekin ere".

"Bidegabekeria bete da", Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetuaren esanetan. Sare sozialen bidez, berretsi du eztabaida parlamentarioak ez direla delitu: "Eskubide bat da egitea, eta betebehar bat defendatzea". Demokraziarentzat "egun iluna" da gaurkoa Forcadellen ustez, baina nabarmendu du ezin duela ezkortasunak garaitu.

Kontseilari espetxeratu batzuek ere sare sozialak erabili dituzte euren mezuak zabaltzeko. Josep Rullek gogoratu du "ideiak epaitu" dituztela, eta 2017ko urriaren 1ean bozkatu zuten 2,5 milioi herritar katalanak "zigortu" dituztela epaiarekin: "Egitateak epaitu bazituzten, aske utziko gintuzten. Ideiak epaitu dituztenez, zigortu egin gaituzte. Gu zigortzen, XXI. mendeko Europak ezagutu duen demokrazia ariketa ikaragarrienetako batean, urriren 1ean bozkatzera joan ziren 2,5 milioi kataluniar zigortu dituzte". Raul Romevak ere "mugimendu oso bat" zigortu nahi izana salatu du: "Gaur, preso politikoak erabili gaituzte arazo politikoak kroniko egiteko". Halere, epaileak "oker" daudela nabarmendu du Generalitateko Atzerri kontseilari kargugabetuak: "Espetxe bidegabe hau tresna politiko bat da, herritarren sendotasunari gehituta, are gehiago bultzako gaituena eskubide kolektiboen aldeko borrokan".

Zuzena eta laburra izan da Jordi Turullek sare sozialen bidez bidalitako mezua. "Gora Katalunia Aske!", txiokatu du. Zuzena Jordi Sanchezen mezua ere, lanean jarraituz gero Katalunia independentea izango dela nabarmenduta. "Biolentziarik gabe" manifestatzeko deia egin du ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak, eta eskerrak eman dizkie herritarrei, indartsu jarraitzeagatik. "Irabaziko dugu!", esaldiarekin amaitu du.

Epaian zentratu du mezua Carles Mundok, "politika gehiago eta Zigor Kode gutxiago" eskatuz. Mundo desobedientzia delituagatik kondenatu dute, baina ez da espetxean sartuko. Halere, bere gobernukide ohien aurkako epaia kritikatu du: "13 eta 9 urte arteko espetxe zigorrak sedizioagatik, ez denean biolentziarik egon, eta diru publikoaren erabilera bidegabea ez denean gasturik izan, injustizia sakon eta mingarria dira". Epaia Espainiako historian "akats larri" gisa geratuko den zerbait dela ere nabarmendu du. Meritxell Borrasek ere epaia salatu du, eta "konponbide politikoa" behar dela azpimarratu. Catalunya Radio irrati katean eginiko adierazpenetan sedizio deliturik egon izana ezeztatu du kontseilari kargugabetuak: "Asko jota nirea bezalakoa, desobedientzia, baina ez gehiago". Bestalde, epaia komunikabideen bidez ezagutu izana gaitzetsi du: "Ez da estatu serio batek funtzionatzeko duen era".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna