HEZKUNTZA

Kristau Eskolan hilabeteko greba antolatu dute sindikatuek

Negoziazioek ez dute aurrerabiderik, eta protestetan salto handia iragarri dute ELAk, LABek, Steilasek eta CCOOk: azaroaren 7tik abenduaren 5era deitu dute grebara. 100.000 ikasle ingururi eragin diezaieke lanuzteak.

Kristau Eskolako gatazkaren harira egindako manifestazio bat. MONIKA DEL VALLE, FOKU
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko urriaren 15a
14:28
Entzun

Mahaian kolpea jo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe erlijiosoetako sindikatuek: orain arteko mobilizazioak gogortu egingo dituzte, eta hilabeteko grebara deitu dute. Aurreko ikasturtea ere gatazka betean egin zuten Kristau Eskola sareko ikastetxeetan, 24 greba egunekin. Ezerezean dago negoziazio bidea oraingoz: lan itun berria eskatzen dute sindikatuek, urteetan sinatu gabe dagoena, eta Kristau Eskolak dio ez daukala baliabiderik haien eskariei erantzuteko. Hamar urte dira azken ituna sinatu zutela.

Hilabeteko greba deialdia ELAk, LABek, Steilasek eta CCOOk egin dute. Aurreko protestetan UGT ere izan dute bidelagun, baina azken hilabeteetan atera egin da batasun sindikaletik. Nolanahi ere, protestara deitu duten sindikatuek gehiengo handi-handia dute; negoziazio mahaiaren %97 dira. Azaroaren 7an hasiko lukete greba, eta abenduaren 5ean amaituko. Eta aurreratu dute akordiorik ezean greba luzatu egin daitekeela.

Grebak eragin handia izan dezake familietan: 100.000 ikasle inguru dabiltza grebara deitutako ikastetxeetan. Guraso elkarteak kexu agertu dira aurreko grebekin, eta uste izatekoa da hilabeteko greba deialdia are gogorrago hartuko dutela. Sindikatuak horren jakitun dira, eta familiei bilera eskatu diete: “Familien ardura ulertzen dugu, eta, pasa den astean, egoera azaltzeko bilera bat egiteko deia egin genien”.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du gatazkan esku hartu orain arte, Kristau Eskolaren eta sindikatuen arteko arazoa delakoan. Sindikatuek, ordea, uste dute ardura partekatua dela, patronalaren eta gobernuaren “arduragabekeria eta immobilismoa” salatu dute.

Ez atzera, ez aurrera

Gatazka ez da berria, eta azken hilabeteetan kale itsuan sartu da negoziazioa. Sindikatuek azaldu dute azken negoziazio mahaia ekainaren 13an izan zela, eta ordutik ez dutela bestelako deialdirik jaso. Sindikatuen esanetan, patronalak aurreratu zien beste bilera batera deituko zuela uztailean, baina ez dute deialdirik jaso. Horregatik, uste dute akordioa lortzeko “bide bakarra” greba deialdi gogorragoa egitea dela.

Azken mobilizaziotik bost hilabete igaro dira —maiatzaren 9an izan zen—, eta salatu dute ordutik ez dela inolako “aurrerapausorik” eman. Azken negoziazio mahaian, ekainekoan, proposamen bat aurkeztu zuen Kristau Eskolak, baina sindikatuek salatu dute lehenagokoen “berdina” zela.

Zehaztapen falta

Enpleguari, soldatari eta irakasleen lan kargari dagozkion puntuetan nabari dituzte sindikatuek “desadostasun nagusiak”. Matrikulazioaren beherakada dela medio lanposturik gabe geratuko diren langileentzat beste postu bat bermatzea, soldatetan erosahalmena berreskuratzea, Bigarren Hezkuntzako irakasleen soldatak parekatzea, Lanbide Heziketen lanaldiaren banaketa adostea, irakasleek eskola orduetatik kanpo egiten dituzten ordu osagarriak aitortzea, eta sektore feminizatuen lan baldintzak hobetzea. Horiek dira sindikatuen aldarrikapen nagusiak. Patronalak eskari horiei buruzko proposamen batzuk egin ditu azken hilabeteetan —besteak beste, langileen birkokatzeak eta soldatak—, baina sindikatuek diote neurri zehatzik ez dagoela. “Hutsik” dagoela eskaintza.

Sindikatuak eurak mugitzen ari direla esan du ELAko ordezkari MIren Zubizarretak, eta “eskari neurtuak” ari direla egiten. “Soldaten %9,8ko igoera eskatzen genuen hasieran, gerora %6ra jaitsi genuen eskaera, eta, gaur-gaurkoz, prest gaude 3 puntuko igoerarekin akordioa ixteko”.

Hain justu, finantzaketari dagokionez, Kristau Eskolak dio ez daukala baliabiderik langileen aldarrikapenei erantzuteko, eta Jaurlaritzari eskatu dio finantzaketa areagotzeko. Hilabeteko greba deialdiari buruz iritzia eskatuta, Kristau Eskolako iturriek BERRIAri adierazi diote egoera aztertzen ari direla. Eusko Jaurlaritzak kritikatu egin du sindikatuen jokabidea: “gehiegizkotzat” jo du hilabeteko greba, eta familiei egingo dien kalteaz ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.