Ekonomia

Teknologia berrien eraginez, egungo enpleguaren bosten bat arriskuan egon liteke

Orkestra lehiakortasun institutuak egin duen txostenaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpleguarentzako arriskuak eta erronkak ekar ditzake lanpostuen automatizazioak. Izan ere, gero eta lan kualifikatu gehiago eskatuko dute enpresek.

jarraia172458.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko urriaren 15a
14:46
Entzun

Une honetako testuinguruaren irakurketa egin ondoren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etorkizuneko enpleguaren eta enpresen lehiakortasunaren inguruko analisia egin du Orkestra institutuak. Eta datu adierazgarri bat utzi erakutsi du: une honetako enpleguaren bosten bat desagertzeko arriskuan egon liteke teknologia berrien eraginez. Horrek berekin ekarriko du lanpostuak galtzeko arriskua, baina baita egun ez dauden beharrak sortzea ere. Hori esan ondoren argitu du Mikel Navarro Orkestrako ikerlariak “automatizazioak ez duela orain arte enpleguaren kantitatean eragin, baina bai kalitatean”. Lanpostuen baldintzak kaskartzen ari direla esan du, behin-behinekotasuna eta jardunaldi partzialak areagotzen ari direla, eta enpresei eskaera egin die “enpleguan gehiago inbertitu dezaten”.

Horrekin batera, gehiegizko kualifikazioaren inguruko kezka ere azaldu du txostenak. Bere lanposturako behar baino kualifikazio handiagoa duten beharginak badaudela esan du Orkestrak, eta horrek ondorio ugari dituela dio Navarrok: “Pertsonentzat, gastuak eta frustrazioa eragiten ditu; enpresetan, errotazioak sortzen ditu; eta sistemak baliabide asko erabiltzen ditu”. Hala ere, argi utzi du ez dutela proposatzen ikasketetarako sarbidea mugatzea, “kualifikazioa ona baita, baina hezkuntza politikak eta industrialak bat egin beharra daukate”.

Izan ere, aurreikuspenak beteko balira, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erdi bideko kualifikazioa behar duten lanpostuen zenbatekoa %46,7tik %51,7ra igaroko litzateke 2018. eta 2030. urteen artean, eta goi kualifikazioa behar dutenena, %33,9tik %32,2ra. Horregatik aipatu du institutuak hezkuntza sistemaren eta industriaren beharrek bat egin beharko dutela. Eta horrek zentzu handiagoa hartuko luke etorkizuneko automatizazioarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.