mobilizazioak euskal herrian

Ertzaintza oldartu egin zaie Sabino Arana kalea ixten ari zirenei

Ernaik eserialdiak egin ditu goizean Donostian, Bilbon eta Gasteizen, eta horietan ere hainbat lagun identifikatu dituzte; tartean, BERRIAko bideogile bat eta kazetari bat.

Berria -

2019ko urriak 18

Tentsio handia izan da gaur arratsaldean Bilbon, Sabino Arana etorbideko sarbidean. Hainbat lagunek bidea trabatu dute Kataluniako mobilizazioekiko elkartasunez, eta Ertzaintzak indarrez atera ditu handik. Ertzainek hainbat lagun atxiki dituzte identifikatzeko, eta borrak eta foam balak erabili dituzte.

Arratsaldeko bost eta erdietan elkartu dira San Mames inguruan ehunka lagun, sare sozialen bidez zabaldu den deialdi batekin bat eginez. Bilborako sarbide garrantzitsu hori ordubetez ixtea zuten helburu, eta baita lortu ere. 18:45ean zabaldu dute ertzainek.

Elkartu eta berehala itxi dute bidea protestari hasiera emateko, eta handik gutxira iritsi dira ertzainak. Manifestariak eseri egin dira, eta Ertzaintza han zeudenak identifikatzen hasi da, lurrean osatzen zuten harresitik indarrez aterata. Hala egin dute hainbat lagunekin, eta beste batekin ari zirenean lehertu da tentsioa, eta, borrez gain, eskopetak ere baliatu dituzte ertzainek (bideo honetan entzun daitezke tiroak).

Ertzaintzaren oldarraldiak gero eta bortitzagoak izan dira, Gotzon Hermosilla BERRIAko kazetariak azaldu duenez. Hala zeudela, furgoneta gehiago iritsi dira protestara, eta, azkenean, hasi eta ordu eta laurdenera lortu dute ertzainek manifestariak handik atera eta errepidea irekitzea. Protesta egiten ari zirenak manifestazioan joan dira, hainbat lelo errepikatuz.

Goizean ere izan da tentsioa ertzainen eta Kataluniarekiko elkartasunez protesta egiten ari zirenen artean. Ernaik deituta, hainbat gazte elkartu dira Donostiako epaitegiaren eta Bilboko La Caixaren egoitza nagusien aurrean, Kataluniari elkartasuna adierazteko. Estatu espainola estatu terrorista, Katalunia aurrera eta Independentzia leloak oihukatu dituzte.

Ekintza hasi eta gutxira, Ertzaintzaren hainbat furgoneta joan dira La Caixaren egoitzaren parera. Gazteak banan-banan identifikatu eta arakatu dituzte poliziek, eta egoitzatik kanporatu.

Donostian, gazteak ordu laurden inguruan egon dira eserita, eta inoren indarkeriarik gabe altxatu dira. Haietako bat identifikatu egin dute, eta zigorra jarriko diotela jakinarazi diote. Horrez gain, BERRIAko kazetari bat eta bideogile bat identifikatu dituzte, argazkiak eta bideoak egiteagatik.

Gasteizen ere, La Caixaren eraikinaren aurrean egin dute eserialdia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna