Nafarroa Oinez

Euskararen jaia Erriberan

Goizeko hamarretan puntuan hasi dute aurtengo Nafarroa Oinez, Izan argi lelopean. Tuterako Argia ikastolan egiten duten laugarren aldia da honako hau.

Arantxa Elizegi Egilegor -

2019ko urriak 20

Hiru kilometro pasatxoko ibilbidea osatu dute, eta lau gunek osatuko dute: argia, etorkizuna, aniztasuna eta alaitasuna. Iaz hasitako bideari jarraituz, besta inklusiboa izateko ahalegina egin dute antolatzaileek. 1.500 boluntario baino gehiago ibiliko dira lanean egun osoan.

Azken aste eta egunetan ibilbidea prestatzen eta azken ukituak ematen aritu ostean, goizeko hamarretan puntuan hasi dute jaia, Argia ikastolako hainbat ikasleen dantza saio batekin.



Erriberan euskararen normalizazioaren alde lanean jarraitu ahal izatea. Hori da antolatzaileen helburua, eta asmo horrekin gogorarazi diete jaialdira joaterik ez dutenek aukera dutela Oinez Basoko zuhaitz bat erosiz diruz laguntzeko.

"Egun garrantzitsua da gaurkoa Euskal Herri osoko euskaldun eta euskaltzaleentzat", nabarmendu du Mikel Arregik, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak, eta nabarmendu du Erriberak argi utzi duela euskararekiko urrats sendoak egin daitezkeela. "Bidea ez da erraza, baina denok argi eduki behar dugu bidea lan egitea eta zertan ari garen ondo azaltzea dela".

Tuterara bertara biltzen direnek, berriz, izango dute aukerarik orotariko ekitaldiez gozatzeko. Besteak beste, kontzertuak, herri kirolak, tailerrak, haurrentzako jolasak eta ikastolen arteko erronka ere prestatu dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna