Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Mugako zaparrada, lehertzera heldu gabe

Agin Laburu nagusitu zen atzo, Irungo kanporaketan.

Manex Mantxola Urrate.
2019ko urriaren 21a
09:53
Entzun

Andoaingo saioaren mailara heldu ez bada ere, maila handikoa izan da Irungo kanporaketa. Agin Laburuk, sekulako tartearekin, bildu ditu puntu gehien (495) Irungo saioan, eta zuzenean lortu du finalerdietarako sailkatzea. Haren atzetik, Beñat Lizaso Alberdi (455’5), Haritz Mujika Lasa (455,5), Unai Gaztelumendi Arandia (451,5), Iñigo Izagirre Urteaga (445,5) eta Maider Arregi Markuleta (425,5) sailkatu dira, eta gainontzeko saioak amaitu arte itxaron beharko dute hurrengo fasean kantatuko dutenetz jakiteko.

Zortziko handiarekin ekin diote bertsolariek saio puntuagarriari. Elkarrizketa politak osatu dituzte, entzun eta erantzunezkoak, distiratsuak tarteka, baina saioa biribiltzera heldu gabe. Lizaso eta Arregi dotore aritu dira oinordekotzan jasotako gurasoen etxearen alokairuarekin zer egin solasean.

Zortziko txikian joan da ale ederrik. Esaterako, honako ateraldi hau bota dio Mujikak Izagirreri haren ezkontzan bazkariarekin goseak geratu dela-eta kexuka: “Otarrainxka, almeja onak dira berez / txupatu asko egin det baino jan batere ez!”. Hala ere, Arregiren eta Gaztelumendiren artekoa izan da ariketako saiorik borobilena eta, bide batez, umoretsuena. Parrandatik bueltan giltzarik gabe zegoela eta, etxeko leihotik sartzen saiatzen ari zela atera zaio Arregiri Gaztelumendi bizilaguna leihora. “Parrandatikan bueltan hori da sasoia / laugarrengo pisuan hor jo dezu goia / jo neska hartu dezu kixton subidoia!”, bota dio Gaztelumendik eta “subidoia dudala bota didazu zuk / bajoia ez etortzea, hori espero dut!” erantzun besteak.

Seiko motzean seiak aritu dira fin. Bat hautatze aldera, Mujika eta Laburuk osatua, amak sare sozialetan kontua irekitzeko laguntza eskatu dieten bi anaiaren rolean. Ezaugarriak erantsiz bertsoaldiari eta irudiak sortuz, dena umorez.

Horrekin batera, hamarreko txikian, Laburuk eta Arregik elizara berriz joaten hasi eztabaidatzen ari diren 80 urteko aitona-amonen rolean kantatuak ere merezi du beste entzunaldi bat: “Lehenengo bi patxaran, gero hiru ardo. / Egunean edanez hamaika bat trago. / Burua ere joanda baitadukat zeharo, / laurogei urterekin kezkatuta nago: / orain ditut lehen baino pekatu gehiago!” ekin dio Arregik. Laburuk bikain erantzun dio adina dela-eta damutzeko tarterik ez dutela. Ondoren, Arregik bizkar gainean daraman kulpa eta kristautasuna lotu dizkio, eta Laburuk: “Beraz bizkar gainian horrenbeste pixu / gurutziaren forman omen dabilkizu / baino Maider maittia zu ez izan izu / tabernako zulua gure paradisu / nik barkatuko dizut balio badizu”. Ariketako azken bertsoan biribildu du Astigarragako gizasemeak Arregirekin osatutako elkarrizketa, argi utziz zergatik ez duen joan nahi elizara: “Rouko ta Munilakin gustora enago / ta ni enazi joango honekin akabo / beraiek ezean lehenago”.

Kartzelan ere izan du entzuleak zer gozatu. “Itxarongelan zaude. Operazioa hasteko zain. Damutu egin zara, eta alde egin nahi duzu”, zioen gaiak. Bi saio hautatze aldera, saioan eta jarraian errepikatu diren bi heldulekuak daude: basektomia, zeina Izagirrek eta Lizasok hautatu duten, eta ebakuntza estetikoa Arregi eta Mujikak, bakoitzak bere ñabardurekin. Izagirrerenak jaso ditu txalo gehiago, eta barre gehiago eragin. Apurtzailea izan ez bada ere, sinplea, zuzena eta eraginkorra izatea ere eskertu du entzuleak.

Aldiz, Arregik beste buelta bat eman dio “bi titi haundi zut” jartzeko zain itxarongelan dagoen emakume transexual baten rolean egindako saio borobilean, Laboaren Lore sortu orduko doinua bikain baliatuz. Berriz irakurtzea merezi du: “Nahiz eta izaera daukadan sakona, / gorputzak ematen du sarri zoriona / eta aldatu nahi dut nik daukadan forma / nahiz ta oraindik ez hartu hamaika hormona / titiak ipintzera etorri naiz hona / gogoratu oin dela lau urte niona / titiak ipintzera etorri naiz hona / baina agian ez da hain ideia hona.”, bota du lehenengoan. Bigarrenean, “Noski nik ongi dakit heterosexuala / dela gaur eguneko gure kapitala. / Esaten zuten ‘berak aukera dezala’ / ta aukeratu nuen besteek bezala. / Badakigu desira eraikia dala / ta horregatik noa orain berehala / badakigu desira eraikia dala / erabakita dago zer den naturala.”. Azkenarekin biribildu zuen: ”Konplejuak ditugu, bai nik eta bai zuk, / eta gainera ez bat baizik eta batzuk. / Ni honaino heldu naiz konpleju hoien truk, / baina jada banoa argi esango dizut: / nahiz eta ez ditudan bi titi haundi zut, / bizitzen segi nahi dut ondo eta arrunt. / Nahiz eta ez ditudean bi titi handi zut, / nere burua onartzen ikasi behar dut.”.

Ez dira arrazoiak beti puntuak ematen dituztenak, eta puntuek ere ez dute beti arrazoi. Agurrean, “Arratsaldeon, zer moduz, Irun? Periferiako ate. / Saioko neskak igual ez dakar nahi adina feminitate. / Puntuek baino ikuspuntuek kezkatuago naukate. / Hitzak bihurtzen omen duenez masa bat komunitate, / hemen herri bat sentitze hutsa gauza ederra litzake” kantatu zuen, eta esan daiteke bere asmoa bete duela, puntuak gorabehera; harro egoteko moduan da Oñatiarra.

Hurrengo saioa

Eibarren jokatuko da Coliseo antzokian datorren larunbatean, hilak 26. hantxe arituko dira kantuan Felix Zubia Olaskoaga, Gorka Maiz Alustiza, Jokin Uranga Isuskiza, Jon Maia Soria, Mikel Tapia Aierbe eta Unai Muñoa Amundarain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.