Greba orokorra

Eskubide Sozialen Gutunak greba orokorrera deituko du urtarrilaren bigarren hamabostaldirako

Pentsiodunen mugimenduaren eskaerarekin bat eginez, gutuna osatzen duten sindikatu eta eragileek "lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko "mobilizazioak iragarri dituzte.

Greba deialdia. LUIS JAREGIALTZO, FOKU
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko urriaren 23a
14:11
Entzun

Hainbat sindikatu eta eragile sozialek sortutako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak greba orokorra iragarri du datorren urtarrilerako. Aurretik, hainbat mobilizazio ere egingo dituzte lan, pentsio eta bizitza duinaren alde. Azken hilabeteetan pentsiodunek egin dituzten aldarrikapenekin bat eginez antolatu dituzte mobilizazioak, eta ohartarazi dute denen afera dela haiena, egungo langileak etorkizuneko pentsiodunak izango baitira.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk salatu du erakundeek ez dutela ezer egin prekarizazioari aurre egiteko. "Gutxieneko soldata eskatzen dugu, gutxieneko soldataz, genero arrakala... Erakundeen aurrean urrats bat da beste politika batzuk egiteko". Beste atzeraldi ekonomiko bat gerturatzen ari dela eta, erakundeei murrizketarik ez egiteko eskatzeko ere egingo dute greba orokorra, Aranburuk esan duenez.

ELAko Mitxel Lakuntzak azaldu ditu grebaren zergatiak: "Ez bagara mobilizatzen, gure eskaerak ez dira iritsiko agintarien mahaira. Agenda politikoan jarri nahi ditugu gure eskaerak, eta grebak aukera ematen digu ikusgarritasuna lortzeko". Azken hamar urteetan galdu diren eskubideak berreskuratzeko deitu dute grebara, Lakuntzak esan duenez. Horretarako, pentsio duinak, lan baldintza egokiak, eskubide sozialak eta neurri ekologistak eskatuko dituzte. "Ofentsibara igarotzeko garaia da".

Bizitza erdigunean jarriko duen eredua bultzatu nahi du eskubide sozialen gutunak protesta hauekin, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emango diona. Eredu horren ardatzak izango liratekeenak ere zerrendatu dituzte: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa eta eskubideen unibertsaltasuna. Hala, datozen asteetan egingo dituzten mobilizazioetatik lehena izango da urriaren 30ekoa. Orduan eskatuko dute bertan behera gera dadila EAJ eta PSEk DSBEa  murrizteko egindako proposamena.

Pentsiodunen mugimenduak atzo iragarri zuen mobilizazio berriak egingo zituela. Eta esan zuten eragile sozial, sindikatu, ikasle eta mugimendu feministekin bat egingo zutela. Gaur, greba orokorrera deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak urtarrilaren bigarren hamabostaldirako. Egun hori iritsi arteko mobilizazio agenda bat ere aurkeztu du plataformak, eta atzo pentsiodunen mugimenduak egin zituenaren ildotik doaz: azaroaren 16an, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak, eta abenduan ere mobilizazioak. Horien aurretik, bestalde, hilaren 30ean, Eusko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratuko dira diru sarrerak bermatzeko errenta berritzeko lege proposamena gaitzesteko.

Lehen erreakzioak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak goizean greba orokorrerako egin duen deialdiari erantzuten lehena izan da Euskadiko CCOO sindikatua. "Proposatutako egutegiak kezkatzen gaitu, atzo pentsiodunen mugimenduak prestatu zuenaren parekoa delako; sindikalismo abertzale eta baztertzailearen asmo bat egon liteke horren atzean, pentsio duinen aldeko borroka kapitalizatzeko nahia". Sindikatuak nabarmendu nahi izan duenez, pentsiodunen borroka, jatorriz, mugimendu plurala izan da, eta deialdi honek izaera hori desegin egiten du.

Horregatik, CCOOk pentsiodunen mugimenduari dei egin dio erabaki dezala ea aurrerantzean ere euskal gizartea ordezkatuko duen eragilea izango den, edo "sindikatu abertzale eta baztertzaileen makulu sozial" bihurtuko diren. Eta ohartarazpena ondoren: "Pentsiodunen mugimenduarekiko babesak bere horretan iraungo du, bere pluraltasunari eusten dion heinean". Sindikatuak ohar bidez egindako adierazpenetan ez du zehazki errefusatu greba orokorraren deialdia, baina adierazpen horien atzean euren ukoa suma daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.