Indarkeria matxista

28 urteko zigorra ezarri diote Izarren aitari alaba hiltzen saiatzeagatik

Sara Majarenas euskal preso ohiaren bikotekide ohiaren jokabidea "kudeltzat" jo du Valentziako Probintzia Auzitegiak. Ez ditu onartu defentsak eskatutako aringarri gehienak.

Izar umearen alde Donostian egindako ekintza bat. JON URBE, FOKU
Maite Asensio Lozano.
2019ko urriaren 23a
21:49
Entzun

Zigor gogorra ezarri dio Valentziako Probintzia Auzitegiak Stylanos Messinezisi: 30 urteko kartzelaldia eskatua zuten fiskalak eta akusazio partikularrak, eta 28 urtekoa jarri diote epaileek. Sara Majarenas preso ohiarekin batera zuen alaba hiltzen saiatzeagatik kondenatu dute, nahiz eta epaiketan defentsa abokatua saiatu zen kalifikazioa murrizten eta erasoa lesio delitutzat jotzen. Majarenasi lesio psikikoak eragiteaz ere errudun jo dute. Hala, auzitegiak ontzat jo du fiskaltzaren eta akusazio partikularraren tesia: indarkeria matxista kasu bat dela, eta umearen amari min egiteko eraso ziola gizonak alabari.

2017ko urtarrilaren 15ean gertatu zen Izarren aurkako erasoa, akusatuak Benifaio herrian (Herrialde Katalanak) zuen etxean. Umeak 2 urte eta hamar hilabete zituen, eta amarekin bizi zen Picassenteko kartzelan, baina asteburuak aitarekin egiten zituen. Baimen horietako batean gertatu zen erasoa: Messinezisek bi labankada eman zizkion —gero etxetik alde egin zuen, haurra hilda zegoelakoan—, eta, ondorioz, Izarrek lesio larriak izan zituen urdailean, esofagoan, birikan eta bihotzean. Guztira bost ebakuntza egin behar izan zizkioten, eta bost aste egin zituen ospitalean.

Epaileek berretsi dute gizona alaba hiltzen saiatu zela. Izan ere, delituaren kalifikazioa aldatzeko eskatua zuen defentsako abokatuak: erasoa lesio delitutzat hartzea nahi zuen. Epaiketan, ordea, argi geratu zen "berehala hiltzeko arriskuan" izan zela haurra. Ospitaleko ordezkariek eta perituek azaldu zutenez, "oso gaizki" iritsi zen erietxera: "Ia odol guztia galdu zuen, tentsiorik gabe geratu zen... Hiltzear egon zen".

Epaiak ere adierazi du erasoa "basatia" izan zela, eta nabarmendu du akusatuak berak pentsatu zuela alaba hil egin zuela, hala jakinarazi ziola segituan Majarenasen aitari telefonoz —deiaren grabazioa froga gisa aurkeztu dute—, hala aitortu ziela udaltzainei erasoaren egunean, eta horixe berretsi zuela epaiketan. Izarren aurkako erasoarekin lotuta, bi larrigarri ezarri dizkiote, senide izatea eta genero aldagaia, eta aringarri bakarra onartu diote, egindakoa aitortu izanarena.

Areago, defentsak nahasmendu psikikoen aringarria eskatu izana "ulertezin" jo du epaimahaiak, eta oso gogor mintzatu da Messinezisi buruz. Haren jokabidea "odolzale" eta "krudel" gisa definitu du epaian: "Argi geratu da akusatua ez dagoela burutik eginda; ez du sentitzen, ezta adierazten ere, penarik edo errukirik ezerekin, bereziki besteen sufrimenduarekin; kasu honetan bere sufrimendua ere beharko luke, gainera, bere alaba labankatu baitzuen. Alaba hiltzea nahikoa ez, eta sufrimendua areagotu zien amari eta aitonari, nahita, berehala deitu baitzien [Izar] labankatutakoan, bere gaiztakeria asetzeko".

37 urteko aldentze agindua

Espetxe zigorraz gain, alabarengandik, Majarenasengandik eta haien senideengandik urruntzeko agindua ere ezarri dio auzitegiak Messinezisi: akusazioak eskatu bezala, 37 urtez ezingo da haiengana gerturatu. Izarren zaintza ere kendu dio. Aldiz, ez epaileek ez dute kontuan hartu akusazioak egindako beste eskaera bat: genero indarkeria desagerrarazteko hezkuntza programetan parte hartu behar izatea espetxe onurak lortzeko.

Irailaren 10ean eta 11n egin zituzten Messinezisen aurkako epaiketaren lehen bi saioak, eta joan den astean hirugarrena. Iraileko saioen ostean, behin-behinean espetxeratu zuten (otsailetik aske zegoen), auzian agertutako frogen ondorioz ihes egiteko arriskua handiagoa zela iritzita. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.