Noiz sortua: 2019-10-24 21:57:30

Musika

Olatz Zugastikdisko bihurtu du zuzeneko esperientzia

Maiatzaren 4an Orioko kiroldegian emandako kontzertua jaso du 'Orion zuzenean' lan bikoitzean

Olatz Zugasti eta Gratxiña Lertxundi, gaur, Donostian egindako aurkezpenean.
Olatz Zugasti eta Gratxiña Lertxundi, gaur, Donostian egindako aurkezpenean. Juan Carlos Ruiz / Foku

Mikel Lizarralde -

2019ko urriak 24

1991n Kantu baten bila nabil diskoa argitaratu zuenetik, beste lau lan grabatu ditu estudioan Olatz Zugastik (Hernani, Gipuzkoa, 1965): Bulun-Bulunka (1999), Elearen lainoa (2002), Gau hotzenean ere (2010) eta Ur goiena, ur barrena (2015); eta 2015eko hori kaleratzearekin bat, zuzenean ere aritzeko erabakia hartu zuen, ordura arte —nahiz eta Benito Lertxundiren taldean aritu kontzertuetan—, estudiokoa baitzuen bere bakarkako proiektua. Hain zuzen ere, maiatzaren 4an Orioko (Gipuzkoa) kiroldegian eman zuen kontzertua disko bikoitz batean jaso du oraingoan: Orion zuzenean (Kantaita Enea). Kontzertu hartan Ander Ederra (gitarra), Amaiur Cajaraville (baxua), Ander Zulaika (bateria, kajoia) eta Gratxiña Lertxundi (teklatua, flauta eta ahotsa) izan zituen oholtzako kide Zugastik.

Ez zen hasierako asmoa kontzertu hura argitaratzea, eta Zugastiri beste ideia bat zebilkion. «Hasieran pentsatzen nuen une egokia izan zitekeela aurreko diskoetako kantuen bilduma bat argitaratzeko, eta gero kantu berriak lantzen hasteko». Alabaina, beste askotan egin izan duten bezala, Orioko kontzertua ere grabatu egin zuten Zugastiren teknikariek, eta musikariari igorri zioten: «Gu ohartu ginen kontzertua ondo atera zitzaigula, eta oso kontzentratuta aritu ginela. Gainera, publikoaren erantzun hunkitu bat jaso genuen». Normalean, kontzertuetako grabazioak erabili izan dituzte non hobetu dezaketen ikusteko, baina, zuzeneko grabazio hori entzun eta aztertzen hasi orduko, Zugasti bera eta Benito Lertxundi konturatu ziren kantuak banan-banan aztertzen eta nolabaiteko disko produkzioa egiten ari zirela. «Teknikoki egon zitezkeen gabeziak beste zerbaitek konpentsatzen zituen». Gainera, «interpretazio onak» erakusten zituen grabazioak, eta, Zugastiren iritziz, «merezi zuen» disko batean islatzea.

Maiatzaren 4ko kontzertu hura ia oso-osorik jaso dute lan bikoitzean —bakarra utzi dute kanpoan, ez zirela aski gustura harekin—, eta kantu eta kantu artean Zugastik egindako aurkezpenak ere ez dituzte kendu. Lertxundi arduratu da diskoaren produkzioaz, eta hark hala izatea nahi zuen: «Kontzertua izan zen bezala jaso dugu».

Diskoan Zugastik berak idatzitako hainbat pieza bildu dituzte (Sena, Bakean ala otzandua, Gau hotzenean ere, Neguko arratsalde batean, Bat, biga, hirur...), baina baita Lertxundik idatzitako bi kantu ere: Mirotzak eta Ni Olentzero naiz. Lehenengoa Gratxiña Lertxundik kantatu du, «emozionalki eta afektiboki oso gertu» duen abestia; eta bigarrenaren pasarte bat besterik ez dute jaso: «Ni Olentzero naiz-en bertsio laburtu bat egin genuen kontzertuan, kantu luzea da-eta. Gainera, Benitok inoiz ez du jo kantua zuzenean».
Horietaz gain, kantu tradizionaletara ere jo du Zugastik, eta orain arte berak grabatu gabeko bat ere jaso du: Erregiñe ta saratsa. Argia dantza konpainiaren Irradaka ikuskizunean aurkitu zuen kantua: «Hunkidura karga handia eman zioten, ni malkotara eramateraino».

Kantuak aukeratzeko orduan, beretzat «esanahi handiena» dutenak hautatu ditu, «sentsazio batzuk» transmititzen dizkiotenak. «Adibidez, Bulun-bulunka-ko kanturik ez dago; ez zait iruditu sartu behar nituenik».

Orain dela lau urte hasi zen bere materiala zuzenean ematen Zugasti, eta egindako bidea «positibotzat» jo du, nahiz eta horretarako «barne mamu» batzuk kendu behar izan dituen gainetik. «Banituen eredu batzuk, eta haiek bezala kantatu nahi nuen. Baina ohartu naiz norberak bere bitartekoak dituela: bere ahotsa, bere tresnak... Mamu horiek kanpoan utzi ondoren, gustura sentitu naiz neure buruarekin».

Gainera, bide horretan, ohartu da zuzenekoetan emozioa izaten dela, eta publikoaren  erantzuna ere ona izan dela. «Jarraituko dugu publikoak erretiratu behar dugula esan arte».

Oraingoz ez du halakorik egiteko asmorik, eta dagoeneko diskoa aurkezteko hainbat data ditu lotuak datozen hilabeteetarako. Abenduaren 4an, Bilboko BBK aretoan ariko dira Zugasti eta taldekideak; abenduaren 5ean, Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxean; eta otsailaren 23an, Donostiako Viktoria Eugenian.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 26an eguneratua, 20:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 11 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.634 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.027 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Brasiliako dendetako langileak, COVID-19 proba egiteko ilaran. ©Joedson Alves / EFE

5,6 milioi gaixotu dira munduan, eta 350.000 baino gehiago hil

Berria

Munduan 5.594.175 kasu positibo baieztatu dituzte, eta 350.531 lagun hil dira COVID-19aren eraginez. Oraindik ez dira sendatu kutsatutakoen erdiak ere. Johns Hopkins Unibertsitatearen arabera, 2.288.579 dira sendagiria jaso dutenak.

Hildakoak oroituko dituzte Hegoaldeko erakundeek

Hildakoak oroituko dituzte Hegoaldeko erakundeek

Arantxa Iraola

Bat egin dute Espainiako Gobernuak gaur dolua erakusteko ezarri duen hamar eguneko epealdiarekin, eta eguerdian minutu bateko isiluneak egingo dituzte

<b>Laborategia.</b> Lan eskerga egiten ari dira zientzialariak birusa menderatzeko. ©S. MOREIRA / EFE

Bio zigiluaren balio erantsia

Xabier Martin

Maskaren ekoizpenean erreferentzia bihurtu da Euskal Herria, baina laborategian ere ari dira birusaren aurka biozientziaren esparruan jarduten duten euskal enpresak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna