Artea

Roland Toporren grabatuen erakusketa zabaldu dute Donostian

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Astearekin elkarlanean osatu dute, eta Tabakalera barruko Kutxa Kultur Plazan izango da ikusgai, abenduaren 8ra bitartean.

Asier Mensuro, Joxemi Beltran eta Ane Abalde, gaur goizean, Kutxa Kultur Plazan, Donostian. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2019ko urriaren 24a
19:11
Entzun

La Codorniz Espainiako aldizkari umoretsuaren arduradunak behin esan zuen Roland Toporrek ez zuela umore beltza egiten, umore ubeldua baizik; ukabilkada bat jaso ostean geratzen den aurpegi bat halakoa. «Definizio ederra iruditzen zait», abiapuntuko aitorpena Asier Mensurok, Toporren lanaren zale eta bildumagileak. «Halakoa da, hain zuzen, bere grabatu famatuenetako bat, Opus aldizkariaren azala izan zena: aurpegi bat ukabilkada batekin». Ez du irudi hori bere bilduman, baina baditu beste hamaika, grabatuak eta Toporrek zinemarako egin zituen kartelak batez ere, eta Mensuroren bilduma horretatik hartutako 51 lan jarri dituzte ikusgai Donostiako Kutxa Kultur Plazan, Roland Topor-en Fantasiazko artea erakusketan.

Artista multidiziplinarra izan zen Topor (Paris, 1938 – Paris, 1997). Zinemagintza, literatura, operako zuzendaritza artistikoa eta ilustrazioa landu zituen, batik bat, eta guztietan agertutako giro surrealistak eta umore beltzak, ubelak, bereizi zuen bere obra. Ibilbidea marrazkilari gisa hasi zuen, 1950eko hamarkada amaierako frantziar argitalpen satirikoetan. Andre Breton eta garaiko autore surrealistekin harremana izan zuen garai hartan, baina apurka distantzia hartu, eta surrealismoa dibertsioarekin uztartuko zuen taldea sortu zuen 1962an: Paniko taldea. Fernando Arrabal, Alejandro Jodorowski, Jacques Sternberg eta Oliver O. Olivier izan zituen taldekide, eta, Mensuroren hitzetan —berak egin ditu komisario lanak erakusketan—, Donostian bildutako irudi guztiek jasotzen dute «pan espiritua», kulturak eta jakintza orok «izaera jai zale bat» izan behar dutela dioena.

Garai bertsuan eman zuten lehen jauzia Todorren izenak eta obrak, 68ko maiatzaren bueltan, besteak beste, ikasleen aldizkarietan marrazkiak argitaratzen hasi zenean. «Hortik dator bera», azpimarra Mensurok. «Undergroundetik, probokaziotik... Nazioarteko itzala duen artista batez ari gara hizketan, baina, halere ospeak eztitu ez zuen artista bat da bera; amiñi bat ere ez zen aldatu ospearekin. Ez da mozten. Eta artisten %99k, arrakasta lortzen dutenean, merkatura moldatzen dira».

1968koa da, hain justu, Kutxa Kultur Plazako erakusketan bildu duten piezetan zaharrena, Les passions moyennes izenpetutako litografia. Gizonezko bat eta andrazko bat ageri dira; andrazkoa zepilo batekin eskuin eskuan, gizonaren bizkarraldetik pasatzen, eta pasatu ahala haren bizkarra ezabatuko balu bezala; ezabatutakoa, hauts mendi bihurtzeko lurgainean. Gisako irudiak dira inguruan ikus daitezkeenak ere; denak elementu fantastikoren bat dutenak: soineko baten azpitik arrastaka doan hilotz itxurako izakia; gizon txiki batek emakume baten pubiseko ileei putz egin eta aireratzen dituen eszena; heriotzaren igitaiarekin doan emakumearen irudia, bizkarrez, alboan gorputz atal solteak airean daudela... Serie askotako irudiak dira, gehienak 1970eko hamarkadatik 1990ekora bitartekoak.

Haragiaren deformazioa

Fantasiaren unibertsoaren barruan, ildo erotiko nabarmen batek ere batzen ditu Toporren lanak. Emakume gorputz biluziak ageri dira askotan.  Horien artean, mitologia grekoko bederatzi musetan oinarritutako seriea azpimarratu du Mensurok. Bederatzi irudi dira denera, bat musa bakoitzeko. Horietatik sei ditu bere bilduman komisarioak, eta seiak daude ikusgai erakusketan. «Zerbait oso toporianoa dute, eta da haragiaren deformazio, eraso eta suntsiketa erabatekoa; minaren eta heriotzaren metafora gisara erabiltzen duena».

Erakusketan arreta jarri behar zaion beste puntu bat izenburuena da Mensurorentzat. «Esaterako, badira grabatu batzuk zeinetan andre batzuk ageri diren mahai batean, gizon bat ageri da mahaipetik, belaunek begiak dituzte... Eta izenburua da: Jeux de tables, mahai-jokoak. Horrekin asko jokatzen du artistak».

Toporrek darabilen umorea «lezio» bat iruditzen zaio komisarioari, artistaren «handitasunaren» zutabe nagusietako bat. «Esan ezin den lekuraino nago hain erraz sumintzen den jendeaz. Guztiaz barre egiteko gauza baldin bagara, norbere buruarengandik hasita, umorea askatasun hutsa da». Bere arabera, hala erakutsi zuen Toporrek marrazkigintzan zein landu zituen beste kultur esparruetan ere. Literatur lanetan, 1964ko Le Locatarie Chimérique eleberria ekarri du gogora, garaian best seller bihurtu zena eta Roman Polanskik aurrerago zinemara eramana zuena. Eta zinema aipatuta, Federico Felliniren esan bat ere aipatu du Mensurok, berak ere berresteko: «Fellinik esaten zuen Topor zela XIX. mendetik zetozen ilustratzaile handien azken ordezkaria, unibertso propio koherente eta bakarra zuena. Horregatik eskatu zizkion, esaterako, Casanova filmerako hainbat eszena berari». Umorearen, heriotzaren eta «oinarri-oinarrizko ideien» inguruan ardazten den unibertso bat, Mensuroren iritziz.

Zuzeneko irrati saioa, hilaren 31n
Kutxa Kultur Plazak eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak lankidetzan antolatzen duten laugarren erakusketa da Toporrena. 30. urtemuga du aurten zinema jaialdiak, eta, elkarlana «indartu» asmoz, beste ekitaldi bat ere gertatu dute batera aurten: La Hora Canibal irratsaio berezia grabatuko dute Kutxa kultur Plazan, hilaren 31n, eguerdian. Borja Crespok zuzenduko du zuzeneko saioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.