Bertsolaritza

Oihana Iguaran nagusitu da Azpeitian

Bertso saio zinez gozagarria eskaini zieten sei kantukideek Azpeitiko Soreasun bildu ziren zaleei.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdena. JUAN CARLOS RUIZ
Manex Mantxola Urrate.
2019ko urriaren 28a
09:08
Entzun

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako laugarren final-laurdeneko kanporaketa jokatu zen atzo, Azpetian (Gipuzkoa), eta Oihana Iguaran Barandiaranek batu zuen puntu gehien (485,5) eta jarraian sailkatu ziren Iñigo Mantzizidor Larrañaga (484), Nerea Elustondo Plazaola (476), Alaia Martin Etxebeste (475), Amaia Iturriotz Etxaniz (463) eta Iñaki Gurrutxaga Zubimendi (421).

Goitik ekin zioten bertsolariek, eta hala mantendu zen saio osoan. Irristadarik apenas egon zen, eta final-laurdenetan jokatu diren kanporaketetatik altuena izan da puntuazioz, erritmoz eta bertso mailaz.

Agurretan ordu aldaketa, Francoren birhobiratzea, "periferia" eta "ikusten ez dena", "presiopeko eltzea" den txapelketa eta beste hainbat gai izan zituzten bertsolariek ahotan. Berezitasun modura, Mantzizidorrek eginiko bere kantukideen aurkezpena: "Oihana eta Alaiarekin nolako txispa zaparra/ Nerea arrazoi sortzaile degu, Amaia gazte azkarra/ ta Gurru ume aurpegia dun Orioko zakur zaharra./ Bost kantukide latz edukita ez al da triste xamarra?/ Neure burua baita beldurra ematen didan bakarra".

Zortziko handiko ofizioetatik aipagarriena, Mantzizidor eta Martinek osatutakoa izan zen, kimioterapiaren ondorioz ilea galdu duten bi pertsonen larrutik. Lehenak ileordea darama, besteak ez. "Minbizitikan bizi minera pasatzea zaila hain zen/ ta esan zeinek zainduko nauen ez baldin banaiz neu zaintzen/ Ileordekoa erosi nuen ta orraztuz ahalik ta maizen/ inork ez dauka jakin beharrik zer pasatzen ari naizen", ekin zion Mantzizidorrek eta “Baina pasarte ta trago txarrak izaten dira bizitzan/ txuri puntua jarri nahi nuke zure begirada grixan/ ilerik gabe azaldu nahi dut oraintxe nagoen gisan, jendarte hontan kantzerra ez dadin halako tabua izan” erantzun Martinek.

Zortziko txikiko ariketan, lehertzera heldu zen bertsoaldirik izan ez bazen ere, Mantzizidor eta Iturriotzek osatutako elkarrizketa izan zen, agian, finena. Aita-alabak ziren, aitak alabari zahartzaroa aurreikusten duen aplikazioarekin atera zion argazkia, eta aitaren antz handia ikusi alabak bere buruari. “Zu gisa bukatzea nere asmoa ez zen/ kirola egiten dut ta ez dut erretzen”, bota zion Iturriotzek, eta “egia esan ez zera ondo ateratzen/ agian ez naiz ari kasta mejoratzen", erantzun Mantzizidorrek. Amaieran, "igual izan nahi nuke zahartzean gero zu/ itsusi xamarra bai baina zoriontsu", kantatu zion urretxuarrak, eta "nahiz igual zu itsusi izan nere antzera,/ zu lasai ama bezain sinpatika zera", amaitu zarauztarrak.

Seiko motzean hirurak saio ederrak izan baziren ere, Iguaran eta Mantzizidorrek umorez osatu zutena izan zen denetan borobilena. Parkean zeuden bi lagunen rolean kantatu zuten, herriko parkeko putzuko Ama Birjinari txanponak botatzeko ohitura zagoela eta. Honela ekin zion Mantzizidorrek: "Non dago lapurran muga?/ sarritan sortzen zait duda/ baina parkeko putzuan soilik eztaukagu ura/ dirua bota putzura,/ jendiak badu ohitura/ gaurkoan ere txikiteoa herrian kontura!”. Iguaranek jarraian: “Enaiz jendeak dauzkan ohiturak entenditzeko gai/ hobe zan guri eman ai!/ hor daude herdoilduta, blai/ esango nuke ama birjinak ez dituela nahi”. Erantzuna: “txikiteoa hasteko ordea zai degu kuadrilla/ ni bi eurokoen bila/ ta zuk xentimoak pila/ ta Ama Birjina ere gurekin etorri dadila”. Kolpetik moztu zion Iguaranek: “Al zaude burutik jota?/ harriz egina dago ta!/ hori askatzeko ekarri al dezu zintzel bat ta soka?/ hobe tabernan itota/ altxa kopa bere kontra/ dagola hemen ta bere alde in dezagun topa!". Amaitzeko zarauztarrak: “txikiteoan hasteko pronto gaudelako laiste/ guk zenbat topa ilustre,/ onena hoixe nik uste:/ eta hartara gu ere santu egingo gaituzte.”.

Hamarreko txikian hiru ofizioak izan ziren apartekoak. Gurrutxaga eta Mantzizidorrek oporretara joan ahal izateko hamabost egunez aita zahar etxe batean sartu ala ez eztabaidatzen duten bi senideren rolean kantatu zuten. Elustondo eta Iguaranek bi alargun gorpuztu zituzten bizitzan aurrera nola egin hausnarrean eta Iturriotz eta Martinek harreman toxikoen inguruko elkarrizketa mamitsua osatu zuten. Bigarren entzunaldi bat merezi duten maila handiko ofizioak hirurak.

Azken ariketa puntuagarrian, honela zioen kartzelako gaiak: “Famatua zara. Bada urte erdi inork ez dizula deitzen elkarrizketa egiteko”. Helduleku ugari eskaini zituzten serek eta denek utzi zuten ale ederrik, batzuk hobeak, denak onak.

Iguarani egokitu zitzaion lehena izatea kantuan, eta honela amaitu zuen lehen bertsoa: “lehen telebista kasi ezin nuen nik lepo gainetik aska/ ta prentsa haundiak ja ez dit deitzen antzerkian ari naiz ta”. Bigarrenean, “azkenaldian ordea deiak asko ta asko jetsi dira, eta egunak pasatzen ditut mugikorrari begira” eta, aurrekoarekin lotuz, honela amaitu zuen: “ta bapatean hara dardarka hasi etzait ba mobila./ Elkarrizketa etzait inporta lanerako izan dadila.”

Iturriotzen txanda heldu zen ondoren, “ahaztu da telebista, egunkaria bezela,/ sei hilabete baitira plazatan enabilela” ekin zion. “Honek urrutiratzera ezinbestean narama,/ ez baitakit nola izan bertsolari eta ama.” jarraitu zuen eta “hau etzen nik nahi nuena, badut aski kontraesan./ Eta ez naiz geldituko deus ere egin gabe, kexan./ Antolatuz jardungo naiz molde berrien defentsan,/ hurrengo belaunaldiak berdina bizi ez dezan” egin zuen aldarri amaitzeko.

Gurrutxagak rockero zaharraren dekadentziatik kantatu zuen: “munduak eztu min asko hartzen izar bat erortzen bada” ekin zion. Bigarrenean, “ biharamunak beti okerrak ezer ezpada bezperan” josi zuen bertso erdian eta “izar haundienak ere behar du horrenbeste zaplasteko./ Hankak lurrean jarri behar dira berriro hegan hasteko” kantatuz amaitu zuen. Oro har, txukun aritu zen saio osoan zehar eta bat baino gehiago harritu zen oriotarrak puntu gehiago bildu ez izanaz.

Elustondok umore garratzez jantzi zuen Conquis-eko partaide izandakoaren rola. “Oraindik ere bizi naizela nonbait ez dira ohartu/ herri honetan maiz nahasten dira ezagun eta famatu” hasi zen. “Realitytan parte hartzeko nola badagon aukera,/ talentu haundirik ez degun asko holaxe ibiltzen gera”, bota zuen bigarren bertsoaren erdian eta “hurrengo urtean aurkeztuko naiz Gran Hermanora horrela/ ta ETBko gizajo hoiek izorratu daitezela!” kantatuz gustura geratu zen legazpiarra.

Mantzizidorrek antzerkian hasi eta Hollywoodeko itzalitako izar izaten amaitu duenaren istorioa kantatu zuen: “ez entrebista ta ez argazki dena neuretzat kaltea/ nahiz urte luzez ezautu dudan gertutikan elitea,/ berandu baina ikasiz noa zer den realitatea”, bota zuen lehenengoan. Bigarren bertsoan: “baina harrotu edo egin nintzen, hara famak dakarrena!/ handi ustean alkoholarekin ahalik eta maizena/ nahiz banekien pelikuletan protagonista nintzena,/ igual bizitzan gidoia bera izan da ahaztu detena” eta “75 urte ta alkoholetan bustia, bizitzak berak erakutsi dit: dena ez da eguzkia, gaur ez nau inork hots egiten ta ze estu daukadan uzkia! Penak itoko direlakoan beti eskutan whiskya/ ba pelikula txar bat dugu hau ta bukaera tristia/ nere buruaz beste egiteko bada motibo askia/ eskela baten azalduko da nere azken argazkia”, eman zion amaiera.

Amaitzeko, heldu zen Martinen txanda. Zuzenean sailkatu denaren carrerilla falta eta entzuleak beragan jarritako espektatiben zamaren zantzuren bat nabaritu bazitzaion ere saio hasieran, badirudi kartzelaldi luzeak mesede egin ziola aingurak askatu eta, topikoak topiko, gozaraziz gozatzeko. Probablemente ya de mi te has olvidado... esanaz hasten den eta gaiari bikain lotzen zitzaion Chavelak ezagun egindako doinuan kantatu zuen, honek ere, zine izar eroriaren larrutik: "nire izena bihurtu zen Hollywoodeko izen,/ kastinak agendan ia ere ez ziren kabitzen/ baina orain zehaztera ere ez naiz atrebitzen,/ famatua naizen edo famatua ote nitzen”. Bigarren bertsoa, saioko onenen artean, onena izan ez bazen, baliatu zuen umorez ia entzulearekin jolastera heltzeraino, ezin hobe borobildutako crescendo batean: “Famatua zen txilborra barrenean zen pelusa/ jausten zitzaidan ile bat edo azaleko geruza/ denak eta azkazalak nola pinta, nola luza/ dena zen argi ta foko, dena opari, dena luntxa,/ dena arrakasta eta estetika ebakuntza/ baina, joño, hau omen da star systemaren funtsa:/ arima nintzela uste ta azkenean gorputza”. Azkenik, "Orain zahartu omen naiz eta gantza gerribueltan/ aldakak ere aldatu egin zaizkit aldaketan”, ekin zion bertsoa josiz “orain nik hasi beharko dut neure buruaz hizketan” kantatuz amaitzeko.

Azkoitiko Baztartxo aretoan, datorren larunbatean argituko da nortzuk igaroko diren txapelketako hurrengo fasera. Bertan arituko dira kantuan Ander Lizarralde Jimeno, Ane Labaka Mayoz, Ane Zuazubiskar Iñarra, Beñat Gaztelumendi Arandia, Maialen Akizu Bidegain eta Mikel Artola Izagirre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.