Confebask: "Zaila da onartzea Euskadin ez dagoela lan baldintza duinik"

Eskubide Sozialen Gutunak egindako grebaren deialdiaren inguruan aritu da Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea. Ondare zerga ere aipatu du: "Ez legoke gaizki kentzea".

Roberto Larrñaga, Eduardo Zubiaurre eta Eduardo Junkera Confebasken kontseilu nagusiko bileran, uztailean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko urriaren 28a
13:08
Entzun

Joan den asteazkenean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak "lan baldintza, pentsio eta bizitza duinen alde" deitutako grebaren inguruan aritu da gaur Eduardo Zubiaurre Confebask patronaleko presidentea, Radio Euskadin. Haren hitzetan, "zaila da onartzea Euskadin ez dagoela lan baldintza duinik, soldata handienak dituen [Espainiako] autonomia erkidegoa baita, biztanleko barne produktu gordinik handiena duena, eta indize onak dituena giza garapenean eta zerbitzu publikoetan".

Zubiaurreren hitzetan, "jarduera ekonomikoan eta enpresa sare lehiakor batean" oinarritu behar da "ongizatea". Confebaskeko presidenteak esan du "beste garai batzuetan" baino lan gatazka gutxiago daudela, baina "oihartzun publiko indartsua" daukatela.

EAJren BBBko presidente Itxaso Atutxak ere hitz egin du grebaren inguruan. Haren iritziz, ELAk eta LABek "Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ahuldu" nahi dituzte, "erabat [Espainiako] estatu mailakoak diren aldarriekin". "Espero dut herrialdearen egonkortasuna lehentasuna izatea eragile politiko, ekonomiko eta sozialentzat".

Eskubide Sozialen Gutuneko kideen iritziz, eskubide galera handi bat gertatu da 2008an hasitako krisitik. Testuinguru horretan kokatu zuten joan den astean urtarrileko greba orokorra: "Prekaritatearen hedapena ikusten ari gara soldatetan eta lan baldintzetan; ez da garatu babes sare egokirik, eta ez zaio babesik ematen behar gehien duen jendeari".

Jaurlaritzaren aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua ere izan du ahotan Zubiaurrek, eta pozik agertu da "apustu estrategikoei" eusten dielako; besteak beste, 4.0 industriaren ildoari.

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazu ere baikor agertu da proposamen horren inguruan, eta, Forum Europaren ekitaldi batean, adierazi du urtarrilaren 1erako onartu asmo dituztela aurrekontuak. Gaur-gaurkoz, ordea, horretarako gehiengorik ez du EAJk eta PSEk babestutako gobernuak. PPk 1.500 milioi euroren zerga jaitsiera eskatu zuen, eta Azpiazuk erantzun die "hotzikara" eragiten diola ideia horrek: "Proposamen errealistak behar ditugu".

Atutxak ere aitortu du egoera zaila dela aurrekontuetarako akordioak lortzeko, hauteskunde giroagatik, baina Azpiazu sailburuaren elkarrizketarako jarrera goraipatu du: "Batzuek diote Azpiazuk nahigo duela batzuekin adostu, besteekin baino. Datozen egunetan ikusiko dugu".

Ondare zerga

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak hartutako bidetik, Confebaskeko presidentearen hitzetan, "ez legoke gaizki" ondare zerga "kentzea". Gonzalezek argudioen artean aipatu zuen Madrilek berak kendu egin zuela, eta Europako herrialde gehienetan ez dagoela. Zubiaurrek ere antzeko argudioak erabili ditu, eta esan du EAEko egoera "salbuespena" dela inguruan.

Kritikoago agertu da Azpiazu proposamen horrekin. "Ezin da eskatu zergak jaisteko eta, aldi berean, zerbitzu publikoen kalitateari eusteko. Inork ez dauka mirariak egiteko makila magikorik; dirua behar dugu gauzak egiteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.