Mendia

Nirmal Purja eskalatzaile nepaldarrak hamalau zortzimilakoak igo ditu 190 egunean

Gaur ezarri du errekorra, Shisha Pangmako tontorrera (8.027 metro) iritsita. Apirilaren 23an egin zuen lehen zortzimilakoa, Annapurnan (8.091 metro). Oxigenoaren laguntzarekin igo da hamalau tontorretara.

Nirma Purja. NARENDRA SHRESTHA, EFE
2019ko urriaren 29a
09:42
Entzun

Nirmal Nims Purja eskalatzaile nepaldarrak txiki utzi ditu orain arteko erreferentzia guztiak zortzimilako mendien alorrean. Bai, behintzat, azkartasunari dagokionez. Munduko hamalau mendirik altuenetara igo da 190 egunean. Purjaren lorpenaren aurretik, zazpi urte baino gehiago behar izan dituzte hamalau zortzimilakoak azkarren igo dituzten alpinistek. Hori bai, Purjak oxigenoaren laguntza baliatu du errekorra ezartzeko.

32 urteko eskalatzaile hori gaur iritsi da falta zitzaion 14. zortzimilakoaren tontorrena. Shisha Pangma igotzea lortu du, eta, hala, lortu du bere buruari ezarri zion erronka betetzea: hamalau tontorrik altuenak zazpi hilabete baino azkarrago igotzea. Bertan 09:00ak zirela heldu dira gailurrera Purja eta haren taldekide Mingma David Sherpa, Galjen Sherpa eta Gesman Tamang. "Misioa lortuta", idatzi du bere Facebook kontuan.

Gaurko igoerarekin, Kim Chang-ho eskalatzaile korearraren errekorra hautsi du Purjak. Chang-ho hamalau zortzimilakoak oxigenoaren laguntzarik gabe igo dituen Hego Koreako lehen mendizalea izan zen. 2013an ezarri zuen marka. Zazpi urte, hamar hilabete eta zazpi egun behar izan zituen. Chang-ho iazko urrian hil zen, Nepalen, Gurja mendia eskalatzeko kanpamentu nagusian, haizete baten ondorioz.

Munduko hamalau gailurrik altuenetara 190 egunen barruan igotzeko, Purjak erritmo ikaragarrian kateatu behar izan ditu zortzimilakoen igoerak. Apirilaren 23an hasi zen, Annapurnan. Maiatzean, 48 orduko epean, Everestera igo (8.848 metro), jaitsi, Lhotseko gailurrera heldu (8.516 metro), handik jaitsi, Makaluko (8.481) kanpamentu nagusira hegan egin eta tontorrera heldu zen. Hilabete horretan, Dhaulagiri I (8.167 metro) eta Kanchenjunga (8.586 metro) ere igo zituen. Ekainean, Nanga Parbat (8.126 metro), Gasherbrum I (8.080 metro), Gasherbrum II (8.036 metro), Broad Peak (8.051 metro), K2 (8.611), Manaslu (8.163 metro) eta Cho Oyu (8.188 metro) tontorretara iritsi zen.

Purja Erresuma Batuko armadako kide izan zen nepaldarrez osatutako gurkha elite taldean. Everesteko tontorrean joan den maiatzean sortu ziren ilaren argazki ezagunaren egilea ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.