EA-ren barne krisia

Eba Blancok "zubiak berreraiki" nahi ditu

"Hautsitako konfiantzak" josi nahi dituela esan du Eba Blancok, EAko idazkari nagusi gisa egin duen lehen agerraldian. "Lasai" dagoela dio, araudia "goitik behera" bete duelako.

Eva Blanco EAko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Edurne Begiristain.
2019ko urriaren 29a
13:10
Entzun

Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi moduan lehen prentsaurrekoa eman du gaur goizean Eba Blancok. Alderdiko Hauteskundeen Batzordeak atzo izendatu zuen kargurako, harena izan eta gero hauteskunde primarioetan balekotzat jotako hautagaitza bakarra, eta primarioen prozesu polemikoaz "argi eta garbi" hitz egiteko aukera baliatu du gaur Blancok, Gasteizko Alkartetxean egin duen lehen agerraldi publikoan. Aitortu du prozesu guztian "isilik" egon dela ez zuelako giroa gehiago "gaiztotu" nahi, "arduraz" jokatu nahi zuelako, alderdiari eta alderdikideei "begirunea" dielako eta "joko arauak" errespetatzen dituelako. Baina gaurko agerraldian apurtu nahi izan du isiltasun hori. Minduta hitz egin du: "Nire burutik pasatu ere ez diren asmoak leporatu dizkidate publikoki. Gezurrak eta irainak pairatu behar izan ditut komunikabideetan zein sare sozialetan, horietako batzuk pertsonalak". Blancok salatu du "etikoki onartezinak" direla esandako "gezur" horiek, eta EAren irudiari "kalte" handia egiten dietela. Nolanahi ere, azpimarratu du bera "lasai" dagoela, alderdiko barne araudiaren baldintzak "goitik behera" bete dituelako idazkari nagusi izateko.  "Lasai nago, gauzak ongi egin ditudalako". Alderdiko organoen eta afiliatu askoren babesa duela gaineratu du.

Andoni Iriondo Gazte Abertzaleen idazkari nagusiak eta Bego Landa EAko Nazio Batzarreko mahaiburuak lagunduta agertu da Blanco komunikabideen aurrean. Euskaraz eta gazteleraz irakurri du EAko idazkari nagusi gisa eskaini duen lehen diskurtsoa. Alderdiaren barne egoerarekin "kezkatuta" dagoela aitortu du Blancok, eta erronka gisa jarri du "zubiak berreraikitzea". Azpimarratu duenez, prozesuan "hautsitako konfiantzak" eta harreman politikoak berriro "jostea" izango du helburu behinena. Haren xede nagusia delako Eusko Alkartasuna "indartsu eta sendo" bat lortzea, eta argi duelako zatiketek alderdia "ahultzen" dutela. "Benetan uste dut EA osatzen dugun emakume eta gizon guztiok kapital politiko eta pertsonal itzela dugula, eta, beraz, Euskal Herriari maila eta arlo guztietan ekarpen garrantzitsuak egiteko dugula".

Blanco ziur da EAren barruan guzti-guztiak bat datozela ideia horrekin, eta, hargatik, filosofia horri helduta saiatuko da sektore kritikoarekin hautsitako zubiak berreraikitzen. Gaur-gaurkoz erabat apurtuta baitaude harreman horiek, Blancok kazetarien galderei erantzunez argi utzi duenez: "Ez dut harekin [Maiorga Ramirezekin] hitz egitea lortu berak ez duelako nirekin hitz egin nahi, baina oso argi daukat hitz egin behar dugula, eta, ez badugu lortzen, bitartekarien bidez egin beharko dugula". Blancoren aburuz, elkarrizketa da hautsitako konfiantzak josteko modu bakarra.

EH Bilduren barruan
Alderdian lehendik harrotuta zeuden hautsak are gehiago harrotuko ditu Blancoren izendapenak, baina hark ez du uste krisi honek EA desagertzea ekarriko duenik. "Badakit azken asteotan gauza asko esan direla, baina nik EA barruan ez dut inor ezagutzen alderdia desagertzea edo inora urtzea nahi duenik". Blancok argi dauka EAren etorkizuna EH Bilduren barruan dagoela, eta 2009an hartutako erabakiak bermatzen duela EAren printzipio fundazionalak "inoiz baino indartsuago" egotea. Etorkizuna ere EH Bilduren baitan egongo dela ziurtatu du. "EH Bildun eta, oro har, euskal gizarte osoan EAren presentzia, ahotsa, irudia eta eragina indartzea eta bermatzea dugu helburu".

Bukatzeko, Blancok gogoratu du Eusko Alkartasunak 33 urte daramatzala "elkartasuna, bakea, subiranotasuna eta justizia soziala" defendatzen, eta bere asmoa dela alderdiak beste horrenbeste urte ematea helburu horien alde lan egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.