50 kultur jarduera eskainiko dituzte 948 Merkatuan

Hirugarren aldiz antolatuko dute, azaroan, Iruñean. Berrikuntza gisa, lehiaketa bat egingo dute tokiko eta nazioarteko 12 proiekturekin.

Baluarten, kultur arloko profesionalen lana erakusteko mahaiak jartzen dituzte urtero. Argazkian, iazko azoka. IñIGO URIZ / FOKU
Ane Eslava.
2019ko urriaren 29a
15:55
Entzun

Azaroaren 20, 21 eta 22an ospatuko dute 948 Merkatua, Nafarroako kultur sektorearen topaketa, Iruñean. Hirugarren aldia izango du, eta guztira, 50 proposamen baino gehiago eskainiko ditu; tartean, hitzaldiak, tailerrak eta arte erakusketak. Kulturaren arloko programa estrategikotzat du Nafarroako Gobernuak merkatu hori, eta esparru horretako goi mailako profesionalentzako “elkargunea” izatea ere nahi du, Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak egitasmoaren aurkezpenean adierazi duen moduan: “948 Merkatua sektoreko profesionalen, programatzaileen eta sortzaileen arteko topagune bihurtuko da, elkarrizketa eta trukea sortzeko, eta kultura aberasteko”.

Azokak bi atal izango ditu: 948 Pro eta 958 Art. Lehena izango da nagusia, eta Baluarte auditoriumean egingo dute, egunero, goizez. Bertan, hitzaldiak, eztabaidak, proiektuen aurkezpenak eta tailerrak emango dituzte, eta, aldi berean, Baluarteko korridoreetan 25 profesionalek beren lana erakusteko mahaiak jarriko dituzte, aurreko urteetan bezala.

948 Art atalean, berriz, askotariko arte adierazpideen ikuskizunak eta erakusketak egongo dira, eta generoaren, klima larrialdiaren edota kulturaren eta lurraldearen arteko harremanen gisako gaiak jorratuko dituzte. Proposamenen artean egongo dira, besteak beste, Zauria(k) dokumentala, Maddi Barberren 592 metroz goiti eta Urpean lurra filmak, Iratxe Fresnedaren Lurralde hotzak filma eta Iruñeko Ganbera Abesbatza. Horiek, Baluarten ez ezik, Gaiarren Antzokian, Nafarroako Antzerki Eskolan, Zentral Aretoan eta Walden liburu dendan ere izango dira. Jarduera guztiak programatzaile akreditatuentzat zabalik egongo dira, baina, 948 Art atalaren kasuan, baita publiko orokorrarentzat ere.

Aurten, antolatzaileek “diziplinartekotasunaren” aldeko apustua egin dute, Rebeca Esnaolak azpimarratu duenez: “Diziplinen arteko elkarrizketa nabarmenduko da aurtengo edizioan, hainbat ikuspegitatik eraiki eta abiarazi ahal izango diren proiektu eta proposamen kultural berritzaileak bultzatu nahi baititugu”. Hala, Nafarroa "berrikuntza artistiko eta kulturalera gehien bideratuko den bertako eta nazioarteko merkatuetako bat izatea" dute helburu.

Aurten, gainera, berrikuntza moduan, lehia sartuko dute azokan. Tokiko eta nazioarteko 12 proiektu hautatu dituzte lehiaketa baterako, hiru modalitatetan: kultura eta ekonomia jasangarritasuna, kultura eta gizartea, eta kultura eta berrikuntza. Horrez gain, Nafarroako sektore artistikoarentzat bi topagune berri ere diseinatu dituzte: lehena Nafarroako sorkuntzaren leihoa da, eta horretan herrialdeko bederatzi artistak aukera izango dute Espainiako programatzaileei beren sorkuntza erakusteko. Bigarrena Conecta art da, Nafarroako eskualde guztietako programatzaileen eta kultur eragileentzako topagunea.

Egitaraua osorik ikus daiteke www.948merkatua.com webgunean. Halaber, toki horretan eskuratu daitezke profesionalentzako eta prentsarako akreditazioak.

Argitalpenaren azoka

948 Merkatuarekin batera, azaroaren 20tik 24ra Editargi Nafarroako argitalpenaren azoka ospatuko dute, Iruñeko Sarasate pasealekuan. Azoka horrek ere hirugarren aldia izango du aurtengoa, eta bigarrenez egingo dute toki horretan. Aurten, gainera, iaz baino bederatzi argitaletxe gehiagok parte hartuko dute; orotara, hemezortzik. Egitasmoaren helburu nagusia "bertako argitaletxeen indarra erakustea" da, antolatzaileek adierazi dutenez.

Azokaren oinarria Sarasate pasealekuan jarriko dituzten argitaletxeen mahaiak izango diren arren, hiru mintzaldi ere antolatuko dituzte. Azaroaren 14an, 15ean eta 19an izango dira, Geltoki gunean, eta jorratuko dituzten gaien artean daude hizkuntza gutxituak eta edizioa, liburu ilustratua, eta edizio independentea. Azken horren kasuan, gainera, Nazioarteko Editore Independenteen Aliantzaren arduradunak emango du hitzaldia, Paulo Slachevskyk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.