Finantzak

Kutxabankek 267 milioi euro irabazi ditu hirugarren hiruhilekoan, %5 gehiago

Hipoteka maileguen salmenta onekin jarraitu du entitateak, eta urte hasieratik pilatutako operazio berriak 16.000ra iritsi dira. Senior zorraren jaulkipenaren arrakasta ere azpimarratu du Kutxabankek.

Gregorio Billalabeitia, Kutxabankeko presidentea, artxiboko irudian. KUTXABANK
Irune Lasa.
2019ko urriaren 31
17:10
Entzun

Ez dira garairik samurrenak bankaren negozioarentzat; denbora luzea daramate interes tasa apalen eragina nozitzen, eta, gainera, epe laburrera behintzat, ez dago tasen igoerarik ikusmiran. Horri gehitu behar zaio testuinguru ekonomikoa, moteltze globalarekin eta jada ezagunak diren gertakizunekin: merkataritza gerrak, AEBen muga zergak, petrolioaren prezioaren aldakortasuna, brexit-aren inguruko ziurgabetasuna...

Ingurumari horretan, urteko hirugarren hiruhilekoan emaitza positiboak lortzen jarraitu du Kutxabankek. Entitateak mozkin garbiak %5,1 handitu ditu, 267,1 milioi euro irabazita, eta emaitza horren eragile esanguratsuak izan dira hipoteka maileguen salmenta onak. Urte osoko joerarekin jarraitu du Kutxabankek, iaz baino %25 hipoteka gehiago salduz; horiek horrela, urte hasieratik irailera, Kutxabankek 16.000 operazio berri pilatu ditu mailegu hipotekarioetan.

Kontsumorako maileguen salmentan ere zenbaki onak lortu ditu Kutxabankek hirugarren hiruhilekoan, %12,5eko hazkundearekin. «Testuinguru konplexuan», apalago ibili da enpresa jarduerarako maileguetan, baina lortu du finantzatutako zirkulatzailea %3,2 handitzea. Kutxabankek interesen marjina %2,2 handitu du azken hiru hilabeteetan, eta beste hainbeste (%2,2) handitu ditu komisio eta aseguruen negozioko sarrerak. Aseguru salmentek 107 milioi euroko ekarpena egin diote kontuei. 

Uztailetik irailera berankortasun tasa murrizten jarraitu du Kutxabankek, eta iaz baino 500 milioi euro gutxiago ditu zalantzazko aktiboetan. Dituen kaudimen maila onei esker, Kutxabankek sektoreko MREL eskakizunik txikienetakoa du; baina, edonola ere, bete behar ditu kapitalizazio eskariak, eta xede horrekin irail amaieran, 500 milioi euroko senior zor jaulkipena egin du, «arrakastaz».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.