EUSKARA

Bigarren kolpea jaso du Afapnak auzitegian, euskarazko lanpostuen kontura

Hezkuntzan, Osasunbidean eta nukleo administrazioan 2017an eginiko lan deialdia ontzat jo du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak

Euskararen ofizialtasunaren aldeko manifestazio bat, Iruñean.
Euskararen ofizialtasunaren aldeko manifestazio bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ion Orzaiz -

2019ko urriak 31

HIru egunean, bi kolpe judizial jaso ditu Afapna sindikatuak Nafarroako Auzitegian. Lehena, herenegun: epaileek atzera bota zuten sindikatuaren eskaera, 2017ko zenbait euskarazko lanpostu baliogabetzeko. Gaur heldu da bigarrena: Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du atzera botako Hezkuntza Departamentuan, Osasunbidean eta nukleo administrazioan eginiko lan deialdia, "legearen araberakoa" izan zela argudiatuta. Afapnak aukera du orain kasazio helegitea aurkezteko.

Hezkuntza Departamentuko lanpostuak lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleei dagozkie. Afapnak eskatu zuen euskarazkoak baliogabe uztea, deialdian ez zirelako zehaztu ikastetxeak eta exijitutako hizkuntza maila. Epaileek erantzun dute hori ez dela Lan Eskaintza Publiko batean agertu beharreko edukia. Euskara eskakizun duten lanpostuen 2017ko eskaintza "lantalde organikoan zehaztutakoekin bat" datorrela ere nabarmendu dute epaileek.

Foruzain eta suhiltzaile postuak

Urriaren 29ko epaian, Nafarroako Auzitegiak atzera bota zuen Afapnaren beste eskaera bat, euskara baldintza gisa ezarria zuten bosna foruzain eta suhiltzaile postu baliogabetzeko.

Foruzaingoko bost postuei dagokionez —bi agente Altsasun, beste bi Elizondon eta bat Lizarran—, auzitegiak nabarmendu zuen herritarrei arreta zuzena eskaintzeko, beharrezkoa dela hizkuntz soslaiak eta gutxieneko maila linguistikoa exijitzea.

Suhiltzaile postuei buruz, berriz, epaimahaiak adierazi zuen eskainitako bost postuetatik lau direla Iruñeko parke nagusian jarduteko, eta zerbitzua Nafarroa osoan eskainiko dutela; hortaz, beharrezkoa dutela euskara. Bosgarrena, berriz, Oronotzen eskaini zuten eta, eremu euskalduna izanda, lanpostuak berezkoa du hizkuntza eskakizuna. "Postu hauetan ere ezinbestekoa izanen da ahozko komunikazioa, eta hori euskaraz ere izan dadila ahalbidetu beharra dago, hala eskatzen duten herritarrei arreta eskaintze aldera".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna