Jardunaldi feministak

Indarkeria matxista aztertzen, konponbide bila

Bigarren eguna dute gaur Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministek. Lehen mahai ingurua egin dute, eta tailerretan zein eztabaidetan murgildu dira Durangon daude 3.000 emakume inguru. Indarkeria matxista aztertzen ari dira arratsaldean.

Arratsaldeko mahai inguru nagusia. @SALDABADAGOV
Uxue Gutierrez Lorenzo - Oihana Elduaien Uranga
2019ko azaroaren 2a
19:03
Entzun

Bost ardatz nagusi dituzte V. jardunaldi feministek: bizitzak erdigunean jartzea, dekolonialitatea, gorputza eta sexualitatea, indarkeriarik gabeko bizitzak eta mugimendu feministari berari buruzko eztabaida. Atzo landu zituzten aurreneko biak, eta gaur ondorengo biei ekin diete. Gainera, Kurdistango emakumeei elkartasuna adierazteko argazki bat ere atera dute, "Turkia hiltzaile, okzidente laguntzaile" oihu artean. Arratsaldean, berriz, euskal presoak izan dituzte gogoan:

Indarkeria gabeko bizitzak eraikitzen mahai ingurua izan da arratsaldeko ekitaldi nagusia. Han, Bego Zabalak nabarmendu du feminismoak nahi duena zigorren eztabaidaz harago doala. Feminismoarentzat, garrantzitsua, kontakizunaren lehia irabaztea dela esan du. Auzitegiek jar dezaketen zigorraz harago, gizarteak erasotzaileari eman diezaiokeen zigorra garrantzitsuagoa dela. "Errelatoa eraiki eta Manadaren epaia Altsasukoarekin konparatzen badugu, ez da aurrenentzat espetxe urte gehiago nahi ditugulako, baizik eta Altsasukoak askatzea nahi dugulako". Auzitegi Nazionala desegiteko ere eskatu du, "bide batez".

Justizia feminista taldeak ere hitz egin du. Foro Sozialaren barruan sortutako taldea da, eta, nabarmendu dutenez, feminismoaren inplikazioa ezinbestekoa da euskal gatazka politiko armatuaren gaian. Justizia feminista dute helburu, eta hura pentsatzea, eraikitzea eta aplikatzea dute xedea. "Egungo justizia sistemaren azpian, zapalkuntza ezberdinak daude (matxismoa, arrazakeria, ...) eta beraz, subjektu batzuk bigarren mailako herritarrak sortzen jartzen ditu".

Goizean, berriz, Gorputzak eta sexualitatea mahai inguruan subjektuaren inguruan eta inposaturiko sexualitate ereduaren bueltan hausnartu dute Medeak, Ozen, Elkartean, Bala eta Sare Lesbianistako kideak.

Elkarteaneko kideek salatu dute urritasun fisikoa dutenek ez dutela beren sexualitatearen inguruan erabakitzeko "inolako aukerarik"; eta nabarmendu dute, bereziki txarra dela emakumeen egoera. "Libre izan nahi dugu, ez inoren mendeko. Zaintza nahi dugu, baina ez esklabotza".

Ozen elkarteko kideek Transmisoginia espazio feministetan txostena aurkeztu dute. Estereotipoetatik at dauden pertsonak "baztertuak eta bortxatuak" direla salatu dute, eta izartxoen erabilera "anbiguoa eta nahasgarria" dela.

BALAko kideen nabarmendu dute "bollera izatea borroka egiteko modu bat" dela, eta "identitate politikoa". Medeak-eko kideek, bestalde, ohartarazi dute "gorputzaren eredu bakarrarekin bat egiten ez dutenak munstrositatean giltzapetzen" ditugula; "agian ez gara zuzentasunaren dantzetatik irteten... Ez gara ausartu sorgin dantza horretan txortan egiten".

Arratsaldeko mahai inguru nagusian ari dira lantzen laugarren gai nagusia, Indarkeria gabeko bizitza eraikitzen izena jarri dioten mahai inguruan. Eta, bihar, mamiaren mamia aztertuko dute. Orain arte hitz egin eta eztabaidatutako guztia kontuan hartuta, mugimendu feminista bera aztertu, eta aurrera begirako estrategiak zehazten saiatuko dira.

Noski, dena ez da entzutea: hainbat eztabaida eta mahai inguru dituzte aukeran parte hartzaileek, goizez eta arratsaldez. Eta kontzertuak eta ikuskizunak ere bai. Saretze guztiak ez baitira testuinguru berberetan egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.