Noiz sortua: 2019-11-05 10:13:00

Espainiako bozak

Erreferendumak debekatzea proposatu du Sanchezek, Zigor Kodea aldatuta

Bozen kanpainako eztabaidan, Katalunia izan da gai nagusia. Sanchezek Franco fundazioa debekatzeko aukera atera du mahai gainera.

Hauteskunde kanpainako eztabaida
Hauteskunde kanpainako eztabaida Juan Carlos Hidalgo / EFE

Berria -

2019ko azaroak 5

Hauteskunde kanpainako eztabaidako gai nagusia Kataluniako auzia izan zen. Gainontzeko hautagaien erasoei aurrea hartuta, Zigor Kodearen erreforma egitea proposatu zuen PSOEko buru Pedro Sanchezek, erreferendumak legez kanpokoak izan daitezen. Halere, ez zen nahikoa izan eskuineko hiru alderdietako buruei eginiko keinu hori, eta PPko Pablo Casadok behin eta berriz galdetu zion ea alderdi abertzaleekin negoziatzea baztertzeko asmorik duen. Sanchezen erantzuna isiltasuna izan zen; baita Unidas Podemoseko Pablo Iglesiasek koalizio gobernu baterako aukera eskaini zionean ere.

PSOE izan zen, hain justu, Jose Luis Rodriguez Zapateroren garaian galdeketak despenalizatu zituen alderdia; horregatik, PPko Pablo Casado eta Ciudadanoseko Albert Rivera erasokor agertu ziren Espainiako jarduneko presidentearekin, proposamena mahai gainean jartzeagatik. Espainiak dituen nazio kopurua adierazteko galdegin zioten eskuineko alderdiek, "plurinazionalitatearen" ideia gogor kritikatuta.

Sanchez kritika gehienen jomuga izan zen arren, bloke bereko hautagaien arteko eztabaidak izan ziren nagusi. Horretan aritu ziren Rivera eta Casado, nahiz eta PPkoak «etsaiez ez nahasteko» ohartarazi zion: «Denok gaude ezkerra eta nazionalistak egiten ari direnaren aurka». Ciudadanoseko buruak, ordea, behin eta berriz erabili zituen PPren ustelkeria kasuak, Casadori min egin nahian. Halere, Rivera eta Casado isilik geratu ziren Abascalen hitzen aurrean. Alderdi abertzaleen ilegalizazioa eskatu zuen Voxeko hautagaiak; EAJ, EH Bildu, JxC eta ERC aipatu zituen. Autonomia erkidegoen desagerpenaren beharra izan zen gauean zehar behin eta berriz errepikatu zuen beste kontu bat: "Autonomiak edo pentsioen artean aukeratu beharko dugu". Erantzun bakarrenetakoa Riverarena izan zen, Abascali gogorarazteko hainbeste kritikatzen dituen erakundeetatik bizi izan dela orain arte.

Horren ondorioz, PSOEren hautagaiaren proposamenak berehala galdu ziren, desagertu egin ziren platoan, inoiz esan ez balitu bezala. Ez ziren neurri soilak: Sanchezek TV3 kateari begirako neurri bat ere aipatu zuen, Kataluniako Parlamentuaren bi herenak behar izateko administrazio kontseilua aukeratzeko. «Alderdikoikeria» amaitzeko erabakitzat aurkeztu zuen: «Kataluniako egoera bideratzeko, batasuna, proportzionaltasuna eta irmotasun demokratikoa dira beharrezkoak». Riverak, ordea, erasokor jarraitu zuen, eta 155. artikulua berriz aplikatzeko eskatu zion Sanchezi: «Moderatuena Konstituzioa aplikatzea da. Egiazko 155.a adostu behar da».

Unidas Podemoseko Pablo Iglesiasen esanetan, berriz, Katalunia Sanchezentzat "aitzakia bikaina" izan daiteke, PPrekin inbestidura akordio bat lortzeko. Izan ere, Iglesiasek behin eta berriz galdegin zion Sanchezi garbi uzteko norekin hitz egiteko asmoa duen gobernua osatzeko. Casadok erantzun zuen galdera, eta esan PPk ez duela PSOErekin inbestidura akordiorik lortzeko asmorik. Era berean, PSOEko buruak "eskuin muturraren aurkako osasun hesi bat" eskatu die PPri eta Ciudadanosi, besteak beste, Alemanian CDUk egin bezala. Sanchezek garbi du bere nahia: bakarrik gobernatu nahi du. Horretarako, gehien bozkaturiko alderdiari gobernatzen uzteko eskatu die gainontzeko alderdiei.

Francoren ondarea

Francisco Franco diktadorearen gorpua Erorien Haranetik atera eta gero, frankismoaren eta hark utzitako ondarearen inguruko eztabaidak mahai gainean segitzen du. Sanchezek Francisco Franco Fundazioa deuseztatzeko aukera aurkeztu zuen atzo. Iglesiasen eta Abascalen arteko eztabaidarik gogorrena ere eragin zuen gaiak. Voxeko buruaren esanetan, frankismoaren apologia Zigor Kodean txertatzeak "Iglesias legez kanpo uztea" eragingo luke: "Komunista izendatu den bakarra da". Izan ere, Abascalek Espainiako Alderdi Komunistaren eta Alderdi Sozialistaren historiaren aurka egin zuen. Vox, PP eta Ciudadanos, berriz, alderdi demokratikoak direla defendatu zuen, diktaduraren ostean sortuak. Abascalek altxamendu frankistaren alde borrokatu zen bere aitonaren memoriaren defentsa egin du, "aitona errepublikano batena" egin daitekeen bezala. "Zer gertatuko litzateke Alemanian norbaitek esango balu SSko bere aitonaren aldarrikapena egin nahiko lukeela eta beste batek kontzentrazio esparru batean hildako aitona juduarena", erantzun zion Iglesiasek. Sanchezek ere erantzun zion Voxeko buruari: "[Totalitario] itxura pixka bat baduzu".

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©Berria

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.066 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 737 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.948 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Pertsona bat zebrabidea gurutzatzen, Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Alokairu turistikoak, debekatuta Lapurdiko kostaldean

Berria

Munduan 70.000 lagun inguru hil dira COVID-19 eritasunaren eraginez, eta atzemandako kasuak ia 1,3 milioi dira; joan den ostegunean, milioi bat ziren. AEBak eta, bereziki, New York dira pandemiaren epizentro berria. AEBetan, 337.000 positibo baino gehiago baieztatu dira, eta 9.600 lagun hil.. 

Irrintzi konpartsako erraldoiak, Boiseko Basque Blocken, 2015eko Jaialdian ©Urtzi Urrutikoetxea

Diasporako euskal jairik handiena bertan behera utzi dute

Edu Lartzanguren

Boiseko Jaialdi festibala bost urtetik behin egiten dute, eta aurtengo uztailerako zegoen programatuta. Azkenean, 2021eko uztailaren 27tik abuztuaren 1era egitea erabaki dute, "ardurak eraginda".

EGA Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko probak. ©Andoni Canellada / Foku

Jaurlaritzak udazkenera arte atzeratuko ditu hizkuntza maila egiaztatzeko probak

Jon O. Urain

Indarrik gabe utzi du maiatzaren 9rako aurreikusitako proba idatzia, eta urrian egingo du. Onartutako eskabideak kontuan hartuko dira bigarren deialdi horretarako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna