Noiz sortua: 2019-11-07 20:11:25

Indarkeria matxista

19 eta 20 urte dituzte Barakaldoko sexu erasoagatik atxilotutako bi gizonek

Emakume batek jarri du salaketa: azaldu du substantzia bat bota eta bortxatu egin dutela. Elkarretaratzea egin dute herrian, mugimendu feministak antolatuta.

Erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Barakaldon./
Erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Barakaldon./ Marisol Ramirez/Foku

Berria -

2019ko azaroak 7

Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu ditu, sexu eraso bati buruzko salaketaren harira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, emakumeak atzo goizean jarri zuen salaketa, adierazita gizonezko batzuek eraso egin ziotela astelehen gauean, Barakaldoko (Bizkaia) etxebizitza batean. 19 eta 20 urte dituzte atxilotutako gizonek.

Logelak alokatuta dituen etxebizitza batean gertatu zen erasoa. Emakume hori eta haren bikotekidea bizi dira geletako batean, eta bi atxilotuak bestean. Salaketaren arabera, elkarrekin egon ziren gauean, eta, halako batean, erasotzaileek substantziaren bat bota zuten emakumearen edarira eta haren bikotekidearenera, haiek lo hartzeko. Abagune hori erabili zuten emakumeari eraso egiteko. Ertzaintzak atzo gauean hasi zuen ikerketa, eta miaketa bat egin zuten etxebizitza horretan, frogak jasotzeko.

Eraso salaketa horren harira, Barakaldoko Udalak akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki du, Clara Campoamor elkartearekin batera. Adierazpen instituzional bat ere egin du udalak, eta «nazkagarritzat» jo du erasoa. Mugimendu feministak elkarretaratze bat antolatu du arratsaldean, Herriko Plazan.

Argitan elkarteak ohartarazi du tratu txarrak eta indarkeria matxista emakumeek «gizarteko gune guztietan bizi duten diskriminazioaren» ondorio direla. Adierazi dute Bizkaian zortzi salaketa egiten dituztela egunean, indarkeria matxista fisikoagatik eta psikologikoagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna