Zinema

Euskal film laburrekin hasiko da 61. Zinebi, bihar

Euskal sortzaileek ondutako zazpi lan proiektatuko dituzte Bilboko Arriaga antzokian, inaugurazio galaren amaieran. Sail Ofizialeko lehian parte hartzen dute guztiek.

Josu Martinezen 'Anti' filma izango da ikusgai biharko galan, besteak beste. ZINEBI
Erredakzioa
2019ko azaroaren 7a
09:55
Entzun

Bihar ekingo dio Zinebik, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, bere 61. edizioari. Arriaga antzokian ekitaldia egingo dute iluntzeko zortzietan, Sra. Polaroiska kolektibo artistikoaren gidaritzapean. Omenaldi bikoitza hartuko du, batetik, ekitaldiak; eta euskal sortzaileek egindako zazpi film laburren emanaldiak ere izango dira, bestetik, galaren amaieran. Honakoak dira zazpi lan horiek: Xulia dokumentala, Lur Olaizolarena; Mateoren ama fikzioa, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagarena; Ártico dokumentala, Jesus Mari Lazkano eta Josu Venerorena; Anti fikzioa, Josu Martinezena; Medvedek dokumentala, Ainhoa Gutierrezena; Regina fikzioa, Lander Ibarretxerena; eta Solo son peces dokumentala, Paula Iglesias eta Ana Sernarena.

Sail Ofizialeko lehian parte hartzen duten 57 film laburren artean daude euskal sortzaileen zazpi lan horiek. Bilboko Jaialdiko Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Zinema Espainiarraren Sari Nagusia (6.000 euro), lehiaketako hiru generoetako –fikzioa, dokumentala eta animazioa– Mikeldiak (5.000 euro bakoitza), Ikus-entzuleak-EiTB Saria (3.000 euro) eta Euskal Gidoirik Onenaren SGAE– Euskadi Kontseilua Saria (3.000 euro) lortzeko lehiatuko dira. Orotara, hemezortzi fikzio, 22 dokumental eta hamazazpi animazio lan erakutsiko dituzte aurten Sail Ofizialeko lehian.

Emanaldien aurretik, 61. Zinebiren aitorpena jasoko duten hiru zinemagileetatik biri Ohorezko Mikeldia emango diete: Claire Simon zinemagile frantsesari eta Wang Bing zuzendari txinatarrari. Marta Meszaros zinemagile hungariarra izango da aurtengo beste saritua —datorren astean jasoko du hark aitorpena—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.