Memoria historikoa

Babesgabetasuna salatu dute Erorien Haranean hobiratutakoen senideek

Bilera egin dute Espainiako Gobernuko ordezkariekin, gorpuak handik ateratzeko aukera aztertzeko, baina "borondate argirik" ez dute ikusi.

1936ko gerran hildako eta hobi koun batean hobiratuta euskal herritar baten gorpuzkiak. JAGOBA MANTEROLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko azaroaren 7a
19:28
Entzun

Erorien Haranean hobiratuta dauden euskal herritarren familietako kide batzuek bilera bat egin dute Espainiako Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko ordezkariekin, azken horiek deituta, Madrilen. Hurkoak handik atera eta Euskal Herriratzeko eskaera egina dute senideek, eta aukera horretaz aritu dira hizketan. Gobernuko ordezkariek esan diete ez dutela baztertzen aurrera egitea, baina zuhurtzia eskatu diete familiei, eta ohartarazi igandeko hauteskundeetako emaitzek prozesua baldintza dezaketela.

Azalpenak eskertu dituzte senideek, baina ez dute ikusi gobernuko ordezkarien aldetik "borondate argirik". "Txosten teknikoak, xehetasunak, eragozpenak...Badirudi horrekin guztiarekin ito nahi dutela auzi hau; Franco handik ateratzeko maniobrarekin bere horretan utzi nahi dutela guztia", azaldu du bileran parte hartu duen Ekhiñe Atorrasagastik, Erorien Haranean hobiratua dagoen Lucas Ugarteren senideak. "Ez digute zehaztu zein izango den hurrengo urratsa, ez digute eperik eman".

Duela bi egun jaso zuten bilerarako deialdia. Euskal Herritik zazpi lagun joan dira, eta Valentziatik (Herrialde Katalanak), beste bi. Atorrasagastik azaldu duenez, gobernuak txosten arkitektoniko bat egin du mausoleo frankistako basilikan dauden horma hilobi, hobi komun eta hezurtegiei buruz. Horren berri eman zieten atzo; astelehenean jasoko dute senideek, eta uste dute gobernuak publiko egingo duela. "Presaka egindako zerbait dirudi bilerak. Esan digute gardentasunez jokatzeko egin dutela".

Txosten "mardulean" ez dago ezer berririk, Atorrasagastiren arabera. "Jakina zen egitura ez dagoela egoera onean, hildako batzuk kutxetan daudela, beste asko ez, hezurrak nahastuta daudela, identifikatu gabe... Hara eraman zituzten inoiz handik ateratzeko asmorik gabe. Logikoa dirudi, beraz, zailtasun tekniko handiko lan bat izatea".

Gobernuko ordezkariek jakinarazi diete txosten horrez gain beste batzuk egin beharko dituztela: bideragarritasunari teknikoari buruzkoak, auzi medikuenak eta juridikoak, besteak beste. "Badakigu alde teknikoa konplexutasun handikoa izan daitekeela, baina funtsean borondate politiko kontu bat da atzean, eta orain arteko frankismoko biktimek izan duten babesgabetasuna ikusita, ezin dugu gehiegi espero".

Euskal Herritik, 1.312

1936ko gerran hildako 33.833 gorpu daude Madrilgo Erorien Haranean, bi aldeetakoak. Euskal Herritik, zehazki, 1.312 hilotz eraman zituzten hara 1958tik aurrera, hango hobi erraldoiak betetzeko. Bakan batzuk, senideen oniritziarekin; gehienetan, inori ezer esan gabe, hilerrietatik ebatsiz. Arabatik eraman zituzten gehienak: 613. Nafarroatik, berriz, 249; Gipuzkoatik, 238; eta Bizkaitik, 212.

Orain arte, antzuak izan dira monumentutik hilotzak ateratzeko saialdi guztiak; salbuespen bakar batekin: 1980ko otsailean Nafarroako hainbat herritako 133 fusilatu errepublikanoren gorpuak atera zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.