Musika

Eñaut Elorrietak orain arteko diskorik pertsonalena eta esperimentalena kaleratu du

Irteera argiak izena du diskoak, eta iluntasunetik argira arteko bidaia bat proposatzen du. Bederatzi kantuz osatu du lana, eta Elorrietaren hitzez gain, hainbat idazleren hitzak ere ageri dira. Abeslariaren esanetan, "kantuaren soiltasuna" izan da lan prozesu guztiaren iparrorratza.

Nagore Arin -

2019ko azaroak 8

"Ahotsarekin soilik hasi eta ahotsarekin soilik amaitzen da". Horrela aurkeztu du Eñaut Elorrieta (Gernika, Bizkaia, 1975) abeslariak Irteera argiak disko berria. 2013. urtean aurkeztu zuen haren lehen bakarkako lana, Deserriko kantak; Elorrietaren esanetan, deserriari buruzko lan kontzeptuala. Sei urteren ondoren etorri da bigarrena, eta, nabarmendu duenez, iluntasunetik argirako bideari egiten dio erreferentzia. Horren adierazgarri da lanaren izenburua: Irteera argiak (Elkar). Sortzailearen arabera, "beste guztiak itzaltzen direnean pizten diren argiak" izango lirateke irteera argiak, "beti hor egon arren, larrialdi egoeretan garrantzia berezia hartzen duten argi horiek".

Zaldia eta behe lainoa, Inesa Gaxen, Eguzki argitan, Hariak, Une batez, Ezbeharra, Irteera argiak, Ez dago ezer eta Ur gainean. Horiek dira Elorrietaren lan berria osatzen duten kantuak. Elorrietaren iritziz, bidaia multzo bat proposatzen du diskoak, eta bidaia horiek aletu ditu aurkezpenean, gaur, Donostian. Heriotzatik bizitzara arteko bidaia da aipatu duen lehena: "Disko honek badu kanpo testuinguru bat; iruditzen zait Euskal Herrian eta munduan egon direla azken urteetan ziklo aldaketak, bai politikoki baita musikalki ere". Halaber, haren ziklo pertsonalari ere egin dio aipu: aitatasuna, inguru hurbilean izan dituen hainbat galera... "Horiek guztiek busti dute disko hau", nabarmendu du. Kontzeptu artistikoari dagokionez, deseraikitzetik eraikitzera igaro da abeslaria: "Iruditzen zait disko honekin eraikuntzan natorrela, lehenago deseraikitako guzti horretan, esperimentazio guzti horretan, aurkitu ditudan lurralde, gune, giro... horiek bildu ditudala disko honetan".

Bigarren bidaia gai sozialetatik existentzialetara artekoa izango litzateke. "Nire lan pertsonalena da: bizitzaz, heriotzaz, maitasunaz... hitz egiten dut eta", adierazi du. Erbesteaz hitz egin zuen aurreko lanean, abeslariaren hitzetan, "gai politiko bat". Oraingoan, gai existentzialagoak landu ditu, baina gai horien izaera politikoa ere nabarmendu du: "Orain arte politikotzat ez genituen gaiak ere politikoak direla jabetzeko balio izan du". Hirugarren bidaiak lanaren izenburuari egiten dio keinu: iluntasunetik argira arteko bidea. "Hitz egiten dut gai gordinez, baina argirantz joateko nahi batekin", azaldu du. Hala, estrategia anitz erabili ditu hitzak idazterakoan, kasurako: "Sakonkeriatik urruntzea, sakontasuna galdu gabe". Emozioa bilatzen ahalegindu da kantuetan, baina, betiere, "dramatik eta euforiatik pasatu gabe".

Laugarren bidaia "astroetatik partikuletara" doana izango litzateke: "Gauza handiez hitz egin dut hitz arinak erabilita". Elorrietaren arabera, diskoaren ezaugarri bat ere bada txikira etortzeko joera hori: "Osotasun hori txikira etortzen eta txikian bilatzen saiatu naiz". Bosgarren bidaian bakardadetik konpartitzera arteko bidea egin du; izan ere, sorkuntza eta konposizio prozesu guztia "bakartia" izan dela azpimarratu du. Ondoren hasi zen konpartitzen, batez ere Uxue Alberdirekin eta Ruben Caballerorekin, Elorrietaren aburuz, haren "bi erreferentziak". Musikariekin, aldiz, estudioan konpartitu ditu kantuak lehenengo aldiz: "Niretzat oso berezia izan da; normalean gauzak oso lotuta eramaten ditut estudiora, baina, kasu honetan, irekita joan naiz, musikari sortzaile eta irudimentsuekin elkartu naizelako". Horregatik, orain arteko "lan esperimentalena" dela esan du, estudioko magia jaso nahi izan duelako.

Musikalki ere esperimentazioari bide eman dio abeslariak: "Tonu baxuagotan aritu naiz, giro ilunagoak bilatu ditut, baina linea melodiko arinak dira aldi berean". Horrela, elementu askorekin, iluntasunaren eta argiaren artean egon da jolasean. Letrei dagokienez ere, ahots propioa gehiago landu nahi izan du, eta diskoan Elorrietaren hitzak eta beste idazle batzuen hitzak uztartzen dira, horien artean: Uxue Alberdi, Jose Luis Otamendi, Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxaga. Gainera, Deserriko kantuak lanean ez bezala, baxuaren presentziaren alde egin du abeslariak: "Fernando Neiraren baxuak lurra ematen die kantuei; aurreko lanean hautu kontziente bat izan zen baxua ez erabiltzea, lurraren presentzia eza irudikatzen zuelako baxua ez egoteak".

Soinuari dagokionez, "kantuaren esentzia" izan da abeslariaren iparrorratza: "Kantuaren bila joan naiz, kantuaren soiltasunaren bila, eta hori izan da nire obsesioa". Orain, zuzeneko kontzertuak ematen hasiko da, eta lau data iragarri ditu: azaroaren 22an Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero Kulturgunean, azaroaren 24an Urruñako (Lapurdi) Iturbide Aretoan, abenduaren 1ean Bilboko Arriaga Antzokian, eta, azkenik, abenduaren 22an Donostiako Viktoria Eugenia Antzokian.

 

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna