Indarkeria matxista

Espetxeratu egin dituzte Barakaldoko sexu erasoagatik atxilotutako gazteak

Salaketaren arabera, neska bati substantzia bat edanarazi eta sexu eraso bat egin zioten. Udala akusazio izango da auzibidean.

Erasoa salatzeko atzo iluntzean Barakaldon eginiko elkarretaratzea
Erasoa salatzeko atzo iluntzean Barakaldon eginiko elkarretaratzea / Marisol Ramirez (Foku)

Berria -

2019ko azaroak 8

Ertzaintzak atzo atxilotutako bi gizonezkoak epailearen aurretik pasatu dira gaur, eta behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du hark. Sexu eraso bati buruzko salaketaren harira atzeman zituzten. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, emakumeak herenegun goizean jarri zuen salaketa, adierazita gizonezko batzuek eraso egin ziotela astelehen gauean, Barakaldoko (Bizkaia) etxebizitza batean. Atxilotutako gizonetako batek 19 urte ditu, eta besteak, 20.

Logelak alokatuak dituen etxebizitza batean gertatu zen erasoa. Emakume hori eta haren bikotekidea geletako batean bizi dira, eta bi atxilotuak, bestean. Salaketaren arabera, gauean elkarrekin egon ziren, eta, halako batean, erasotzaileek substantziaren bat bota zuten emakumearen edarira eta haren bikotekidearenera, haiek lo hartzeko. Abagune hori erabili zuten emakumeari eraso egiteko. Ertzaintzak herenegun gauean hasi zuen ikerketa, eta miaketa bat egin zuten etxebizitza horretan, frogak jasotzeko.

Eraso salaketa horren harira, Barakaldoko Udalak akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki du, Clara Campoamor elkartearekin batera. Adierazpen instituzional bat ere egin du udalak, eta "nazkagarritzat" jo du erasoa. Mugimendu feministak elkarretaratze bat antolatu zuen atzo arratsaldean, herriko plazan.

Argitan elkarteak ohartarazi du tratu txarrak eta indarkeria matxista emakumeek «gizarteko gune guztietan bizi duten diskriminazioaren» ondorio direla. Adierazi dute Bizkaian zortzi salaketa egiten dituztela egunean, indarkeria matxista fisikoagatik eta psikologikoagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna