Nekazaritza

Nafarroa Garaian ere herri laborantza egin daitekeela erakutsiko dute gaurtik Lurraman

Aurten Nafarroa Garaia gomitatu dute. Etxalde ttipietako ekoizpenak, kabalak eta errealitateak aurkeztuko dituzte hango laborariek Miarritzen.

Zekale landa handi bat, Beriainen. IñIGO URIZ, FOKU
Iñaki Etxeleku.
2019ko azaroaren 8a
21:39
Entzun

Alimaleko landa eremuak ikus daitezke Nafarroa Garaiko laborantzari so egitean. Industria laborantza intentsiboa. Baina bada beste eredurik lantzen duen laboraririk, nahiz eta guti izan.

Nafarroako EHNE sindikatuko lehendakaria da Imanol Ibero, baina laboraria lehenik. Mahastizain eta ardogilea zehazki, Oibar herrian. Hegoaldeko funts handiak errealitate baldin badira ere, oroitarazi du aniztasun handiko ingurugiroa badela. "Nafarroa Garaia handia da eremuz, bai, baina justu berrogei kilometroan biltzen ditu hainbat klima eta eremu: Pirinioetako klima, Iruñe aldekoa —Isurialde Atlantikoko baldintzak sumatzen ditu, baita Mediterraneo aldetik datorren klima ere—, eta, Iruñe aldetik behera, Mediterraneokoa; eta horretan ere badaude ezberdinak diren hainbat eremu".

Horrek dakar eremuen araberako ekoizpenak egotea. "Nafarroako hegoaldeak barazkiak ditu berezko produktuak. Badira ibai ingurune handiak, bertatik pasatzen delako Ebro ibaia. Eta Ebro ibaiak kristoren lur pilak ureztatu ditu aspalditik Erriberan". 33.000 hektareatan lantzen dira barazkiak. Lekadunak ere aipa daitezke: ilarrak, babarrunak, babak (22.000 hektarea). "Nafarroa erdialdea deitzen zaion horretan —Tafallan, Lizarrerrian—, gehiago egon dira urik behar izan ez duten laborantzak: olibondoak, mahastiak, garia, garagarra". Halatsu Iruñea inguruko eremuetan. "Iruñeko aldean, gehienbat garagarra eta garia egiten da, baita bazka belarrak ere. Eguzki lore eta koltza pixka bat". Zekale, gari, garagar alorrek 190.000 hektareako eremua osatzen dute. Belar, luzerna, alpapa, zalke edo arto eremuek 115.000 hektarea.

Baztan, Aezkoa, Erronkari aldeetan beste gisako laborantza egin izan da. "Mendialdean, bereziki abereei lotua izan da laborantza. Belarrak eta bazkak".

Industrializazioak eta nazioarteko merkatu librean sartzeak itxuraldatu zuen guziz Nafarroa Garaiko nekazaritza, besteetan bezala. Ondorioetarik bat izan da laborari kopurua peko errekara jautsi dela. Hainbestetaraino, non, gaur egun, 3.000 laborari inguru baizik ez diren gelditzen. "Nafarroan sortu zen intentsifikazio prozesu ikaragarria azken lau hamarkadetan. Nekazari populazio asko eta asko hirietako industrietara bideratu zituen. Ekoizpen ereduan, lur sailen zabaleran aldaketa handiak izan ziren, eta ekoizpen logika hutsal batean sartu ginen, eta orain ere bagabiltza". Logika horretan sartu da Nafarroako Gobernuak eginarazi duen Itoizko urtegia, besteak beste, hegoaldeko laborantza industriala ureztatzeko.

Iberok aitortzen du, entseatuak entseatu, zaila dela logika horri buru egitea eta beste eredu bat garatzea. "Kristoren kontzentrazio dinamika gertatu da gure landa eremuetan, eta, egia esan, behar dugu argi pixka bat. Oso nekazari gutxi gelditzen dira herrietan. Ari dira industria enpresa handiak, jatorri ezezaguneko funtsak lurraren jabetzetan sartzen. Erronka handia dugu eredu intentsibo horri buelta ematea".

Gero eta ekoizpen ekologiko gehiago ikusten da Nafarroa Garaitik. Baina hor ere eredu arazo bat ikusten du: "Egia da ekologikoan egiten den negozioa gero eta handiagoa dela, sektore guztietan: barazkietan, garian, garagarrean eta abeltzaintzan. Sektore ekologikoak agian ez du lurra kutsatzen, baina askotan ez du eredu sozial bat defendatzen". Hots, industriaren jokoan sartua da azkar. "Hegoaldean ekoizten den barazki asko eta asko Europan barna saltzen da izozturik".

Itxaropena atxikitzen du Iberok, beste ikuspegi batzuk agertzen hasiak baitira. Erronka handiak ikusten ditu hezkuntzan. Lurren kudeaketa da funtsezkoa den beste problema. Europako PAC diru laguntzek, gainera, lur jabeak dituzte laguntzen, eta ez dira baitezpada lurra lantzen dutenak. "Oso desitxuratuta gelditu da langile nekazarion eskubidea eta PAC horren jasotzaileen izatea. Nork duen laguntza jasotzeko eskubidea eta nor ari den lanean".

Urrats batzuk badira, halere, etxalde ttipiek ezagupena erdiets dezaten. Erosketa publikoen arloan, konparazione. "Egin izan ditugu saiakerak jantoki publikoek ekoizle txikien alde egin dezaten. Sortu da ekoizle txiki ekologikoen eskaintza koordinatzen duen Ekoalde plataforma ere, ekoizle txikiengandik sortua".

Iruñeko Geltoki proiektua aipatu du, bestalde, hiriko jendea ohar dadin beste gisa batez kontsumi dezakeela, lurraldeko ekoizpen batzuk lehenetsiz. Funtsean, xede horrek Euskal Herri guziari begira balio duela dio Iberok. Ipar Euskal Herrian erosle talde batzuk badira Donapaleun, Baionan edo Urruñan, Nafarroa Garaitik janari eta edari ekologikoak jinarazten dituztenak. Baina arras guti dira oraino. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin ere lantzekoa litzatekeela uste du. "Herri izaera babesteagatik, sostengagarritasunagatik, zentzu osoa dauka". Ezen gibel egite handia izan baita maila horretan joan den mendetik. "Ikusten delarik EAErekin zegoen produktu jarioa orain duela hamarkada batzuk, ikaragarri ahuldu da. Globalizazioarekin, zainzuriak Perutik ekartzen hasi ginelako, olioa Andaluziatik, ardoa ez dakit nondik. Bada garaia berreskuratzeko".

Hiria kontzientziatu

Gomitari baikorki ihardetsirik, Nafarroa Garaiko herri laborantzaren ereduko ezaugarriak erakutsiko dituzte igande arte Biarritzen. “Zenbait gunetan egotea proposatu ziguten: batetik, azoka eremuan, non nafar laborari txikien produktu anitz eramango ditugun. Egongo gara 50 produktu baino gehiagorekin”. Tokiko abere arrazen ferian ere izanen dira Nafarroa Garaiko kabalak. Afari bat eginen da hango janariekin. Nolaz ez, ostatuan, arnoak leku berezia izanen du. Kultura egitarauan ere Hegoaldeko nafarrak gomitatu dituzte. Iberok berak hitzaldia eginen du klima aldaketaren inguruan izan daitezkeen alternatibez aritzeko, bere mahastiko esperientziatik.

Lehen aldia dute Nafarroa Garaitik halako antolakuntza muntatzen dutela. EHNEk duen Bizilur azoka badute orain arte, zuzeneko salmentan diren laborari etxalde ttipien artean, baina Lurramak beste izari bat duela dio Iberok. "Tamaina honetako antolakuntzan ez ginen ibiliak. Esperientzia pilotua izan da. Lan handia, baina polita. Eta, aldi berean, bidea irekitzen digu Nafarroa Garai honetan zer edo zer egiteko; hiri inguruko jendeari erakusteko zer nekazaritza errealitate daukagun. Harreman hori behar dugu. Ikasgai polita hartzen dugu Lurramatik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.