KATALUNIA

Hemeretzi lagun atxilotu dituzte Tsunami Demokatikoak Jonqueran egindako mobilizazioan

24 orduz baino gehiagoz blokeatuta egon ondoren, berriro ireki dute AP-7 errepidea. Plataformak elkarretaratze batera deitu du Gironan, AVEren geltokiaren parean

Andoni Imaz.
2019ko azaroaren 12a
17:35
Entzun

Frantziako Poliziak atxilotu ditu hemezortzi pertsona Katalunia bitan banatzen duen mugan, eta mossoek bestea. Frantziako Poliziak, Guardia Zibilak eta Mossos D'Esquadrak koordinatuta jokatu dute ehunka lagun erakarri dituen mobilizazioa sakabanatzeko ahaleginean. Tsunami Demokratikoak mobilizazioak Gironara eramatea erabaki du. Bestetik, CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek 19:30etatik aurrera Bartzelona «blokeatzeko» deia egin dute.

Tsunami Demokratikoaren deiari erantzun, eta milaka pertsonak 24 orduz baino gehiagoz itxi dute AP-7 autobidea —A9, mugaz iparraldera—, Katalunia bitan banatzen duen mugan, Jonquera eta Pertus udalerrien artean. Blokeoari bihar arte eustea da haien asmoa, baina Frantziako poliziak hasi dira manifestariak errepidetik aterarazten. 08:00etan ekin diote operazioari: Frantziako poliziak iparraldetik, eta Mossos D'Esquadrako kideak hegoaldetik. Frantziako poliziek borrak eta negar gasa erabili dituzte manifestariak hegoalderantz eramateko. Haiek, ordea, barrikadak egin dituzte, eta herri harresi bat osatu dute.

Polizien kargak hasi eta hiru ordura, gutxienez hemeretzi lagun atxilotu dituzte, 324 telebista katearen arabera: Frantziako poliziek hemezortzi atxilotu dituzte, eta bakarra mossoek. 11:00etan, larrialdi zerbitzuek adierazi dute sei zauritu daudela, zauri arinekin. Bakarra eraman dute ospitalera. Sanitaris per la Republicak oso bestelako zenbakia eman dute: 125 lagun artatu dituztela adierazi dute.

09:00etan, mossoek manifestariei adierazi diete Jonquera parean iparraldeko noranzkoan dauden ibilgailuak kentzeko. Errepidean geratu direnak garabiekin eraman dituzte. Pixkanaka aterarazi dituzte manifestariak errepidetik, eta Jonquerako kiroldegira jo dute haiek. Tsunami Demokratikoak hara joatera dei egin du, esanda poliziaren operazioak «orduak» iraungo dituela.

Poliziek lerro bana egin dute iparraldetik eta hegoaldetik. Alde batean, manifestariak dantzan eta kantuan aritu dira haien aurrean; bestean, mossoek barrikadak bidetik kendu dituzte. Gainera, protestan ari zirenak errepide bazterreko lurrezko bide batetik bidali dituzte, autobidera itzul ez daitezen.

Tentsio uneak izan dira, kamio batek manifestariak aurrean eraman dituenean.

Ehunka pertsonak igaro dute gau hotza errepidean, Kataluniako buruzagien aurkako sententziaren kontra protesta egiteko: Tsunami Demokratikoak erabili ohi duen Spain, sit and talk mezua zabaldu dute. Haien asmoa da muga hiru egunez ixtea; alegia, protestekin jarraitzea bihar arte. Errepide mozketa hori da Tsunami Demokratikoaren orain arteko «anbizio handieneko ekintza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.