'Barraskilo operazioa', 18:00etan, Oiartzun eta Hendaia artean

Plataformaren oharraren arabera, «Katalunia eta Euskal Herriarentzako eskaintza demokratikoaren garaia da». Ertzaintzak «beharren arabera» mobilizatuko ditu agenteak. Eusko Jaurlaritzak eskatu du Biriatun trafikoa errespeta dadila.

Tsunami Demokratikoaren irudia, arratsaldean muga ixtera deituz.
2019ko azaroaren 12a
16:52
Entzun

18:00etarako egina dago deialdia. Tsunami Demokratikoa plataformak Barraskilo operazioa deitu dio, eta zera proposatzen du: A-8 autobideko Oiartzungo ordainlekutik aterata, autoak orduko 60 kilometroko abiaduran joatea Hendaiako ordainlekuraino. «Estatu espainola eta frantsesa batzen dituen errepidearen mugak» ixtea du helburu mobilizazioak. Donostiako Garbera merkataritza guneko gasolindegitik 17:30etan abiatzera deitu du Tsunami Demokratikoak.

Mobilizaziora joateko deialdiak egin dituzte Euskal Herriko hainbat herritan. Etxarri Aranatzetik, Antzuolatik, Bilbotik, Lekeitiotik, Ondarroatik,  eta Gasteiztik abiatutakoek bidean behar dute jada, eta Durangotik 17:00etan abiatuko dira (Tabirako parkinetik).   

Tsunami Demokratikoak planteatutakoaz galdetu diote Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari, eta mobilizazioarekin bat egingo dutenei eskatu die errespeta dezatela trafikoa Biriatun. Gaineratu du Jaurlaritza ez dela trafikoa blokeatzen duten ekintzen aldekoa. Jaurlaritzak ez du, oraingoz, balizko blokeoa saihesteko neurririk hartu, baina, Erkorekak nabarmendu duenez, deialdiaren informazio gehiagoren zain daude.

Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek Efe berri agentziari jakinarazi diotenez, Ertzaintzak «beharren arabera» mobilizatuko ditu agenteak.

Aitzina gazte erakundeak jakinarazi du bat egingo duela.

Tsunami Demokratikoaren arabera, arazoa ez dira Katalunia eta Euskal Herria: «Arazoa estatu espainiarra bera da». Eta, auzia konpontzeko, dei argia egin dio Madrili: esertzeko eta hitz egiteko. Hau da: «Sit and talk». Elkarrizketa horien ondorioa erreferenduma egitea litzateke, desobedientzia zibil ez-biolentoko dinamika horrek oharrean nabarmendu duenez: «Autodeterminazio eskubidea errespetatzea». Ipar Katalunia eta Kataluniako Printzerria lotzen dituen errepidean ere antzeko ekintza bat egiten ari dira atzotik. «Herriok indartsuagoak gara gure eskubideen alde elkarlanean arituz».

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak babesa eman dio mobilizazioari.

Tsunamiak dioenez, azken hilabeteetan «ikasgai bat» bat atera du: «Herri oso bat olatu bat bezala kalera ateratzen denean, gai da Europako Batasuneko estaturik errepresiogileena ere gainditzeko». CUPeko hainbat eledunek, Eulalia Reguantek, Maria Rovirak eta Mireia Boyak, esaterako, deialdia babestu dute.

Irail hasieran eman zuten herritarrek bultzatutako plataformaren berri. Buruzagi subiranista guztiek begi onez ikusi zuten, eta Espainiako Auzitegi Gorenak lider independentisten kontra ezarritako sententzia kaleratu zutenean egin zuen lehen ekintza esanguratsua. Joan den astean eman zuen aste honetarako iragarritako mobilizazioen berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.