Katalunia

Orain arteko "anbiziorik handieneko ekintza" iragarri du Tsunami Demokratikoak

Espainiako hauteskundeen ondorengo egunetan egingo dute: azaroaren 11tik 13ra. Hiru eguneko protesta ekintza jarraitua izango da. Biharko, ehunka ekintza prestatu dituzte Kataluniako 300 herritan baino gehiagotan. Ekintza horiek Tsunami Demokratikoaren aplikazioa probatzeko balioko dute.

Milaka herritarre Bartzelonako El Prat aireportua hartu zuten urriaren 14an, Tsunami Demokratikoak deituta. QUIQUE GARCIA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko azaroaren 8a
14:26
Entzun

"Presta gaitezen hiru eguneko irailaren 11 baterako". Hitz horiekin iragarri du Tsunami Demokratikoak orain arte egin dituen mobilizazioetan "anbiziorik handieneko ekintza" izango dena. Irailaren 11n Diada ospatzen dute Katalunian, eta manifestazio erraldoiekin bete ditu mugimendu independentistak Bartzelona erdiguneko kaleak azken urteetan, independentziaren alde. Aditzera eman duenez, gisa horretako protesta jendetsu bat antolatu nahi du plataformak, Kataluniako auziarentzako konponbide bat aldarrikatzeko.

"Jendeak mobilizatzen eta bere indarra erakusten jarraituko du autodeterminazio eskubidea gauzatzeko irtenbiderik ez den artean; presoentzako, erbesteratuentzako eta errepresaliatuentzako eta oinarrizko eskubideen erabilera askerako konponbiderik ez den artean", adierazi du sare sozialen bidez zabaldu duen oharrean.

Tsunami Demokratikoak herritarrei eskatu die azaroaren 11, 12a eta 13a gorde ditzatela mobilizazioetan parte hartzeko. Langileei eskatu diete jai hartzeko, gutxienez, egun horietako batean. Horrez gain, ekintzarako prest egoteko hainbat gomendio egin dituzte: "lurralde osoan" mugitzeko prest egotea, eta, ahal izanez gero, gaua kanpoan pasatzeko prest egotea, eta eskura izatea sakelakoarentzako ordezko bateriak, lotarako zakua, kanpin denda, hotzetik babesteko jantziak eta jana eta edaria eskura izatea. "Jarrera ez-biolento sendoa" ere galdegin dute.

Azaldu dutenez, azaroaren 9tik aurrera, Tsunami Demokratikoaren ekintza guztiak plataformaren aplikaziotik eta Telegram, Twitter eta Instagram kontuetatik bideratuko dira. Herritarrei plataforma horiek guztiak jarraitzeko eskatu diete.

Hiru eguneko mobilizazio horren aurretik, Tsunami Demokratikoak hainbat ekintza prestatu ditu, biharko, Espainiako hauteskundeen hausnarketa egunerako. 300 herritan baino gehiagotan, ehunka ekintza prestatu dituztela jakinarazi dute. "Deialdi horretan, Espainiako Hauteskunde Batzordea desobeditzeaz gain, Tsunamiaren aplikazioa lehenengoz erabiliko dugu". Plataformak jakinarazi du "komunikazio txikiak" egiteko eta aplikazioa teknikoki probatzeko aukera emango dutela biharko ekintzek. "Beraz, protesta egun bat izango da, baina baita azaroaren 11tik 13rako hiru eguneko protestei begirako azterketa bat ere".

Biharko ekintzen aurretik Tsunami Demokratikoaren aplikazioko azken bertsioa deskargatzearen garrantziaz ohartarazi dute, "erasoen kontrako seguruena" delako. Aplikazioa QR kodeen bidez baieztatuta duenari, berriz, biharko aplikazioa prest izateko eskatu diote. Oraindik QR koderik lortu ez dutenek, bestalde, biharko ekintzetan horiek eskuratzeko aukera izango dutela aurreratu dute.

Tsunami Demokratikoa Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auziko epaiari erantzuteko sortu zen, eta Espainiako Auzitegi Gorenak zigorraren berri eman zuen egunean antolatu zuen orain arteko ekintzarik indartsuena. Urriaren 14an, milaka eta milaka herritarrek Bartzelonako El Prat aireportua hartu zuten, plataformaren deiari erantzunez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.