Katalunia

Junqueras eurodiputatu gisa onartu beharko litzatekeela dio EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak

Abokatuaren esanetan, Kataluniako presidenteorde kargugabetu eta espetxeratuak immunitatea izan beharko luke joan den uztailaz geroztik.

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetu eta espetxeratua, maiatzaren 21ean, Espainiako Kongresuko diputatu akta jaso zuenean. J.J. GUILLEN / EFE
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 12a
11:40
Entzun

Maciej Szpunar Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko Abokatu Nagusiaren arabera, Oriol Junqueras ERCko idazkari nagusia eurodiputatu moduan onartu behar dute, parlamentari akta jaso ezin izan zuen arren espetxean zelako. Azaldu duenez, ofizialki hautatua izan den pertsona bat ganberako kide da aukeratua izan den unetik, eta  hori ezin da Espainiako Konstituzioari zin egitearen edo beste edonolako tramiteren menpe egon. Gaineratu du Europako Parlamentuak erabaki behar duela Junquerasi immunitatea mantentzen dion ala ez.

Abokatu Nagusiaren ondorioak ez dira lotesleak, baina, normalean, EBko Justizia Auzitegiak ildo beretik jotzen du. Szpunarrek gehitu du Junquerasek joan den uztailaren 2tik —parlamentua osatu zen egunetik— izan beharko lukeela eurodiputatuek duten immunitatea. Hori eskatzen du buruzagi subiranistaren defentsak, baina Madrilek eta Europako Batasunak ezezkoa defendatu dute orain arte, argudiatuz Junquerasek ez zuela jaso parlamentari akta.

Junquerasek ezin izan zuen eurodiputatu akta jaso, behin-behinean espetxeratuta baitzegoen Kataluniako erreferendumaren auziarengatik, eta Espainiako Auzitegi Gorenak ez baitzion baimenik eman Espainiako Hauteskunde Batzordearen aurrean aurkezteko. Gorenak deliberatu zuen Junquerasen kontrako auzibidea "arriskuan" egongo zela parlamentari akta hartzen utziz gero.

Junquerasek bezala, ezin izan zuten diputatu akta jaso Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak eta Toni Comin Kataluniako Osasun kontseilari kargugabetuak ere, nahiz eta diputatu hautatuak izan ziren. Puigdemont eta Comin Belgikan daude, erbestean.

Hain zuzen, Puigdemontek hizpide izan du EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiaren txostena. Twitterren adierazi du Junquerasek Europako Parlamentuan eserita egon beharko lukeela, Cominek eta Puigdemontek berak bezala. "Horrek adierazten du zein bidegabekeria larriren biktima den Junqueras. Bere eskubideak eta hari botoa eman ziotenenak urratu dituzte".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.