Jabier Muguruzak disko-liburu bat aurkeztu du zenbait euskal kantaren bertsioekin

Jabier Muguruza eta Bernardo Atxaga elkarlanean aritu dira 'Geltokiak izarretara' disko-liburu berrian.

2019ko azaroaren 12a
16:00
Entzun

Hamabost euskal kantaren bertsioak egin ditu Muguruzak Geltokiak izarretara disko-liburu berrian. 1980ko hamarkadatik 2000ko hamarkadara arte aukeratutako kantak izan ditu oinarri: “Gazte garaietan gehien hunkitu ninduten abestiak aukeratu ditut, oso zaila da zergatia azaltzea”, esan du Muguruzak gaur goizean Bilboko Kafe Antzokian egindako aurkezpenean. Mikel Azpiroz diskoaren musika zuzendariarekin batera eman du prentsaurrekoa.

Muguruzak hamaseigarren lana du bere diskografian, eta azaldu dute diskoa enkarguz egina dela. Hain zuzen, Barnasants Jaialdiaren 25. urteurrenaren harira, iraganeko euskal kantagintzaren errepasoa jasoko zuen disko bat egiteko eskatu zion Pere Camps jaialdiko zuzendariak. Eta horrela ekin zioten, 2018ko udan. Bi urteko prozesuaren ondoren disko “koherente” bat lortu dutela esan du Azpirozek.

Disko osoa amaituta zegoela, Muguruzaren anaia (Iñigo) hil zen. “Nire anaia diskoa bidali baino egun bat arinago hil zen, eta, azken momentuan, berari eskaintzea pentsatu nuen”, azaldu du musikariak. Eskaintza hori diskoaren lehenengo orrialdean irakur daiteke: “Iñigo Muguruza in memoriam. Paradisu zineman ikusiko gara, maitia”. Fermin eta Iñigo Muguruzaren Hemen izango bazina kanta ere aukeratu du anaia zaharrak disko-liburuan hamargarren kanta izateko.

Ordenarik gabeko alfabeto batean oinarrituta dago Atxagaren testua, eta diskoaren hamaseigarren atala ere bada. Alfabetoa Muguruzaren diskoarentzat izendatu du idazleak. "Eta Eme da Muguruza, Jabier", idatzi du libruan. Emearekin (M) hasten baita ordenarik gabeko alfabeto berezi hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.