Espainiako gobernuaren osaketa

Sanchezek eta Iglesiasek koalizio gobernua osatzeko aurreakordioa lortu dute

Hainbat hedabidek aurreratu dutenez, PSOEko eta Unidas Podemoseko buruak negoziatzen aritu dira astelehenaz geroztik, eta uztailean eten zituzten negoziazioei ekin diete berriz; oraingoan, betorik gabe. EAJk dagoeneko iragarri du babesa emango diola koalizioari.

Sanchez eta Iglesias, aurreakordioa sinatzeko ekitaldian. J. M. A. / EFE
Gorka Berasategi Otamendi - Ander Perez Zala
2019ko azaroaren 12a
22:12
Entzun

Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek hedabideen aurrean sinatu dute ofizialki akordioa, Espainiako Kongresuan. PSOEko eta Unidas Podemoseko (UP) buruek koalizio gobernu bat osatzeko aurreakordioa aurkeztu dute, Espainiako Gorteetarako bozak egin eta bi egunera. Espainiako hainbat hedabideren arabera, datozen ordu eta egunetan adostuko dute zein izango den gobernu osaketa zehatza.

Sanchezek onartu du akordioa lortzen ahalegindu zirela aurreko bozen ostean, baina ez zutela lortu. Hala ere, nabarmendu du aurreakordioa ona dela eta gobernu aurrerakoi bat bermatuko duela. "Gobernu berri hau erabat aurrerakoia izango da, Espainiak aurrera egitearen alde egingo duelako lan. Espainiarren arteko gorrotoak ez du tokirik izango". Lau urteko akordioa dela ere berretsi du Sanchezek, eta beste alderdi batzuei ere ateak zabalduko dizkietela legealdia osatu ahal izateko.

Dena den, dagoeneko aurreratu dute koalizioak aurrera egingo balu Pablo Iglesias izango litzatekeela gobernuko bigarren presidenteordea, eta Nadia Calviño litzateke presidenteordea. Iglesiasek azaldu duenez, gobernu aurrerakoi bat osatzea da haien helburua, eta, horretarako, alde batera utziko dituzte gaitzespenak, lurralde batasunaren alde. "Beste taldeen babesa bilatuko dugu datozen asteetan, bai inbestidura bermatzeko, bai gobernabidea ziurtatzeko".

Iturri horiek aurreratu dutenez, bi buruzagiek bilera egin zuten atzo arratsaldean, hauteskundeen ondorengo egunean, egoera politikoa desblokeatzen ahalegintzeko. Biek adostu zuten uztailean utzitako tokitik heltzea berriz negoziazioari. Sanchezen inbestidurarako bigarren bozketan egin aurreko 48 orduetan, akordioa ixteko bilera ugari egin zituzten bi indarrek, baina ez zuten akordiorik lortu.

Hauteskunde emaitzak argitu ondorengo lehen agerraldian, Iglesiasek mezu bat helarazi zion Sanchezi: "Uste dut okerrago egiten dela lo eskuin muturreko 50 diputatu baino gehiago izanda, UPko ministroak izanda baino". Espainiako jarduneko presidenteak hauteskunde gaueko agerraldian ez zuen argitu UPren babesa nahiko zuen ala PPren abstentzioa lortzen ahaleginduko zen, baina lehen aukeraren alde egin du azkenean, koalizio gobernu bat osatzeko aurreakordioa eginda. Honako hauek dira bi aldeek adostu dituzten neurrietako batzuk:

1. Ekonomiari dagokionez, hazkundea "egonkortzea" eta lanpostuak sortzea.

2. Ustelkeriaren aurka borrokatzea eta "birsortzearen" alde lan egitea. Horrekin batera, zerbitzu publikoak babestea, "batez ere hezkuntza, osasun publikoa eta mendekotasuna duten pertsonen arreta".

3. Klima larrialdiaren aurkako borroka, eta trantsizio ekologiko "justua" egitea.

4. Autonomoak, eta enpresa txikiak eta ertainak "indartzea".

5. "Pertsonen duintasunaren aitortzan sakontzeko eskubide berriak" onartzea. Tartean leudeke eutanasia arautzea eta Espainia "memoriaren eta duintasunaren" herrialdea izatea.

6. Kultura sustatzea, eta sektore horretako prekaritateari aurre egitea. Kirola sustatzea.

7. Politika feministak sustatzea: emakumeen segurtasuna, independentzia eta askatasuna bermatzea.

8. Jendegabetzeari aurre egitea: Espainia hustua deiturikoari babesa ematea.

9. Katalunian elkarbizitza bermatzea: "elkarrizketa" sustatzea, betiere "Konstituzioaren barruan".

10. Justizia fiskala eta aurrekontuen oreka.

Koalizio gobernurako ituna sinatuta ere, bi indarrek alderdi gehiagoren babes zuzena ala zeharkakoa beharko dute Sanchez presidente izendatzeko. Iglesias buru duen koalizioak aurreratu duenez, harremanetan jarriko dira Mariano Rajoy presidentearen aurkako zentsura mozioa babestu zuten alderdiekin. Bozketa horretan, Sanchez presidente izendatzearen alde bozkatu zuten PSOEk, UPk, Esquerra Republicanak (ERC), PDeCATek, EAJk, EH Bilduk, Compromisek eta Nueva Canariasek.

Igandeko hauteskundeen ostean, PSOEren presidentegaiaren alde bozkatu zuten alderdien baturak datorren inbestidura saiorako ere balioko luke, baina alderdi katalan independentisten botoa alda liteke, gaur emandako adierazpenak kontuan hartuz gero.

PSOEk 120 eserleku jaso zituen herenegungo bozetan, eta UPk, 35; hortaz, biak batuta 155era iristen dira, 176ko gehiengo osotik urrun. Lehen bozketan, Sanchez kopuru horretara iritsi beharko litzateke; hori egitea lortuko ez balu, bigarren bozketan gehiengo soila beharko luke: kontrako baino aldeko boto gehiago. Eta, kasu horretan, gainontzeko alderdi politikoen abstentzioak eta aldeko botoak negozia litzake: ERCk hamahiru eserleku izango ditu; Junts Per Catalunyak (JxC), zortzi; Ciudadanosek (C's), hamar; EAJk, zazpi; eta Iñigo Errejonen Mas Paisek, hiru.

Dena den, Jose Luis Abalos PSOEren Antolakuntza idazkariak atzo adierazi zuen Sanchezek UPren eta C's-en babesa bilatuko dutela inbestidura saiorako, eta ez duela Kataluniako alderdi independentisten botoa negoziatuko. Hortaz, berebiziko garrantzia izango du Albert Riveraren alderdi ohiak.

C's-en kontseilu orokorra bi aste barru elkartuko da, eta litekeena da bilera horretatik alderdiaren zuzendaritza berria ateratzea, eta, beraz, Sanchezen inbestidura saiorako jarrera ofiziala ere bai. Oraingoz, baina, PSOEren presidentegaiak ez du ziurtatua alderdi horren babesa, komunikatu baten bidez aurreakordioaren aurkako jarrera agertu baitu: "Ciudadanosek ezin du babestu Sanchezek eta Podemosek Espainiako Gobernuaren gidaritza izatea. Zorigaiztokoa da, eta espainiarren gehiengoaren interesen aurkakoa".

ERCren eta JxCren kritikak

ERCk uztaileko inbestidura saioan baino jarrera gogorragoa erakutsi du gaur, eta jakinarazi du mahai gainetik kendu duela iragan uztaileko inbestidura saiorako egin zuen proposamena, "baldintzarik gabeko" abstentzioarena: "Aritmetika aldatu egin da". ERCren zuzendaritzak, gainera, datorren abenduan egitekoak diren alderdiaren kongresurako proposamenak jakinarazi ditu gaur: erreferendum adostuaren alde egingo dute, baina aldebakarreko bidea baztertu gabe.

JxCri dagokionez, Albert Batet Kataluniako Parlamentuko alderdiaren presidentea oso kritiko agertu da aurreakordioarekin, Twitter sare sozialaren bidez: "Pablo Iglesiasen erruz, Pedro Sanchezek ezin zuen lasai lo egin, eta, orain, badirudi harekin lo egingo duela Moncloan".

Galiziako BNG indar nazionalistaren kasuan —Kongresura itzuli da, diputatu bakarrarekin—, inbestidura eta gobernabidea errazteko asmotan direla jakinarazi du Ana Ponton alderdiaren buruzagiak, baina baldintza bat jarri dio Sanchezi: "Galiziako agendarekin konpromiso argi bat" izan dezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.