Zinema

Zamorako espetxean preso egondako apaizak omenduko dituzte Durangoko Azokan

Oier Aranzabalek, David Pallares eta Ritxi Lizartzak zuzendutako 'Apaiz-kartzela' dokumentalaren irudi batzuk emango dituzte Irudienean, lehenengoz

Xabier Amuriza, Zamoran preso egon zen garaian. BERRIA
Berria
2019ko azaroaren 12a
14:16
Entzun

Abenduaren 7an, Zamorako espetxean preso egondako apaizak omenduko dituzte Irudienean, Durangoko 54. Azokan. Goizeko 12:30ean, Apaiz-kartzela dokumentala proiektatuko dute, eta espetxe horretan preso egon zirenak omenduko dituzte. Dokumentalaren zuzendariak Oier Aranzabal, David Pallares eta Ritxi Lizartza dira, eta lan horretan, Zamorako  apaiz-kartzelan egondako apaizen istorioa kontatu eta lekukotzak jasotzen dituzte.

Aranzabal eta Lizartzarekin batera, aurkezpenean Xabier Amurizak, Josu Naberanek eta Juan Mari Zulaikak parte hartuko dute. Hirurak egon ziren preso Zamorako kartzelan. Ekitaldirako sarrera doakoa izango da, gonbidapen bidez (abenduaren 5etik aurrera jaso ahal izango dira, Irudienean bertan). Emanaldia work in progress izendatu dute; hau da, filmaren irudiak ikusi ahal izango dira, baina ez da behin betiko bertsioa izango.

Zamorako espetxea 1968. urtean ireki zuten, frankismoari aurre egin zioten apaizak bertan sartzeko asmoz. Guztira 53 apaiz izan zituzten bertan, eta apaizentzat bereziki sortutako lehenengo espetxea bihurtu zen. 50 urte igaro dira kartzela ireki zutenetik, eta, bertan egondakoek hainbatetan salatu dutenez, oraindik ez dute Elizaren eta erakundeen barkamenik jaso.

Xabier Amurizak espetxe hartan kokatu zuen 'Neska bat leku inposiblean' bere azken nobelaren kontakizuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.