Merkataritza

PSOEk saltoki handien euskal legea baliogabetzeko mehatxua egin du

Iker Casanova legebiltzarkideak gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuela saltoki handien legea, eta «borondate demokratiko hori errespetatzeko» eskatu dio Madrili

Hondarribiko Zaldunbordako proiektuaren aurkako ikur bat. ASIER PEREZ DE KARKAMO
xabier martin
2019ko azaroaren 13a
12:02
Entzun

EH Bilduk gaur jakinarazi duenez, Pedro Sanchez buru duen jarduneko gobernuak mehatxu egin dio Jaurlaritzari, Auzitegi Konstituzionalera eramatearekin saltoki handiak irekitzea edota handitzea eragozten duen euskal legea. Estatuko administrazioaren eskumenak urratzen dituelakoan da Madril, eta adierazi du prest dagoela legea judizializatzeko. «Mehatxu» horren berri eman eta jendaurrean salatu du Iker Casanova legebiltzarkideak, «erabaki horrekin PSOEren Gobernua demokraziaren eta autogobernuaren kontra kokatzen baita».

Mehatxu horren ondorioz, Madrilgo eta Gasteizko gobernuek osatutako Aldebiko Batzordea irailean batzartu zen, Casanovak azaldu duenaren arabera, «eta, publiko egin gabe, aipatutako legearekin Madrilek dituen desadostasunak konpontzeko negoziazioak irekitzea erabaki zuen»; EH Bilduko legebiltzarkideak dio Jaurlaritzak EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuela, atzo, auzi horren erreferentzia. Hori dela eta, Casanovak «Jaurlaritzaren isiltasuna eta iluntasuna» kritikatu ditu, baita «euskal gizarteari informazio hori ezkutatzea» egotzi ere.

Zortzi artikulutatik sei

«Orain arte ez dugu ezer jakin horretaz, informazio hori ukatu zaigu. Beste batzuetan, hain garrantzitsuak ez diren kontuak publikoki salatzen ditu Jaurlaritzak, baina kasu honetan ez du hitzik esan. Aldebiko Batzordearen ebazpena Aldizkari Ofizialean argitaratu du, hori baino ez». Ebazpen horren arabera, PSOEren Gobernuak legearen sei artikuluren kontra jo du, «eta legeak guztira zortzi artikulu besterik ez dituela kontuan hartuta, bistakoa da erasoaren tamaina eta merkataritza txikiaren babesean izan dezakeen eragin zeharo kaltegarria», ohartarazi du Casanovak.

Madrilek ezbaian jarri duen legea Establezimendu Komertzial Handien Lurralde Antolamenduari buruzkoa da, eta bete-betean sartu da Hondarribiko Zaldunborda auzian. Eusko Legebiltzarrak iragan ekainean onartu zuen aho batez, PSEren botoak barne; beraz, «borondate demokratiko argi hori errespetatzeko» eskatu dio EH Bilduko legebiltzarkideak Espainiako Gobernuari. Halaber, Jaurlaritzari galdegin dio «baliabide guztiak erabil ditzan euskal erabakia eta demokrazia defendatzeko eta Legebiltzarraren gaitasun legegilea babesteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.