Estatuaren indarkeria

Sorturen ustez, inoiz baino sektore gehiagok nahi dute "haustura demokratikoa"

Manifestazio bat egingo dute azaroaren 20an, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenean

Brouard eta Muguruari iaz egindako omenaldia. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
gotzon hermosilla
2019ko azaroaren 13a
13:03
Entzun

Azaroaren 20an 35 urte beteko dira Santi Brouard hil zutenetik, eta 30 urte Josu Muguruza hil zutenetik. Sortuk uste du Espainiako Estatuak urte askoan erabili dituela tresna gisa "gerra zikina, tortura, legez kanporatzeak, hedabideen itxiera, dispertsioa, eskubide zibil eta politikoen murrizketa eta abar", ezker abertzaleak uko egin ziezaion "haustura demokratikoaren" aldeko hautuari.

Sorturen idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek esan duenez, trantsizioaren garaian ezker abertzalearen hautua "oso argia" izan zen: "Euskal Herriak benetako demokrazia, justizia, askatasuna eta bakea lortzeko, ezinbestekoa zen haustura demokratikoa egitea frankismoaren oinordekotzarekin".

Rodriguezen arabera, "errepresioak" ez du lortu ezker abertzalea desagerraraztea edo makurraraztea: "Euskal Herrian demokrazia aldarrikatzen duen proiektu independentista sendotu besterik ez da egin. Errepresioak ez gaitu geldiarazi. Independentistak hazi egin gara, eta hazten ari gara".

Are gehiago: Rodriguezen ustez, haustura demokratikoaren aldeko hautu hori "ezker abertzaleak bakar-bakarrik" sustatu zuen urte askoan, eta orain, aldiz, "Estatuko nazioetako indar politiko subiranista guztiek egiten dute bat haustura demokratikoaren tesiarekin"; Llotja de Marreko adierazpena aipatu du horren froga gisa.

"Ezker abertzalea gai izango da, beste sektore politiko eta sozial batzuekin batera elkarlanean, gure herria demokraziara, independentziara eta sozialismora eramateko", esan du Rodriguezek.

Sortuk Brouard eta Muguruza oroitzeko manifestazio bat egingo du azaroaren 20an, Bilboko Arriaga plazatik abiatuta, 19:00etan, "Oker zebiltzan, oker dabiltza, geldiezinak gara!" lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.