AEB-ak

Trumpen aurkako adierazpenekin hasi da 'impeachment' prozesuaren fase publikoa

AEBen Ukrainako enbaxadorearen arabera, Trumpek mehatxu egin zuen laguntza militarra izoztuko zuela baldin eta ikerketa bat hasten ez bazuten Joe Bidenen familiari buruz.

Kent eta Taylor AEBetako behe ganberan, atzoko saioan. JOSHUA ROBERTS / EFE
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 14a
11:31
Entzun

Atzo hasi zen Donald Trump AEBetako presidentearen aurkako ikerketa politikoaren fase publikoa, eta lehen deklarazioek gogor egin zuten haren jokabidearen aurka. AEBek Ukrainan zuten bitarteko enbaxadorea zen Bill Taylor, eta, haren arabera, presidenteak mehatxu egin zion Ukrainari, esanez ez ziola 363 milioi euroko diru laguntza militarra emango baldin eta hark ez bazuen ikerketa bat hasten Joe Bidenen politikari demokrataren familiari buruz. Impeachment prozesu hori epaiketa politiko bilakatu liteke frogatzen bada Trumpek gehiegikeriaz erabili zuela bere presidente boterea.

Xehetasunak eman zituen Taylorrek; besteak beste, uztailaren 26an Kieveko jatetxe batean izandako telefono dei batez jardun zuen. Azaldu zuenez, Trump eta Gordon Sondland Europako Batasuneko AEBen enbaxadorearen arteko dei batean, Trumpek «ikerketengatik» galdetu ziola entzun zuen Taylorren taldeko kide batek —David Holmesek—. Deia amaitzean, presidenteak Ukrainarekiko zuen iritziaz galdetu zion Holmesek Sondlandi, eta enbaxadoreak argi erantzun zion: Trumpi gehien axola zitzaiona Bideni buruzko ikerketa zen. Trumpen abokatu pertsonal Rudy Giuliani presio egiten ari zela ere aitortu zion.

Giulianik, berriz, CNN telebista kateari adierazi dio berak ez duela «ezer txarrik egin lanean», eta erantsi du Ukrainan egindakoak bere kontu pertsonalak direla eta Trumpek ez duela zerikusirik.

AEBetako behe ganberan deklaratu zuen beste lekukoa George Kent izan zen, Ukrainarekiko politikaren arduradun den estatuko idazkariorde bat. Oso kritiko agertu zen presidentearen jarrerarekin: «Ez dut uste AEBek politikarekin lotutako ikerketak egiteko eskatu behar dietenik beste herrialde batzuei; jokabide horiek gure herrialdeko zuzenbide estatua ahultzen dute». AEBetan legez kanpokoa da atzerriko eragileak erabiltzea hauteskundeetako lehian, eta Kentek azpimarratu zuen Trumpek «zikinkeria aurkitu» nahi zuela kanpainan erabili ahal izateko.

Buruzagi errepublikanoak helburua Ukrainako ustelkeriaren aurka egitea zela esan du azken hilabeteotan. Atzo, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin bildu zen, eta adierazpen gutxi egin zituen epaiketaren inguruan: «Txantxa bat dela entzun dut; ez dut ikusi. Gauza garrantzitsuagoak ditut egiteko».

Ukrainako negozioak

Biden demokrata AEBetako presidente ohia da, eta, gaur egun, datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetarako kanpaina egiten ari da. Trumpek haren seme Hunter Bidenek Ukrainako Burisma gas konpainiaren aholkulari gisa egindako lan batzuetako ustezko ustelkeria ikertzea nahi zuen, presio egiteko Ukrainak une horretan horren beharrezkoa zuen laguntza militarra baliatuz. Donbassko gatazkak eta Krimea Errusiari anexionatu izanak baldintzatu dute Ukrainaren egoera politikoa azken urteetan.

Impeachment prozesua argitara irten zen Trump eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen arteko telefono dei batek eragin zuen, joan den uztailaren 25ean. Etxe Zuriak berak argitaratutako transkripzioaren arabera, AEBetako buruzagiak honela esan zion: «Fiskal nagusiarekin egin dezakezun guztia bikain egongo da». Hori dela eta, azken hilabeteetan ikerketaren arduradun den batzordeak galdeketak egin dizkie hainbat lekukori; atzo hasi zuten fase berriak bihar jarraituko du, eta datorren astean ere egingo dira saioak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.