Albistea entzun

Literatura

Botak eta fusilak hizketan

Ryszard Kapuscinskiren Kristo fusilarekin euskaratu du Amaia Apalauzak. Palestina, Bolivia, Guatemala, Salvador, Haiti eta Mozambikeko gatazkak eta gerrillariak ageri dira duela mende erdiko kronika sortan. Katakrakek argitaratu du.

Amaia Apalauza, eskuetan 'Kristo fusilarekin' liburua duela.
Amaia Apalauza, eskuetan 'Kristo fusilarekin' liburua duela. Andoni Canellada / Foku

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko azaroak 14

Riszard Kapuscinski (1932-2007) kazetari poloniarra da, ziurrenik, joan den mendeko kazetari ezagunenetako bat. Kontinente guztietako gatazkak zuzenean jarraitu eta guztien inguruko kronika utzi zuelako, Gerra Hotza deitu izan zaion Mendebalde-Ekialde dikotomiaren eta borroka antikolonialen bitartez kontatutako garaietan. Geopolitika zale ez zirenak ere bere testuak irakurtzea lortu ohi zuelako, literaturagile askok nahiko luketen begirada eta kontaketarako dohaina lagun.

Kristo fusilarekin lana izan zen haren kronikagintza nazioartean ezagun egin zuten lanetako bat. 1975ean argitaratu zuen, joan den mendean Afrikan, arabiar herrialdeetan eta Latinoamerikan gertatu zen gerrilla loraldiaren erakusgarri. Prentsan argitaratuak zituen hamar kronika bildu zituen bertan, eta Carlos Alonso argentinar margolari iraultzailearen koadro baten izenburua hartu zuen, bilduma izendatzeko. Che Guevara hil eta denbora gutxira egin zuen Alonsok Kristo fusilarekin koadroa. Kristo bat ageri du, fusila sorbaldan, eta 1960-1970ko urteetan Latinoamerikan piztu ziren borroken sinbolo artistiko bihurtu zen. “Espiritu horri keinu egin nahi izan zion Kapuscinskik bere bildumari ere Kristo fusilarekin izenburua jartzean”, Amaia Apalauza itzultzailearen (Iruñea, 1979) esanetan. Liburua euskarara ekarri du, eta Katakrakekin argitaratu. Gaur goizean aurkeztu du, Donostian, Katakrakeko Hedoi Etxarte ondoan zuela.

“Gerrillariaren figurari eskaini zion Kapuscinskik liburu hau, gerrillari hori edonongoa izanik ere. Gerrillaria esanda, Latinoamerika etorri ohi zaigu burura guri, baina mundu guztian zehar ibili zen hura, eta harentzat berdin-berdin zen gerrillari Latinoamerikakoa, edo Ekialde Hurbilekoa, edo Afrikakoa", zehaztu du itzultzaileak. Horren adibidetzat dauka, hain zuzen ere, itzuli duen lana.

Hiru ertz

Kristo fusilarekin hiru ataletan dago banatuta. Munduko hiru ertz agertzen ditu, nahiago bada. Lehendabizikoan, Palestinako gatazkari buruzko lau kronika daude, “arabiarren ikuspegitik emanak beti”; Libanotik, Siriatik eta Jordaniatik. Bigarren atala liburuko luzeena da. Bolivia, Guatemala, El Salvador eta Haitiri buruzko testu bana daude bertan; eta Che Guevararen eta Salvador Allenderen ibilbideak alderatzen dituen testu bat. “1967an joan zen Kapuscinski Latinoamerikara. Che Guevararen figurarekin liluratuta geratu zen”.

Bigarren atal horretan jasota dagoen Guatemalari buruzko testua, Zergatik hil zuten Karl von Spreti, liburu beregain gisa argitaratua zuen Kapuscinskik, Kristo fusilarekin eman baino bost urte lehenago. “1970ean argitaratu zuen. Gero, testu hura laburtu, egokitu, eta Kristo Fusilarekin bildumara ekarri zuen”. 1970eko bertsioa berreskuratu dute, bada, euskarazko libururako; Sonia Kolaczeki esker. “Artur Domoslavski biografoak dio Gerra Hotzaren eta garai hartako Iparra-Hegoa harremanen parabola bat ere badela testu hori”. Kapuscinskiren ustez lausoa zelako munduari Gerra Hotzaren betaurrekoetatik begiratzea, Ekialdea-Mendebaldea edo Komunismoa-Kapitalismoa ardatzak erabiltzea. “Nahiago zituen Iparra-Hegoa, Aberatsak-Txiroak ardatzak, eta hori oso nabaria da liburu honetan”, itzultzailearen esanetan.

Afrika agertzen da, azkenik, liburuko hirugarren atalean, Mozambikeko independentzia gerraren hastapenak azaltzen dituen kronika ez oso luze batekin. “Domoslavskik dio Kapuscinskiren kosmobisioa ulertzeko lan gakoetako bat dela liburu hau, haren sentiberatasun soziala eta bestearenganako enpatia ikusteko. Gertutasun hori metodo bat da hark egiten duen lanean”, nabarmendu du Apalauzak.

Etxarte ados agertu da itzultzailearekin. Erantsi duenez, liburuko erreportaje guztietan ageri dela Kapuscinskik “kazetaritza literarioa” deitu ohi zuenaren ederra. “Hark ulertu zuen kazetaritzarik interesgarriena polifonikoa dela beti. Toki batera joan, jendeari entzun, eta jendeak esandakoa hartu, nahastu, eta beste era batera aurkeztea erabaki zuen”. Horrek eman zion Europa abandonatu eta munduan zehar aritzeko aukera. “Ekarpen asko egiten ditu liburuak. Gauzak esplikatzeko daukan patxada, bat”. Toki asko ezagutu eta tokiotan dauden argia, kolorea, usainak, hotsak, bizimoduak eta, batez ere, jendeak azaltzeko. Ezagunak batzuk, ezezagunak asko.

“Gertaerei buruzko literatura egin zuela esango nuke nik. Gertaera dago Kapuscinskiren lanaren atzean. Baina badu ukitu literarioa, zalantzarik gabe. Liburu honetan bada, esaterako, Kapuscinskiren beste lan batzuetan ere agertzen den motibo narratibo bat: botak edo oinetakoak. Askotan erabili zuen irudi hori, errealitatea kontatzeko”, erantzun dio Apalauzak.

Duela mende erdiko errealitatea eta egungoa ez dira erabat desberdinak, gainera, Etxarteren esanetan: “Geopolitikaren tamalez, gaurkotasun handiko gaiak dira hemen agertzen direnak”. Antzeko gogoeta egiten du Ane Irazabal nazioarteko berriemaileak liburuaren hitzaurrean, Kristo fusilarekin-ek Palestinako egungo egoera ulertzeko gako asko ematen dituela azpimarratuta. “Liburu hau eta beste hainbat argitaratu zituenean, Kapuscinskik esperantza jarria zuen deskolonizazio prozesuetan, baina ez zuten aukerarik eman hark espero zuen mundu berria lortzeko”, nabarmendu du Etxartek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

«Areto txikiak maite ditut; hor, bazara edo ez zara, eta ni banaiz»

«Areto txikiak maite ditut; hor, bazara edo ez zara, eta ni banaiz»

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Aitak oparitutako gitarrak jarri zuen Aurora Beltran musikaren bidean, duela 50 urte. Tahures Zurdos taldeak markatu du bide hori, nahiz eta musikariak bakarrik grabatu dituen bere azken diskoak. Tahures 2019an itzuli zen; Beltran ez da inoiz joan.

1 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

Artea hezkuntzari so

Aitor Biain

'Pentsatzeko leku bat. Arte eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian 1957-1979' erakusketa jarri du Artiumek. Ekainaren 5era arte egongo da zabalik
<em>Zura eta ura</em> egitasmoaren sortzaile eta sustatzaileak, Aquariumeko atzoko aurkezpen agerraldian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Itsas portuen erradiografia bat

Alex Uriarte Atxikallende

Argazkilaritza eta literatura uztartzen dituen 'Zura eta ura' egitasmoa aurkeztu dute Aquariumean
Langile bat Donostiako Trueba zinema aretoak desinfektatzen. ©GORKA RUBIO / FOKU

Kulturak 2021ean emandakoaren errepasoa dakar 'Jakin' berriak

Erredakzioa

Ismael Manterolak eta Ainhoa Urienek idatzi dituzte 247. zenbakiko artikulu nagusiak. Beste hainbat sinadura ere bildu dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.