Pilota

Ezkurdiak bigarren txapela irabazi du lau eta erdikoan

Altuna III.ari 22-16 irabazi dio Nafarroa Arenan, eta iazko txapelari beste bat gehitu dio Arbizuko pilotariak.

Joseba Ezkurdia bere lau eta erdiko bigarren txapela soinean duela
Joseba Ezkurdia bere lau eta erdiko bigarren txapela soinean duela Idoia Zabaleta/Foku

Aitor Manterola -

2019ko azaroak 17

Joseba Ezkurdiak iaz lortu zuena lortu du: Lau eta Erdiko Txapelketa irabaztea. Bigarrena du Arbizukoak, eta, horretarako, Jokin Altuna menderatu behar izan du Nafarroa Arenan. 

Partida gogorra izan da, talentua eta fisikoa uztartu dituena, eta biak ondoen Ezkurdiak lotu ditu. Pilotakada indartsuekin menderatu egin du gipuzkoarra, nahiz eta hasiera hobea eman dion Altuna III.ak. 0-3 aurreratu da Amezketakoa, baina gero 6-3 jarri da aurretik Ezkurdia. Gipuzkoarrak 7na berdintzea lortu du, eta 7-10 aurretik ere jarri da. Faboritoak finalari kolpea eman behar ziola ematen zuen, baina txapelduna, aurrera eginda, 11-10 jarri da goitik. Lau tantoren aldea ere lortu du (16-12), Altuna gainera ere etorri zaio (17-16), baina azken bost tantoak Ezkurdiak egin ditu. 

Tanto ederrak egin dituzte bi pilotariek, eta takatekoak eginez ibili dira. Baina ezin partida hautsi; besteak beste, opariak ere egin dituztelako, eta horrek eman die aukera biei partidan sartuta jarraitzeko, bestearen opariei esker iraun izan dute emaitza estuari lotuta. Tanto luzeak eta gogorrak jokatu dituzte, eta 307 pilotakada eman denera. Horretan hobeto aritu da Ezkurdia, eta Altunak baino osoago amaitu du partida. Mailuak pintzelari gaina hartu dio gaurko finalean. 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna