Joseba Ezkurdiak iaz lortu zuena lortu du: Lau eta Erdiko Txapelketa irabaztea. Bigarrena du Arbizukoak, eta, horretarako, Jokin Altuna menderatu behar izan du Nafarroa Arenan.
Partida gogorra izan da, talentua eta fisikoa uztartu dituena, eta biak ondoen Ezkurdiak lotu ditu. Pilotakada indartsuekin menderatu egin du gipuzkoarra, nahiz eta hasiera hobea eman dion Altuna III.ak. 0-3 aurreratu da Amezketakoa, baina gero 6-3 jarri da aurretik Ezkurdia. Gipuzkoarrak 7na berdintzea lortu du, eta 7-10 aurretik ere jarri da. Faboritoak finalari kolpea eman behar ziola ematen zuen, baina txapelduna, aurrera eginda, 11-10 jarri da goitik. Lau tantoren aldea ere lortu du (16-12), Altuna gainera ere etorri zaio (17-16), baina azken bost tantoak Ezkurdiak egin ditu.
Tanto ederrak egin dituzte bi pilotariek, eta takatekoak eginez ibili dira. Baina ezin partida hautsi; besteak beste, opariak ere egin dituztelako, eta horrek eman die aukera biei partidan sartuta jarraitzeko, bestearen opariei esker iraun izan dute emaitza estuari lotuta. Tanto luzeak eta gogorrak jokatu dituzte, eta 307 pilotakada eman denera. Horretan hobeto aritu da Ezkurdia, eta Altunak baino osoago amaitu du partida. Mailuak pintzelari gaina hartu dio gaurko finalean.