Literatura

Brouarden kontsultan

Santi Brouarden bizitza ardatz duen komikia kaleratu dute Harkaitz Cano idazleak eta Adur Larrea marrazkilariak: ‘Antzara eguna’. Politikariaren alderik intimoena eta pertsonalena erakusten du lanak.

jarraia173960.jpg
Inigo Astiz
2019ko azaroaren 20a
10:39
Entzun

Tabako keak erabat lainotutako gelan, gradualki afaloste bilakatu arte joan da lau lagunen bilkura luzatuz: Maurice Ravel ziburutarraren boleroa proposatu du batek etortzekoa den euskal estatuaren ereserkitzat; Ruben Blades abeslariaren Noe izeneko abesti kitsch-a proposatu du beste batek bromati, eta asanbleak erabakiko duela adostu dute, Europako Batasunak kezkatzen ditu, artearen egitekoaz mintzo da beste bat, Ronald Reagan eta Margaret Thatcher kontserbadoreen goraldia darabilte, ardura azaldu du haietako batek Komando Autonomoek Enrique Casas senataria hiltzeak izango dituen ondorioei buruz, Svetlana Savitskaja kosmonautaren espazioko paseoak liluratzen ditu... Oraindik pintatzeko dirudi munduak haien ahotan. Santi Brouard da lau lagun horietako bat: pediatra, HASI alderdiko lehendakari, HBko mahai nazionaleko kide, Bilboko alkateorde eta parlamentaria. Egun batzuk baino ez zaizkio gelditzen bizirik, harik eta, 1984ko azaroaren 20an, Espainiako Gobernuak jarritako diruarekin, Luis Morcillo eta Rafael Sanchez Ocaña sikarioek bere kontsultan tiroz hilko duten arte. Ezaguna da kasua, baina, hilketaren nondik norakoez harago, Brouarden alderik intimoena eta pertsonalena ere erakutsi nahi izan dute Harkaitz Cano idazleak eta Adur Larrea marrazkigileak Antzara eguna komikian (Txalaparta). Eta horregatik, adibidez, bilkura kaotiko horren erretratua. Atzo aurkeztu zuten lana, Bilboko La Bolsa eraikinean.

«Ez nuen nahi thriller hutsa izan zedin», onartu du Canok. Berez, telebistarako film bat egitea zen hasierako asmoa. Horretarako enkargua egin zion ekoizle batek, eta martxan jarri zen idazlea: elkarrizketatu zituen mediku eta politikariaren gertukoak, arakatu zituen orduko egunkarien hemerotekak, ikusi zituen dokumentalak, eta, gidoia prest zeukanean, atzera bota zuten. «Hemen ez dago pelikularik». Egindako lana komiki bilaka zezakeen galdetu zion orduan Canok, eta hala heldu zen Adur proiektura.

Elkarrekin egin dute telebistatik papererako moldaketa lana. «Komikietarako asko sintetizatu behar da istorioa», azaldu du marrazkilariak, «eta hori izan da lanik gehien eman diguna».

Fikzioaren eta errealitatearen artean

Hiltzaileak Brouardi jarraitzen hasten direnetik hiltzen duten egunera artekoak kontatzen ditu komikiaren istorio nagusiak, baina politikariaren nortasunaren eta egunerokoaren berri ematen duten bestelako kontakizunak ere txertatu dituzte Canok eta Adurrek komikian. Ematen dute haren jarduera politikoaren berri, azaltzen dute haren pediatra lana, badago haren familia giroaren erretratua, eta Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borroken lekukotza ere uzten dute. Horiek, besteak beste.

Benetako gertakariak daude kontatzen duten guztiaren oinarrian, baina fikzio bidez lotu dituzte hariak gero.

Brouardek erabili ohi zuen agenda baliatu du Canok idazketa prozesuan mundu batetik bestera jauzika ibili ahal izateko talisman modura. «Haren lagun batek utzi zidan larruzko tapa duen agenda hori, eta alboan izan nuen gidoia idazten nuen bitartean». Telefono zenbakiez gainera, enkargu txikiei buruzko oharrak ere bazeuden, eta, tartean, baita politikariak makinara pasatutako poemak eta aforismoak ere. «Fetitxe hori eduki nuen, eta komikian agertzen den fikzioa fetitxe horretan oinarrituta dago». Agendan Maurice Ravelen zita bat agertzen zen, adibidez, eta horri tiraka sortu zuen Canok euskal estatuaren ereserkiari buruzko fikziozko solasaldia. Eta, agendan Eva Forest idazlearen telefonoa agertzen zenez, komikian Brouarden eta haren arteko solasaldi bat sortzeko baliatu du detaile hori idazleak.

Garaiaren zama

Karikaturatik urrun dabiltza hiltzaileak ere. Txarrantxan harrapatuta gelditu den txakur bat erreskatatzeko lanak hartzen ditu sikarioetako batek, esaterako, eta beste bat maldizioka hasten da maletan gordeta daramatzan alkandora, pistola eta bestelakoen artean orrazia topatzen ez duenean.  «Inoiz ez dakizu nolakoak diren, baina instrumentalizazio kriminal hutsetik haraindi doan pertsonaia mota bat nahi nuen», azaldu du Canok.

Garbia da Adurren marrazkera lanean, eta, zuriaz eta beltzaz gainera, Brouard bizi zen garaiko komikietan erabili ohi zen trama puntudun bat ere baliatu du marrazkilariak. Izan ere, garaiak zama du komikian. 80ko eta 90eko hamarkadako elementuak ikertu ditu Adurrek, esaterako, eta, garai hartako eraikinak eta autoak irudikatzeaz gain, orduko pintaketak ere berreskuratu ditu horretarako.  «Joera dut horrelako lanetan arkeologia lan pixka bat egiteko eta garaian garaiko iruditeria erabiltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.