Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

'Obsesio' hitza hiztegitik aterata

Duela lau urteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean buruz burukoan aritu ziren Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin, Illunben, eta Gaztelumendik egin zuen, azkenean, etxerako bidea txapela jantzita. Bertsozale gehienen begietara, aurten ere finalean sartzeko eta txapela janzteko lehian aritzeko hautagai argiak dira biak. Laugarren finala jarraian luke Gaztelumendik, eta hirugarrena jarraian Martinek.

Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin bertsolariak. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
unai zubeldia
2019ko azaroaren 22a
09:58
Entzun

Buruz burukoa daukate elkarrizketa amaitzearekin batera. Astelehena da, eta Beñat Gaztelumendi (Añorga, Donostia, 1987) eta Alaia Martin (Oiartzun, 1987) Añorgara doaz entrenatzera. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako bigarren saioan ariko dira biak etzi, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian (17:00), eta "gorputzaldi ona aurkitu nahian" dabiltza azken egunotan.

"Duela lau urte finalean arituta, aurten gainerakoak baino geroago hasi gara kantuan, eta hori izan da zailtasunetako bat", azaldu du egungo txapeldunak. "Horrelakoetan lehen saioa izaten da delikatuena, gainerakoak trote batekin iristen direlako jada, eta hotz-hotzean lur hartzen delako beti, txapelketaren testuinguruan nola zauden oso ondo jakin gabe". Azkoitiko final-laurdenetako saioarekin "nahiko gustura" gelditu zen Gaztelumendi. "Eta lasaitu egin ninduen horrek, gauza batzuetan estutu beharra neukala ikusi nuen arren. Oso gogotsu nago iganderako".

Martinek aitortu du saioaren aurreko egunetan "urduri samar" jartzen dela normalean. "Pixka bat gehiago kostatzen zait eguneroko martxa horretan zentratzea. Baina dagoeneko oso urrun ikusten dut final-laurdenetako saioa, eta ilusioz nago". Final-laurdenetako Azpeitiko saioan, animikoki, "momentu desberdinak" bizi izan zituela azaldu du oiartzuarrak. "Baina ondo pasatu nuen, eta txapelketan gutxitan gertatu izan zait hori. Ondo pasatze hori galdu gabe, askatasuna mantenduz, baina kontzentrazio handiagoarekin aritu nahiko nuke finalaurrekoetan, boligrafo punta batzuk guri begira daudela gogoan edukiz".

Finalaurreko "teknikoak"

Hamarreko handia, zortziko txikia, sei puntuko motza, puntukako saioa eta kartzela. Begiratu batera, irrist egiteko arrisku dezente dago finalaurrekoetako saioan. "Baina begiradaren araberakoa da hori", erantzun du Martinek. "Irristatzeko arriskua baldin badago, luzitzekoa, argi egitekoa edo irristada horretan pauso artistiko bat ematekoa ere egongo da. Oso saio entretenitua dela uste dut, arreta handia eskatzen duena, tekniko samarra". Gaztelumendik ere ez du uste irrist egiteko arriskurik dagoenik. "Baina horrelakoetan zaila izaten da erritmoa hartzea; konturatu gabe, saioa amaitzeko arriskua egoten da, onerako eta txarrerako".

Gaiei dagokienez, zuzentasun politikotik pixka bat apartekoak izan ziren finalaurrekoetako lehen saioko gaietako batzuk, haurrak etorkinen seme-alabak gehiengoa diren eskola publikotik itunpekora eraman dituzten gurasoen rolean jarri zituztenekoa, esaterako. "Hamarreko handiak berezkoa duen elkarrizketarako zailtasun hori are gehiago zaildu dezakete horrelako gaiek, ez delako erraza posizio inpopular eta desados zauden batetik abiatuta elkarrizketa sortzea ondoko beste inpopularrarekin". Baina, neurri berean, "kontraesanei buruz kantatzeko bide" ere izan daitekeela uste du oiartzuarrak. "Alde horretatik, erronka polita da".

Agin Laburu nagusitu zen joan den astean, finalaurrekoetako lehen saioan, 501 punturekin, eta Nerea Elustondo izan zen bigarren, 467 punturekin; 2015ean, 481 punturekin sartu zen finalean Arkaitz Oiartzabal Xamoa, zortzigarren postuan; lau urte lehenago, 479,5ekin, Jon Martin… Puntuak, puntuak eta puntuak. Baina bertsolariak lortzen al du puntuen joko horri ihes egitea? "Kontua da hori ez dagoela norberaren esku", hasi du azalpena Gaztelumendik. "Oholtzatik ezinezkoa da zeure burua puntuen eskala horretan kontrolatzea. Ni, gainera, oso txarra naiz neure buruari puntuak jartzeko ariketa horretan. Asko kostatzen zait saioari tenperatura hartzen, saioa osotasunean aztertzen".

Egungo txapeldunak ez du uste, gainera, ona denik norberak bere buruari puntuazio zehatz bat markatzea. "Garrantzitsuagoa da pentsatzea gaizki hasiz gero saioa luzea dela eta egoerari buelta emateko denbora dagoela, eta, aitzitik, ondo ari bazara, bakarkakora, oraindik, borrokarako gogoz joatea, zuk ustez ondo egin duzun hori ez dakizulako benetan hain ondo egin duzun edo ez".

Gaur egungo errealitatetik 2015eko argazkiari begira hasiko dira asko, eta Gaztelumendi eta Martin agertuko dira argazki haietako askotan. Presiorik sentitzen al da horrelakoetan? "Nire kasuan, presioa kentzeko modua izan da duela lau urte txapeldun izatea. Orain jokoan dagoena ez da duela lau urteko txapel hura. Etxean dago txapel hura, eta beste gauza bat da hau. Duela lau urte egin ezin izan nituen beste gauza batzuk egiteko gogoa daukat, eta orain arte patxada horrekin aritu naiz txapelketan". Urteen poderioz ikasi du, gainera, bertsolaritza ez dela ez hasten eta ez bukatzen txapelketa bateko saio jakin batean. "Lehenengo txapelketan, agian, bai; nire bertso ibilbidea egun horretan jokoan zegoela sentitu nuen orduan, baina bestelako patxada bat daukagu orain".

Presiotik konfiantzara

Duela lau urte inork nahi izaten ez duen postuan amaitu bazuen ere, Martini txapela ez zaio bihurtu obsesio. "Nik dakidala ez, behintzat", aipatu du, barrez. "Baina sentitu izan dut presioa, bai. Ez dakit sentitu egin dudan edo sentiarazi egin didaten, baina gauzak nahi bezala atera ezean nire dezepzio propioa bakarrik ez, ingurukoen begietan ere kezka hori jasoko nuen sentsazioa eduki izan dut sarritan". Oiartzuarrak aitortu du berarengan ezer askorik espero ez denean "askoz produktiboagoa" izaten dela berarengan asko espero denean baino. "Baina, pixkanaka, gero eta umore hobearekin kudeatzen ari naiz presio gisa izendatzen den hori. Presioa konfiantza gisa baliatzen ikasten ari naiz, nire buruari maitasun pixka bat ematen".

Presioaz hizketan hasita, Oiartzunen da etziko saioa, Martinen jaioterrian. "Euskal Herriko Txapelketan ere kantatuta nago Oiartzunen. Seinale ona da hala egokitu izana, final-laurdenetatik aurrera egin dudala esan nahi baitu". Kezka handirik ez dio sortu etxean aritzeak. "Baina saiora iristearen buruko eskema hori faltan sumatuko dut, agian, eta inguruko herriren batera joango naiz, akaso, bazkaltzera edo kafea hartzera, etxetik etxera ez joateko". "Esperientzia polita" izango dela uste du, dena den: "Inguruan bertsozale ez diren lagun askorentzat aitzakia polita izango da saioa entzutera etortzeko".

Gaztelumendi 20 urterekin iritsi zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen finalera, 2007an —txapeldunorde izan zen, Aitor Mendiluzeren atzetik—, eta Martin 23 urterekin aritu zen lehen finalean, 2011n —hirugarren amaitu zuen—. 2003an, 26,2 urtekoa zen zortzi finalisten batez besteko adina; 2007an, 29,5ekoa zen batezbestekoa; 2011n, 30,1ekoa; 2015ean 31,9koa; eta 2019an 34 urte dauzka oraingoz finalean ariko den bertsolari bakarrak: Agin Laburuk. 2015eko buruz burukoan aritu ziren bi bertsolariak oholtzan direla, eurekin batera ari da zahartzen finala. Gaztelumendik ez du uste, hala ere, zahartze hori belaunaldi aldaketarik ezaren kontua denik. "Ni Mendiluze eta [Aitor] Sarriegirekin aritu nintzen aurreko bi buruz burukoetan, eta duela lau urte jabetu nintzen belaunaldi bereko bi bertsolari ari ginela buruz burukoan, Alaia eta biok. ‘Aldaketa bat gauzatu da’ esan nion neure buruari. Final haren ondoren bestelako ardura bat sentitzen dugula uste dut".

Euren aurreko belaunaldiak bertsolaritzari "izugarrizko ekarpena" egin diola uste du Gaztelumendik. "Aurretik inoiz egon ez den lekuetara eraman dute bertsoa. Txapelketan badirudi belaunaldi batek aurrekoa gainditu beharra daukala, baina, ekonomikoki gure gurasoak gaindituko ez ditugun bezala, uste dut ezin dugula pentsatu gure belaunaldiak aurrekoa gaindituko duenik; beste gauza batzuk egitea dagokigu guri; ez dugu itsutu behar belaunaldi aldaketarekin".

Martin ados dago bertsokidearekin. "Oso belaunaldi sendoa, eraldatzailea eta berezia izan dugu aurretik, eta horrek iraun egin du". Onartu du, "agian", motelago ibili dela "pixkanaka ahalduntzen, plazaratzen eta txapelketan tenple bat hartzen" joan den belaunaldia. "Baina oreka kontua da dena, eta ez daukat inolako kezkarik datozen belaunaldiekiko. Badatoz, oso modu interesgarrian eta gogoz etorri ere".

Hori bai, Gaztelumendi eta Martinekin batera, Amaia Iturriotz (1993), Ane Labaka (1992) eta Asier Azpiroz (1991) ariko dira kantuan etzi Oiartzunen —baita Iñigo Mantzizidor Mantxi ere (1977)—. "Eta bertsolari zoragarri berri asko gelditu dira atzean. Ahotsez eta belaunaldiz desberdina izango da finala". Gaztelumendik gaineratu du garai batean txapelketari helburu bezala jartzen zitzaiola bertsolari gazte batek edo bik plazarako pausoa ematea. "Baina uste dut gero eta zailagoa dela hori, oso jendetsua delako gure belaunaldia, eta inoiz finalean sartu ez den bertsolari on asko dagoelako bai gure belaunaldian eta baita aurrekoan ere. Asko estutu da inbutua, eta txapelketari ez zaio eskatu behar lau urtetik behin sorpresak emateko".

Genero kontuei dagokienez, aurten, final-zortzirenetatik finalaurrekoetara bidean, lau saio izan dira emakumezkorik gabeak, eta sei bertsolarietatik bakarra izan da emakumezkoa beste bost saiotan —hala gertatuko da finalaurrekoetako azken saioan ere, Tolosan—. Aldiz, seitik lau emakumezkoak izan ziren Azpeitiko final-laurdenetako saioan (Alaia Martin, Oihana Iguaran, Nerea Elustondo eta Amaia Iturriotz), hiru izan ziren Azkoitian (Ane Labaka, Maialen Akizu eta Ane Zuazubiskar), eta beste hainbeste izango dira Oiartzungo finalaurrekoan (Alaia Martin, Ane Labaka eta Amaia Iturriotz). "Gizonezkoei eta emakumezkoei oso gauza ezberdinak eskatzen zaizkie plazara ateratzeko; ez dut uste exijentzia maila berdina denik", azaldu du Gaztelumendik. "Gizonezko asko lasai ederrean igo gara oholtzara hainbat formatutan, eta emakumezkoen kasuan zailagoa da pausoa ematea. Lanketa handia daukagu egiteko".

Txapelketak "desgastea" eragiten duela aitortu dute biek, eta, alde horretatik, bertsolariak zenbateko iraupena dauka txapelketan? Gaztelumendik datuak jarri ditu mahai gainean: "Eliteko kirolarien parekoa da biziraupena. 40 urtetik gorako batzuk badaude, baina 45 urtetik gorakoak ez hainbeste". Hori bai, bi bertsolariak, oraindik ere, "ilusioz gainezka" daude txapelketen zurrunbiloan jarraitzeko. "Orokorrean, izugarrizko egurra ematen dute txapelketek", onartu du Martinek. "Baina niri, bertsotarako genero gisa, izugarri gustatzen zait txapelketa", azpimarratu du Gaztelumendik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.