Euskal Presoak

Zigor Garro eskumuturreko elektronikoarekin aske uztea onartu du Parisek

Fiskalak 24 orduan helegiterik jartzen ez badu, azaroaren 28an aterako da euskal presoa. Lehen aldia litzateke Hegoaldeko euskal preso batek baldintzapeko askatasuna lortzen duena Frantzian.

Zigor Garro oraindik preso zegoela bere ama zenari eginiko omenaldian, Urruñan, iazko otsailean. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko azaroaren 22a
16:06
Entzun

Zigorrak Ezartzeko Parisko Dei Auzitegiak onartu du Zigor Garro euskal presoak eskumuturreko elektronikoarekin bukatzea zigorra. Urriaren 23an egin zuten auzi saioa, eta, ohi ez bezala, prokuradorea ez zen agertu presoa askatzearen kontra. Hala ere, helegitea jar dezake 24 orduko epean; orduan, Garro ez litzateke aterako kartzelatik. Bestela ere, fiskalak hamar eguneko epea dauka helegitea aurkezteko, baina, kasu horretan, presoa kalera ateratzen ahalko da. Maritxu Paulus Basurko abokatuak esan du «fiskalak logikoki jokatzen badu» presoak kondena eskumuturrekoarekin bukatzen ahalko duela, kanpoan. Hala ere, ohartarazi du «kontuz» jokatu behar dela helegite epeak pasatu bitartean.

Azken hilabeteetan, behin baino gehiagotan eman diote presondegitik ateratzeko baimena Errenteriako (Gipuzkoa) presoari: iazko otsailean, amaren ehorzketan izan zen, Zokoan (Lapurdi), eta, geroztik, lanari lotutako hitzorduak izan ditu, aurtengo udan eta ikasturte hasieran. 2020ko udaberrian du kondenaren amaiera ofiziala. Mont-de-Marsanen (Okzitania) dago preso iazko otsailetik.

2006an atzeman zuten Garro, Quezac herrian (Lozere, Frantzia), ETArekin lotuta; 2014an, hamazazpi urteko presondegi zigorrera kondenatu zuten. Epaiketaren hasieran, «militante politikotzat» jo zuten beren burua, eta Frantziako Estatuaren eta Espainiakoaren jarrera kritikatzeaz batera, ETAren indarkeriak «biktima errugabeei» eragindako mina aitortu zuten.

Hegoaldeko euskal preso baten lehen kasua

Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren ebazpen baten ondorioz —duela bi hilabete eta erdi jakin zen—, Frantziako Estatuko espetxeetan diren Hego Euskal Herriko presoak ere hasi dira baldintzapeko askatasuna eskatzen. Garrok ez ezik, Alaitz Areitiok ere eskatu zuen orain aste batzuk. Zigor Merodiok ere galdegin zuen, baina aske geratu zen gero, zigorra beteta. Garroz eta Areitioz gain, Hegoaldeko beste hamar preso bide bera jorratzeko moduan dira, bakoitza bere garaian, eta batzuk hasi dira horretan. Beste 21ek badute eragozpen bat: Madrilen estradizio edo euroagindu eskaerak direla eta, haiek Espainiaratzea onartzea.

Kontseilu Konstituzionalak Frantziako Konstituzioaren kontrakotzat jo zuen «terrorismo» aferetan zigortuak dauden «atzerriko nazionalitateko» kideek Parisi ezin eskatu ahal izatea baldintzapeko askatasuna —2016tik zigor prozedurako lege artikulu berri batek eskaera horiek egiteko baldintzak zorroztu zituen, eta Frantziako lurraldean egoteko debekua jasoa zuten atzerriko presoei eskaera egitea eragotzi zien—. Kontseilu Konstituzionalak ebatzi zuen proportzionaltasun printzipioa urratzen zela, eta gobernuari agindu zion legea erreformatu edo zuzendu dezala, beranduenez datorren urteko uztailaren 1erako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.