Pentsioak

Urtarrilaren 30ean izango da greba orokorra

"Pentsio eta bizitza duinen aldekoa" izango da lanuztea, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak antolatu du.

Eskubide Sozialen Gutuneko kideen gaurko agerraldia. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 26a
07:39
Entzun

Euskal Herriko Eskubide Sozialen gutunak urtarrilaren 30erako deitu langileak grebara. “Pentsio eta bizitza duinen aldekoa” izango da greba, eta pentsiodunek azken bi urteetan egindako mobilizazioekin lotu dute sindikatuek eta beste talde deitzaileek. Beste talde batzuek ere bat egin dute gutunaren deiarekin: CNTk, Ikasle Sindikatuak, Ikasle Ekintzak, Eraginek eta Ernaik.

Bilbon egindako agerraldi batean, gutuneko kideek aldarrikatu dute "aberastasunaren bidezko banaketa, pentsioen sistema publikoaren defentsa eta eskubide sozialen aitortza" ez direla promesekin lortuko: "Ekintzak beharrezkoak dira pentsioen, eskubide sozialen eta soldaten bitartez bizi baldintza duinak bermatzea nahi badugu".

Eskaera zehatzak egin dituzte. Pentsioei dagokienez, pentsioak urtero automatikoki gutxienez KPI bezainbeste igotzeko eskatu dute, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, eta berrogei urtez kotizatu dutenek aldez aurretik erretiroa hartu ahal izatea pentsioan inolako zigorrik izan gabe.

Lan merkatuari dagokionez, 2010. eta 2012. urteetako lan erreformak bertan behera uzteko eskatu dute, gutxieneko soldata 1.200 eurora igotzeko, eta genero arrakala desagertzeko soldatetan. Gainera, nahi dute bermatutako errenta (Nafarroan) eta diru sarrerak bermatzeko errenta (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan) gutxieneko soldataren parekoa izatea.

Beste talde batzuek ere bat egin dute gutunaren deiarekin. CNTk, Ikasle Sindikatuak, Ikasle Ekintzak, Eraginek eta Ernaik dagoeneko babesa adierazi diote grebari, eta gaur jakinarazi dute hauek ere batu direla: Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, mugimendu feminista (ehun eragile baino gehiago biltzen dituena) eta Harro Euskal Herriko LGTBI plataforma, Etxeko Langileen Elkartea, PAH Bizkaia-Kaleratzerik ez, Argitan eta bazterketa sozialaren kontra eta eskubide sozialen aldeko Berri Otxoak plataforma, eta halako mugimendu sozialak, Iskanbila,... Atxikimendu bilketa oraindik zabalik dago.

Borroken batura

Eskubide Sozialen Gutunak urrian jakinarazi zuen greba antolatu nahi zuela, baina ez zuen data zehaztu, aurretik beste eragile batzuekin hitz egin behar zuelako.

Orduko hartan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak nabarmendu zuen pentsiodunen mugimendutik sortutako ekinaldi bat izan zela, eta eragile sozialekin eta sindikalen laguntza nahi zutela beren borroka hedatzeko. “Egungo egoera ikusita, erantzunak eta alternatibak hainbat sektoretatik bideratu dira; pentsiodunetatik, feminismotik, ekologismotik eta lan baldintzen aldeko borroketatik. Greba horiek guztiak gure grebak dira; denekin bat egiten dugu». Beraz, urtarrileko grebaren helburua da borroka horiek guztiak batzea.

Lakuntzaren arabera, grebak balio behar die sindikatuen kezkak eta aldarrikapenak “agenda politikoan kokatzeko”, eta “ikusgarritasuna izateko”. Baina ez hori bakarrik: esan zuen eragile sozialen eta sindikalen ardura jendea antolatzea eta kontzientzia piztea dela. «Grebak hori lortzen laguntzen digu, kontziente baikara nola lortu diren orain dauzkagun eskubideetako asko».

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak oso ilun marraztu zuen egungo testuingurua: «Prekaritatearen hedapena ikusten ari gara soldatetan eta lan baldintzetan; ez da garatu babes sare egokirik, eta ez zaio babesik ematen behar gehien duen jendeari. Bizitzaren alderdi guztietara hedatzen ari da prekarizazioa, eta desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira».

Gutunak «bizitza erdigunean jarriko duen eredu bat» bultzatu nahi du mobilizazio horrekin, «zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna» emango diona. Eredu horren ardatzak izango liratekeenak ere zerrendatu dituzte: aberastasunaren banaketa, sektore publikoaren lidergoa eta eskubideen unibertsaltasuna.

Kritika gobernuei

Aranburuk kritika egin zien Hego Euskal Herriko bi gobernuei, haren iritziz ez direlako gai izan kontrako norabidean doazen Espainiako Gobernuaren neurrien bestelako politikak hartzeko. «Jaurlaritzak aurkeztu berri duen aurrekontu proiektuan diote ez direla zuzenduko orain arteko politika neoliberalak; orain arte bezala, gehiengo sozial bati bizkarra ematen segituko du Urkullu lehendakariak». Baina gogora ekarri zuen euskal gizartean pentsiodunak, langileak, emakumeak eta gazteak mobilizatzen ari direla, «nahiz eta prekaritatearen hedapenaren helburua jendea desaktibatzea den». Horregatik, esan zuen greba egiteko beharra nabarmenagoa dela.

Grebaren aurretik, hainbat mobilizazio egin dituzte pentsiodunek eta Gutuneko kideek. Azaroaren 16an, pentsiodunek manifestazio jendetsuak egin zituzten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

CCOOren kritikak

Sindikatu guztiek ez dute bat egin grebarekin. Kanpoan geratu da CCOO, eta kritiko agertu da grebara deitu duten pentsiodunen elkarteekin ere. “Pentsiodunen mugimenduak erabaki bat hartu behar du: ea aurrerantzean ere euskal gizartea ordezkatuko duen eragile bat izango den, ala sindikatu abertzalearen eta baztertzaileen makulu sozial bihurtuko den”. Pluraltasunari eutsiz gero, pentsiodunen mugimenduari babesa eskaini zion Loli Garcia Euskadiko CCOOk idazkari nagusiak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.